Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arnoko erraldoi on miragarria
Arnoko erraldoi on miragarria | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Opakua mendatea, Iturbatz, Arnoko arkua, Txumarregi, Peña Roja, Munain |
Distantzia | 8 km. 2 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Arnoko arkua ikusiko dugu Entziako zoko magiko batean. Harainoko paseo liluragarria egingo dugu, fantasiaz beteriko film baten antzera. |
Abiapuntua | Opakuako mendatea |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Arnoko arkua ikusiko dugu Entziako zoko magiko batean. Harainoko paseo liluragarria egingo dugu, fantasiaz beteriko film baten antzera. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Roald Dahl idazle galestarraren jaiotzaren 100. urteurrena bete zen hilaren 13an. Haren omenez doakizue Entzia mendilerroan barrena gidatuko gaituen ibilbide bitxi hau. Haur eta gazte literaturan lan sonatu ugari utzi zizkigun Dahlek, eta horietako batzuk euskarara itzuliak izan dira. Zinemarako ere egokituak izan dira horietako batzuk; Charlie eta txokolate-lantegia eta Erraldoi On Miragarria, besteak beste. Horren harira, erraldoi on miragarriaz gozatzeko aukera izan dugu uda honetan Stephen Spielberg zuzendariaren eskutik. Misterioz eta fantasiaz beteriko kontakizunean, Sophie izeneko neska umezurtza da protagonista, baita bihotz oneko erraldoi bat ere. Gau izartsu batean, haurrak, araua hausteko erabakia hartuta, erraldoien munduan abentura zirraragarriak bizitzeko gogoa agertuko du.
Bizileku sorgindua irudikatzeko, inguru malkartsu bat aukeratu behar izan du Spielbergek. Gure uste apalean, Entzia mendiguneko inguru karstikoak ere eder-eder bete zezakeen funtzio hori. Arnoko labirintoak, hain justu ere. Ibilian-ibilian, beraz, Sophiek egin zuen bezalaxe, lurralde magikoaren atzetik ibiliko gara gu ere, Arnoko erraldoiak amets onak banatzeko ohitura baitu beharra dutenen artean.
Alemaniarrak Iturbatzen
[aldatu]Opakuako mendatean hasiko dugu ibilbidea (Araba). Aguraindik igota, eskuinaldean dagoen aparkalekuan utziko dugu autoa. Gero, errepidea gurutzatu, eta mendigunean barneratzen den basabideari ekingo diogu. Entzia eta Iturrietako Partzuergoan aurrera gabiltzala (E), Donemiliaga Durruma eta Alda herriak lotzen dituen Inaziotar Bidearekin topo egingo dugu. Pintura arrasto horiei muzin eginda, basabide nagusiari eutsi, eta Mezkiako saroiak dioen aparkaleku handira iritsiko gara.
Basabide nagusia alde batera utzi, eta ezkerretik doan basabidetik jarraituta, pinudian barrena paseo goxoa emango dugu. 1950eko hamarkadaren amaieran egindako Alemaniarren urtegi-ra helduko gara berehala. Garai horretan, petrolioaren sukarra Entziaraino ere iritsi omen zen, eta orduko obretako arrasto batzuk ikusteko aukera dago gaur egun; Iturbatzeko hezegunea, besteak beste. Aintzira eskuinaldetik inguratuta, zubi txiki bat igaro, eta basorantz bideratuko ditugu gure pausoak. Arabako 1989ko lehorte gogorra baretzeko asmoz jarritako ubide beltzak lagunduta, Iturbatz iturrira helduko gara. Iturriaren emari hotza xendaren azpian ikusiko dugu.
Pagadian sartu bezain laster, eskuinera egin, eta pago bikainen artean jarraituko dugu. Arnoko ibar xumearekin bat eginda, haren paraleloan jarraituko dugu, ibarrean gora, garaiera astiro-astiro hartuz. Soilgune batzuk igaro eta berehala, bidea bitan banatzen dela ikusiko dugu. Ezkerreko xendari jarraituz, troka txiki bat zeharkatu, eta Arnoko harri ederren aurrean izango gara. Eskultura karstikoak bide ondoan daude. Haien artetik ibiliko gara Arnoko arku sonatua topatu arte.
Inguru karstikotik hurbil etxola bat ikusiko dugu. Behin etxolan, ezkerrera egin, eta, bidexkari segika, Ubideko mendatera iritsiko gara; hots, lautada eskualdearen gaineko talaia eder batera. Inaziotar Bideak eta Artzaintza Naturbideak bat egingo dute han. Hesia gurutzatu gabe, ezkerrera hartu, eta, amildegiaren paretik ibilita, Peñarroya tontor txikira iritsiko gara. Harri pilaketa bat ikusiko dugu gailurra adierazten den tokian. Gero, Zalanportilloko pagadian paseo galanta eman ostean, Peña Roja tontorrera helduko gara. Punturik gorena postontzi txiki batez markaturik dago. Lautada bete-betean harrapatuko dugu handik goitik. Garaiera galtzen hasiko gara segidan, eta Munaingo porturaino lagunduko digu bidexkak. Saroi batzuk ikusiko ditugu larrean sakabanatuta. Amildegiaren ondoko ur biltegitik gora jarraituko dugu, eta, gero, behin belardia zeharkatuta, Okarizko portura iritsiko gara. Basoaren atarian gaude berriz ere.
Ibilbidea amaitu aurretik, koniferoek osaturiko galeriatik jarraituko dugu, GR-282 zidorretik. Arabako Diputazioak 1965ean instalatutako behatokira iritsiko gara. Orientazio taulak lagunduta, lautadaren gaineko paisaiaz gozatzeko aukera izango dugu. Bost minutu xendari eutsita, aparkalekuan izango gara.