Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Andatza
Andatza | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Andatza, Txokoalde, Usurbil, Lartzandieta, San Esteban, Txurrigilleta |
Distantzia | 9,4 km. 3 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Juanasoro edo Andatzako gurutzea tontorretik gertu dago, Txurrigilletako mendi bizkarrean kokatuta. |
Abiapuntua | Txokoalde (Usurbil) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Juanasoro edo Andatzako gurutzea tontorretik gertu dago, Txurrigilletako mendi bizkarrean kokaturik. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Ibilaldi honetan, Usurbilgo (Gipuzkoa) Txokoalde auzotik abiatu, eta bertara itzuliko gara, Andatza mendian ibilbide zirkular bat eginez. Ibilbidea ez dago balizatuta, eta zenbait tartetan zalantzak sortzen dira norabide egokia aukeratzerako orduan. Beraz, egokia litzateke GPSaren laguntza izatea, xenda, pista eta bide asko gurutzatzen baitira, eta ingurua ondo ezagutzen ez duenari zaila gertatuko baitzaio bide zuzena aukeratzea.
Oria ibaia gainditzeko zubia pasatu, eta trenbidea baino lehenago dagoen aparkalekutik abiatuko gara. Auzoan murgildu eta berehala, pilotalekuaren atzetik pasatzen den porlanezko bidetik igotzen hasiko gara. Kilometro eskas beteko dugu, eta Lartzandieta baserri bikainaren ondora iritsiko gara. Puntu horretan, porlana amaituko da, eta, lurrezko pistara atera, eta berehala ohartuko gara gasaren trazatuaren gainetik goazela. Horren paralelo, bide zaharraren arrastoak ikusiko ditugu, baina, tarte batzuetan zikin samarra dagoenez, gasaren bide zabaletik jarraituko dugu igotzen. Aldapa amaitzean, gasarena utzi, eta, ezkerretik, ote artean zabaltzen den bidea hartuko dugu, harrizko pista zabalera ateratzeko.
Pistatik eroso segituko dugu, Armiarmategi bidearekin bat egin arte. Bidegurutze honetan, pista zabalak utzi eta aurrez aurre, basoan murgiltzen den xendan barrena igotzen hasiko gara berriro, lurrezko pistaraino ailegatu arte. Ezker-eskuineko pista utzi, eta aurrez aurre dagoena aukeratuko dugu; gorantz jarraituko dugu. Laster, beste bidegurutze batekin egingo dugu topo, eta, ezkerrerantz doan pista lagata, hasieran belar artean ikusgaitz den xenda aukeratu, eta azken aldapari ekingo diogu. Azken tartean pinudi txiki batean sartuko gara, eta bertatik ateratzen ikusi ahal izango dugu Andatzako tontorra. Lursail soil bat zeharkatu eta berehala helduko gara buzoira eta aterpe txikira, baita antena txiki batera ere. Tontorra bada ere, ez dugu bertatik inolako ikuspegirik, koniferoek ia erabat inguratzen dute eta.
Porlanezko gurutzea
[aldatu]Itzultzeko, Usurbildik Andatzara igotzeko ohiko bidetik joango gara. Xenda nabarmen batetik, goiko lautada txikia zeharkatuko dugu, eta Txurrigilletako mendi-bizkarrean kokaturik dagoen Juanasoro edo Andatzako gurutzearen ondora iritsiko gara. Porlanezko gurutze hori 1933. urtean altxatu zuten, batzokiko gazteek, Arrueneberri etxearen azpiko aldean, eta idi pare bat erabili zuten gaur egun kokatuta dagoen lekuraino igotzeko. Garai hartan Andatzako tontorra estatuaren jabetzako lurretan zegoenez, han jarri ordez, 480 metroko altueran, Usurbili begira dagoen puntan zutitu zuten, Urdaiaga Torreko Zatarain familiaren lurretan. Gurutzean plaka bat jarri zuten, idazki honekin: «1933ko oŕilan 3'an Usurbil'go mendigoixaliak Andatza-mendian jaŕitako-oroigaŕia Gora-Euzkadi». Frankismo garaian, inguruko baserritar batek gorde egin zuen plaka, eta, Franco hil ondoren, berriz jarri zuen bere lekuan.
Gurutzearen ondotik xenda bat jaisten da, baina guk orain arte erabilitako bidetik segituko dugu; pinudian sartu, eta altuera galduko dugu berehala. Pista pare bat gurutzatu ostean, marra urdin-laranjez balizatutako bidearekin bat egingo dugu. Aldapa bizian jaisten hasi, eta azkar helduko gara Puela Berri baserriaren ondora; gertu, izen bera duen mugarria ikusi ahal izango dugu. Andatza inguruetan, zazpi mugarri daude, zeinak Orreagako monasterioarenak baitziren: Puelakoaz gain, Igartzabal, Juanasoro, Etumeta, Mugarriluze, Ondarbiribil eta Sagatzukoak. Porlanezko pistatik, Igartzabal baserri bikainaren ondora jaitsiko gara berehala, eta aurrera jarraituko dugu Urdaiaga auzoan, buruko minak kentzeko ahalmenagatik ezaguna den San Esteban ermitaraino. Andatza mendira oinez igotzeko ohiko bidearen abiapuntua den leku polit honetatik, Txokoaldera jaitsiko gara; abiapuntura, hain zuzen.