Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aresoko lurrak

Wikibookstik
Aresoko lurrak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Areso, Pagozelai, Musaio, Merku, Ultxarraundi, Ulizar, Santa Kruz ermita, Areso
Distantzia 11,3 km. 3 ordu
Ingurunea 'Gaizkileen muga' zeritzon lurretan barna abiatu, eta Probintzietako Errege Bidetik edo Zezenen Bidetik joko dugu Ulizarko tontorreraino.
Abiapuntua Areso
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

'Gaizkileen muga' zeritzon lurretan barna abiatu, eta Probintzietako Errege Bidetik edo Zezenen Bidetik joko dugu Ulizarko tontorreraino.[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ulizar mendiaren magalean, Areso herria dugu, eta lau auzotan banaturik dago. Herri honi buruz ditugun lehen erreferentziak XII. mendearen bukaerakoak dira, baina antzinatik bizi izan da gizakia han. Erdi Aroan, bandoen arteko gerren ondorioz, gaizkile asko ibiltzen omen zen inguru horietan, eta, horregatik, gaizkileen muga deitzen zitzaion. Ulizar mendiko zelaietan akelarreak ospatzen omen ziren, eta sorginkeriarekin lotutako istorioak ere badira.

Herriko plazatik ekingo diogu ibilbideari, eta, bide seinaleei jarraituz, gaur egun autobidearen azpiko aldetik paraleloan zabaltzen den bidea hartuko dugu. Astomela ibaiaren ondotik doan eta Areso eta Gorriti herriak lotzen dituen bide horri Napoleonen bidea deitzen zaio, haren tropek herria suntsitu eta gero hartu zuten bidea da eta. Iturbeltza eta Zubiberrieta izeneko parajeetatik eta erromatarren garaiko burdinola baten eta antzinako irin errota baten hondakinen ondotik igarotzen da. Pagadian murgildu, eta erraz egingo dugu aurrera pista zabal batetik, eta altuera irabaziko. Laster igoko gara autobiaren bazter batean dagoen Pagozelai atseden gunearen gainaldera, eta Gorritirantz doan bidea utzita, eskuinetik ateratzen dena hartuko dugu Probintzietako Errege Bidea (CRP) edo Zezenen Bidea segituz (GR 9). Antzina, ganadu transhumanteek erabili ohi zuten bide hori. Iruñetik gertu hasi, eta Gipuzkoako bihotzeraino zabaltzen zen; Noain herritik Azpeitiraino, hain zuzen ere. Gipuzkoan, ibilbide horri Zezenen Bidea esaten zaio, XVI. mendetik aurrera Nafarroatik zezenak ekartzen baitziren. Gaur egun, ibilbide hori deskatalogaturik dago, eta, maiz, seinaleak ez daude ondo, edota falta dira.

Altuera irabazten jarraituko dugu, eta pagadian sartuko gara berriro. Museoko tontorrera doan xenda ezkerrera utzita, lurrezko pista zabal batetik, Merku izeneko lepora jaitsiko gara aldats bizian. Ondo balizatutako bideak maldan gora jarriko gaitu, eta, konturatu orduko, Ulizar mendiaren tontorrera igoko gara. Ez da tontor nabarmena, haren gaina biribila baita, eta, erpin geodesikoaz gain, buzoi bat ere badu. Elezaharren arabera, mendi horretako kobazuloan akelarreak egiten omen ziren, eta, horregatik, Inkisizioak Santa Kruz ermita eraiki zuen; gerora eraitsia izan zen. Elizak, Arinbeko inguruetan, izen bereko beste ermita bat altxatu zuen. Guk aurrean dugun «akelarrea» bestelakoa da, ikuspegi zabala bezain ederra gure begien gozagarri, inguruneko mendiak ez ezik, Malloetako zirku ikusgarriaren magal bertikalek Araitz haranean amilduz osatzen duten postal ederra.

Gertu dugun Solizarretako lepora jaitsiko gara segidan, eta Gaztelu aldera doan bidea gure ezkerrera utziz, pista zabaletik aurrera egingo dugu. Berehala, bide seinaleek erakusten duten norabidean, GR-121 bidea utzi, eta, eskuinaldera, belarretatik jaisten hasiko gara Altzegiko iturriaren ondotik. Hasieran, xendatik, eta, gero, pista zabalean zehar, berehala iritsiko gara Santa Kruz ermitaren ondora, eta, atzean utzi, eta bide asfaltatuetatik herriko goialdera jaitsiko gara. Azken malda jaitsi, eta abiapuntura helduko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua