Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Andimendiko gailurreria

Wikibookstik
Andimendiko gailurreria
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Lizarragako mendatea, Saratsa putzuak, Peña Blanca, Pagomotxeta, Aitzorrotz, Saratsa, Andimendi
Distantzia 14,5 km. 3 ordu ta 30 mn.
Ingurunea Lizarragako tuneletik Peña Blancara igotzeko ibilbide klasikoa egin eta gero, itzulera Andimendiko gailurreriatik egingo dugu. Andimendi, Urbasa eta Entzia mendikateek osatzen dute gailurreriaren ikuspegia.
Abiapuntua Lizarragako mendatea
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Lizarragako tuneletik Peña Blancara igotzeko ibilbide klasikoa egin eta gero, itzulera Andimendiko gailurreriatik egingo dugu. Andiamendi, Urbasa eta Entzia mendikateek osatzen dute gailurreriaren ikuspegia.[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ibilbide hau oso ezaguna da mendizaleen artean, eta ohikoa da Peña Blancako gailurrera igotzeko Lizarragako tunelaren ondoan dauden bentak abiapuntutzat hartzea. Azken urte hauetan, todouno pista zabal eta itsusi batek, gailurreriaren magal belartsuak hondatu ditu; hala ere, horren paraleloan marrazten diren xenda eta bide erosoetatik saihestu daiteke. Ibilbidearen lehen partea artzaintzaren ibilbide balizatuaren (GR-282) norabide berean egingo dugu.

Lizarragako mendatean dagoen benta txiki baten ondotik pasa eta berehala, burdin langa bat ikusiko dugu. Hori igaro bezain pronto, eskuinaldera joko dugu, harresiaren ondotik lehen urratsak emanez. Apenas marrazten den xendatik maldan gora jarriko gara, eta oso denbora gutxi beharko dugu bentetatik datorren pista zabalarekin bat egiteko. Metro batzuk aurrerago dauden Balsa Txikiko bi putzuen ondotik pasa, eta pista utziko dugu eskuinaldetik belardian marrazten den bidetik. Pistaren paraleloan erraz beteko dugu Saratsa Gaineko putzu handien ondora iristeko dagoen tartea. Elorri zuri dezente dago inguruan, eta uda partean ohikoa da igel eta apoen korrokak entzutea, ardi eta behorrentzat bazkaleku ederrez inguraturik.

Pista bitan zatitzen den lekuan, eskuinaldera doana hartuko dugu, eta belardian zehar Tontorraundiko lepo txikira igoko gara. Bidearen bazterretan, tarteka GR-282ari dagozkion egurrezko hesolak ikusiko ditugu. GR-282 ibilbideak Euskal Herria zeharkatzen du, eta guztira 485 kilometroko luzera du 19 etapetan banaturik. Ibilbide horrek artzaintzaren antzinako kultura ezagutzeko aukera aparta eskaintzen du. Bideak, borda eta txabolaz beterik, pago, haritz eta arte baso bikainak zeharkatzen ditu, baita goi lautadak eta haran sakonak ere.

Dagoeneko lautadaren hondora heltzear gaudela, gure eskuinean Goñiko gainak ikusiko ditugu, eta ezkerraldean, berriz, Peña Blancako gailurra. Trekurantz doan aldaparen parean GR-282aren arrastoak utzi, eta ipar alderantz joko dugu, harkaitz artean tontorrera iristeko xenda imajinatuz. Izen bera duen tumulua atzean utzi, eta erraz helduko gara gora, azken zatia belarrezko tapiza zapalduz beteko dugularik. Lauki formako gutunontzi metalikoaren ondoan hartuko dugu atseden.

Hamaiketakoa egiten dugun bitartean, inguruaz gozatzeko tarte txiki bat hartuko dugu. Beriango San Donato baseliza Sakana aldera amiltzen diren amildegietatik esekita dagoela dirudi, ertzarekin jolasean balego bezala, oreka mantendu nahian edo. Andiamendi, Urbasa eta Entzia mendikateek osatzen duten gailurreriaren ikuspegi osoa dugu aurrez aurre, eta gertu, Goñiko gainak. Gozatua hartu eta gero, mendebalderantz jaisten hasiko gara alanbrezko hesira gerturatuz, horren ondotik beteko baitugu itzuleraren zatirik handiena. Bide jakinik gabe, parez pare dugun Pagomotxeta aldera jaitsiko gara, eta hesiaren ondotik pagoz inguraturik dagoen gainera igo. Ez dugu tontorraren seinalerik aurkituko, eta beheranzko bidea hartuta Lurgorriko lepora jaitsiko gara. Eskalaborroko eta Aitzorrotzeko tontorrak ditugu hurrengoak, baina horietan kontu handiz ibili beharra dago, kareharrizko haitzek osatzen duten lapiazak ibilera zaildu egiten baitu, eta gertu dauden amildegiak ez dira nolanahikoak. Kareharrizko paretak hegoaldetik gaindituko ditugu, eta, konturatzerako, bidea leundu, eta erosoagoa egingo zaigu.

Belarrak harriaren lekua bete, eta erabat erraztuko digu helmugaraino geratzen zaigun tartea. Alanbrezko hesiak bereizten dituen bi paisaiak lagun, aurrez aurre ditugun bi mendi tontorretara igotzeari ekingo diogu. Saratsa eta Tunelgaina atzean utziko ditugu, eta gure mendean ikusi dugun pista zabal aldera jaisten hasiko gara. Segidan, tunelaren ondoan dauden bentetara jaisteko aldapa pikoa eta laburretik jaitsi eta berehala ailegatuko gara abiapuntura. Bertatik, Urbasa aldera hedatzen den gailurreria osatzeko asmoa beste baterako utziko dugu, eta gaurkoak utzitako zapore bikainarekin etxeranzko bidea hartuko dugu.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua