Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arbasoen bideak

Wikibookstik
Arbasoen bideak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Etxarri Aranatz, San Adrian baseliza, Hirumugarrieta, Txaradigorri, Maltzegur, Mintegitxuta, Bentatxar, Jentitzulo, Beitzeta
Distantzia 15 km. 4 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Etxarri Aranazko arbasoek utzitako trikuharrien arrastoei jarraikiz, pagadian murgilduko gara denboran eta espazioan bidaiatzeko asmoz.
Abiapuntua Etxarri Aranatz
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Etxarri Aranazko arbasoek utzitako trikuharrien arrastoei jarraikiz, pagadian murgilduko gara denboran eta espazioan bidaiatzeko asmoz.[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Sakanako (Nafarroa Garaia) herri hau inguratzen duten basoetan murgilduko gara, eta duela milaka urte bertan bizi izan ziren euskal herritarrek utzitako trikuharrien arrasto nabarmenak bilatu. Paisaia eder honek ibilbide eder eta ikusgarriak ezkutatzen ditu, eta bere magal eta lepoetan ibiliz aurkituko ditugun monumentu megalitikoak izango ditugu bidelagun. Iragana eta natura uztartzeko aukera ederra bezain paregabea. Bi dira Etxarri Aranazko kanpinetik abiatu eta egiteko ditugun ibilbide atzerapendun eta zirkularrak: luzea (PR NA-133) eta motza (PR NA-134).

Hirumugarrieta

[aldatu]

Autoa kanpinaren kanpoaldean dagoen aparkalekuan utzi eta gero, horren gainetik ateratzen den pista zabala hartuko dugu. Bide seinale zuri eta horiek erakutsiko digute nora jo behar dugun gure ibilbidean. Kanpinaren paraleloan doan bide erosotik Iraigoirri errekara heldu, egurrezko zubi batetik beste aldera igaro, eta erraz egingo dugu aurrera. Hiru kilometro eskas bete dugunerako, San Adriango baselizaren ondora iritsiko gara, eta, berrehun bat metro aurrerago, atsedenleku bikaina aurkituko dugu. Pagoz eta haritzez inguraturik dagoen ermita horretan, ekainaren 16an ospatzen dute santuaren omenezko egun handia, eta jende asko biltzen da hango zelaietan egin ohi den erromeriaz gozatzeko.

Orain arte ekarritako bide leuna amaitu, lehen maldak igotzen hasi, eta berehala ikusiko dugu Beitzetako trikuharriaren kokapena adierazten duen egurrezko hesola. Bidetik kanpo 50 metrora dago, eta, monumentu megalitikoaren ondora heltzean, basurdeari buruzko azalpenak ematen dituen egurrezko panela ikusiko dugu. Pistara itzuli eta azkar helduko gara hurrengo bi trikuharrien ondora: lehenik Iruiturrietakoa lehenik eta berrehun bat metro aurrerago Jentitzulokoa. Beitzetakoan bezala, horietan ere onddo eta txondorrei buruzko azalpenak daude. Goiz abiatuz gero, maiz pago artean hedatzen den lainoak itxura misteriotsua ematen dio inguruari.

Pago artean gora segituko dugu, eta, Bakaikuko mugatik gertu, Bentatxareko trikuharriari eta mugei buruzko azalpen idatzia aurkituko dugu. Bi herriak banatzen dituen mugarrien ondotik egingo dugu gorantz eta hiru alderdietan mugakide diren hiru herrien izenak (Etxarri Aranatz, Burunda eta Ataun) grabaturik dituen mugarri berezia: Hirumugarrieta (Irumugeta).

Kanpina

[aldatu]

GR-121 eta GR-12en bide seinale zuri-gorriak izango ditugu bidelagun Gipuzkoa eta Nafarroa banatzen dituen mendilerroan. Hirumugarrietako gailurretik zertxobait jaitsi, eta berehala iritsiko gara Zelatamuno izeneko trikuharri eta enbor bikaina duen pago baten ondora. Garo eta zuhaixken arteko bidezidorretik segituz, Mintegitxutakora ailegatuko gara, eta, aurrekoetan egin lez, hor ere panelean ageri den haritzei buruzko azalpenak irakurriko ditugu. Kilometro erdi pasatxo mugatik segi, eta bide-seinale zuri eta horiek erakusten diguten bidetik joko dugu Txaradigorrian gora. Tontorrean, nahiko ongi dagoen trikuharria eta hari buruzko datuak.

Ingurune eder hori atzean utzi, eta oso nabarmena ez den bidetik jaisten hasiko gara pago artean. Bidegurutzera iristean, ezkerrekoa hartu, eta azkar jaitsiko gara Olanoko lepora, berritutako aterpe bikain baten ondora. Abiapuntura iristeko dauden bi aukeren artean Fagamendira igotzeko aukera ematen duena hartuko dugu. Atzerapenei segituz, pagadian berriro murgildu eta aldapa piko bat gainditu eta gero, trikuharriaren hondakinen ondora igoko gara. Pagoei buruzkoak irakurri, hesiaren paraleloan jarraitu eta Maitzegurreko trikuharriarekin egingo dugu topo, gaurko azkena.

Jaitsiera nabarmenetik sigi-sagan beherantz joko dugu egurra ateratzeko erabiltzen diren bideetatik. Makineria handia erabili ohi dute lan horretarako, eta, aurreko egunetan egindako euriteen ondorioz, bideak guztiz lokaztuta eta irristakorrak egon ohi dira. Azkenean, bidetik at azken bi kilometroak bete eta gero, enborrak metatuta dauden gunera jaitsiko gara. Errepidearen ondotik, erraz iritsiko gara kanpinaren ondoko aparkalekura, ibilbidearen abiapuntu eta helmugara hain zuzen ere. Horrela amaituko dugu 1950eko hamarkadan Aita Barandiaranek katalogatu zituen hamar trikuharri horiei egindako bisita.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua