Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arabako paisaia gotortua
Arabako paisaia gotortua | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Ozio, Bergantzu, Larrasako ordokia, Canales ataka, Zabaletako gaztelua, Zabalateko mendilerroa |
Distantzia | 14,5 km. 3 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Ozioko eta Zabalateko gaztelu dotoreei bisita egitearen karietara, ibilbide dotorea egokitu berri dute Arabako Añanako eskualdean. GR 1 zidor historikoari jarraituz eta argibide taulen informazioarekin osa daiteke bidea. |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
'[1]
Ibilbidea
[aldatu]Etsaien aurkako defentsa eraikitzea oinarrizko kontzeptua da. Behinola, taldearen defentsa bermatzearren, Euskal Herriko ikuspegi zabaleko talaiak aukeratzen ziren eraikin apartak zutitzeko. Aski da bazterrik bazter ibiltzea, harri trinkoan egindako gaztelu eta talaia bitxiak nabarmentzeko. Batzuk erorita dauden arren, euren arrastoek tokian bertan diraute, paisaiarekin galanki uztartuta.
Arkitektura gotortuari dagokionez, Arabako herrialdea ez zen atzean geratu: hango ezaugarri naturalak direla eta, hainbat dorre eta gaztelu egin zituzten lurraldean barrena, eraikin denak estrategikoki ongi pentsatuta. Eraikin horietako asko Erdi Aroan eraiki zituzten, betiere mugak eta bideak zaintzapean izateko helburuz. Ozio eta Zabalate herrietakoak, besteak beste. Nafarroatik Ebrora bidera zihoazen zidorrak irmoki babestu beharra zegoen eta.
Lanos eta Zabalateko gazteluak Ozio eta Zabalate (Araba) herrien artean daude. Ibilian-ibilian, Ozion jarraituko diogu GR 1 zidor historikoari. Bergantzura helduta, San Baules ibarrean gora egin, eta Larrasako ordokira helduko gara. Segidan, paseotxo batek eramango gaitu Zabalateko gaztelu zaharreraino. Muinoa berriz gaindituta, gotorlekuz gotorleku ekarri gaituen itzulia Ozion bertan amaitu dute.
Oziotik Bergantzura
[aldatu]Ozio herriko jolas eremuan hasiko gara, Jugalez ibaiaren ondoan (Araba). Gazteluen Bidearen nondik norakoak argibide taula batean irakurriko ditugu. Ibaia gurutzatu eta ezkerrera eginez, Bergantzurako bideari ekingo diogu. Lehen metroak eginda, ordea, Lanos gaztelura igotzeko aukera izango dugu. Joan-etorriko bidea egingo dugu tontorreraino. Gainaldean, eraikin gotortu sendo baten arrastoak ikusiko ditugu. Baita orain urte batzuk abiarazitako zaharberritze eta sendotze lanenak ere. Talaia bisitatu ostean, behera jaitsi eta, Santa Marina kaleari men eginez, Toloño erraldoiari begira jarriko gara.
Galsoroak bidaide, Bergantzura hurbiltzeko patxada hartuko dugu. Tipi-tapa, herrira heldu eta ibaia gurutzatuta, ezkerrera egingo dugu kalearen bidebanatzean. Gero, errepidea gurutzatu, eta, eguzki xaflak dituen eremuaren ertzetik igarota, San Baules ibarrak bete-betean hartuko gaitu. Mediterraneo aldeko landaretza bidaide, desnibela hartzen hasiko gara. Ezkerraldean burdinazko ate bat ikustean, aurrera segituko dugu, ezkerreko bideari muzin eginda. Aurreragoko bidebanatzean, haatik, ezkerrera joko dugu. Bergantzu herriaren eta San Baules ibarraren gaineko panoramika ederra utziko digu igoera xumeak. Toloño handia harresi baten antzera agertuko zaigu atzerago. Igoera samur-samur egiteko aitzakia ederra; zinez!
Zabalateko herrixka
[aldatu]Basabidetik irten gabe, Larrasako ordokira helduko gara. Artadi trinkoa eta pinudi lerrokatua bereizten direneko eremuan gaude. Bide nagusiari men eginda, Canalesko atakara iritsiko gara, basabideak hartzen duen punturik gorenera. Ibarretik behera egin gabe, eskuinera egin eta Zabalatera doan bidexkari ekingo diogu.
Tasuguerasko lepora heldu bezain pronto, mendebaldera egitera behartuko gaitu bideak. Berantevilla aldera begira jarriko gara segidan, Trebiñuko lurrak begi bistan direla. Laster batean, Zabalateko gaztelu liraina ikusiko dugu harrizko laban zorrotzetan gailenduta. Haren azpialdera eramango gaitu bideak, gazteluko harresi artifizialak eta naturalak bat egiten duten eremura. Zabalate herrira iritsi gabe, harresi zabala zeharkatu, eta, sigi-saga maldan gora egin ondoren, lepora helduko gara. Bide ondoan Erdi Aroko garaiko ermita baten arrastoak ikusiko ditugu. Herrixkako mendebaldeko harresia zeharkatuta, ezkerrera egingo dugu Txulato azpiko Vallejuelo ibar xumera jaisteko asmoz.
Oziorako bideari men egingo diogu ondoren, harik eta ibarrak hegoaldera egiten duen arte. Orduan, ezkerraldetik segitzen duen bidexkari segituta (GR 1) errepidera irtengo gara. Abiapuntura itzultzeko errepide bazterretik egin dezakegu, baita errepideaz bestaldetik segitzen duen nekazari bideari men eginda ere.