Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Andutzeko magaletan

Wikibookstik
Andutzeko magaletan
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Itziar, Andutz, Urreitzu, Saltsamendi, Exteixa, Esteixaundi, Saletxe, Txorobillar
Distantzia 10,5 km. 3 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Talaia eder honetatik, euskal kostaldearen inguruko mendien ikuspegi zabala bezain ikusgarria dago.
Abiapuntua Itziar
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Talaia eder honetatik, euskal kostaldearen eta inguruko mendien ikuspegi zabala bezain ikusgarria dago. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Izarraitzeko mendigunean egon arren, Andutzek, berez, mendigune txiki bat osatzen du, eta altuera txikikoa bada ere, itsasotik gertu egoteak haren silueta nabarmentzen du. 1926an lehenik eta 1965ean bigarrenez altxatutako gurutzea gailurretik gertu dago, eta handik euskal kostaldearen ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Kostaldearena ez ezik, euskal mendien talaia bikaina ere bada: Larrun, Aiako Harria, Izarraitz, Durangaldeako mendiak, Gorbeia, Oiz eta beste makina bat mendi identifika daitezke gandor garbi honetatik.

Kareharrizko mendi dotore honetara igotzeko, Itziarko elizaren ondotik abiatuko gara, eta kale tartean ibili eta gero, industrialdera aterako gara. Berehala ikusiko ditugu PR GI-44ari dagozkion marka zuri eta horiak, baina horiek berehala utzi, eta eskuin aldetik ateratzen den porlanezko aldapa piko bati ekingo diogu. Bide zabalari jarraituz, erraz helduko gara Txorobillar eta Andutz artean dagoen lepora, eta, aurrera jarraituz, ezkerraldetik marrazten den zidorrean zehar gandorrean nabarmentzen den gurutzearen ondora iritsiko gara, abiatu eta ordubete inguru bete dugunean. Gurutzearen ondoan eseri, eta talaia paregabe honetatik itsas aldera zein mendi aldera dagoen panoramika zabal eta ederraz gozatzeko aukeraz baliatuko gara.

Mendiaren gandorrean zehar aurrera egingo dugu, eta, ehunen bat metro ibili eta gero, Andutzeko tontorrera ailegatuko gara, erpin geodesiko eta gutunontziaren ondora. Panoramika ederraz inguraturik, Urreitzuko lepora jaisten hasiko gara belarrezko tapiza zapalduz. Ur putzua, lizardia eta borda dira paraje polit honen osagai nagusiak. Aurrez aurre dugun Saltsamendiko tontor aldera joko dugu gero, eta, 70 metroko desnibela gainditu ostean, Lastur eta Izarraitz aldera ikuspegi ederra erakusten duen mendi honen gailurra zapalduko dugu. Urreitzuko lepo aldera itzuliko gara berriro, eta Saltsamendiren magalean zehar jaisten hasiko gara hasiera batean ikusgaitz den xenda, eta, gero, pista zabalean zehar Esteixaundi baserriaren ondora jaitsiko gara. Hor, berriro PR GI-44aren bide seinale zuri eta horiekin bat egingo dugu, eta ez ditugu utziko abiapuntura heldu arte. Baserriraino doan porlanezko bide zabaletik Garabain baserriraino jaitsiko gara, eta handik jarraituko dugu lurrezko pistan zehar. Pinudian hainbat pista aurkituko ditugu, eta erne ibili beharra dago marka zuri eta horiek erakusten diguten norabidea ez galtzeko.

Bidegurutze batean, pista zabala laga, eta ezker aldean ikusiko dugun ateka txiki batetik basoan murgilduko gara. Saltsamendi eta Andutz mendien hegal hori artadi kantauriar handi batek estaltzen du, eta bertako basoak sasi barietate handi batekin eta harkaitzetako flora berezi batekin janzten dira. Bertan dagoen faunan basurdea, lepazuria, azkonarra eta ipurtatsa aurki daitezke, eta, ingurune hezeetan, baso-igel gorria. Ingurune horretan aurrera egingo dugu, Saletxe baserriaren ondotik igaro, eta Txorobillar inguratuz Teleixa baserriraino. Metro batzuk aurrerago, gorako erabili dugun bidearekin bat egingo dugu, eta handik Itziarko elizaren ondora igoko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua