Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arraialdetik Atxostera
Arraialdetik Atxostera | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Birgaragoien, Atxoste aztarnategia, Azazeta, Arraialde, Askarro aterpetxea |
Distantzia | 11,5 km. 3 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Atxoste aztarnategia ezusteko ederrak ematen ari da azkenaldion. Arraialdeko tontorretik igaro ondoren, astiro-astiro abiatuko gara milaka urtean zehar okupazioa ezagutu duen aterpe emankor hori ezagutzeko asmoz. |
Abiapuntua | Birgaragoien |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Atxoste aztarnategia ezusteko ederrak ematen ari da azkenaldion. Arraialdeko tontorretik igaro ondoren, astiro-astiro abiatuko gara milaka urtean zehar okupazioa ezagutu duen aterpe emankor hori ezagutzeko asmoz. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Azazeta mendatetik jaitsita, Birgaragoienen ikusiko dugun jatetxearen aurreko zabalgunean utziko dugu autoa. Gasteiz aldera egingo dugu lehenik eta behin, asfaltoak ongi lagunduta. Lehen bihurgunean, errepidetik irten, eta ezkerraldean ikusiko dugun langa metaliko bat zeharkatuko dugu. Gero, eskuinera jo, eta gorantz abiatuko gara. Berehala, ezkerrera egitera behartuko gaitu bideak. Aldapa pikoari aurre eginda, hari elektrikoaren ondora iritsiko gara. Eskuinetik jarraituko dugu pitin batean, eta, aldatsa amaitzean, ezker-eskuin egin ostean, erkamezti trinkoan sartuko gara.
Paseo gozoan, Acallo ibarra ikusteko aukera paregabea izango dugu. Bizkar lerrotik jarraituko dugu, tamaina lodiko enborrek ongi inguratuta. Soilgunean, ezti-ezti segituko dugu, noranzkoa aldatu gabe. Ordoki honetatik, San Kristobal tontorraren gaineko ikuspegi ederra izango dugu. Bidebanatzean, ezkerreko bidea bazter egin, eta baso alderantz eramango gaituen bidea hobetsiko dugu. Iparralderako norabideari eutsita, Askarro aterpetxera iritsiko gara.
Arraialdeko tontorra
[aldatu]Etxolaren ondoko ur putzua inguratu, eta ezkerreko pistatik jarraituko dugu. Goratasuna hartzeko unea da orain, baita pagadira biltzekoa ere. Minutu batzuen buruan, Kapildui mendiaren gainean altxatutako radarra ikusiko dugu. Alanbre bat zeharkatuko dugu aurrerago, baita harresi xume bat ere. Pagadiaren babesean erreferentziarik gal ez dezagun, amildegiaren ondoko ertzetik jarraituko dugu, postontzira iritsi arte.
Ekialdeko mazelan behera eginez, goratasuna galtzeari ekingo diogu. Belarrez jantzitako bidearekin bat egitean, ezkerrera okertu, eta Azazetarako bideari eutsiko diogu. Laster batean, eskuinetik segitu, eta, bide behinena abandonatu gabe, Azazetara iritsiko gara.
Aztarnategiaren bila
[aldatu]Santiago kaletik behera eginda, errepidea gurutzatu, eta elizara joango gara. Tenplu aurrean, hegoaldera egin, langa metaliko bat zeharkatu, eta ezkerretik ekingo dugu. Ondoren, behera doan bideari muzin eginda, suabe doan bidetik jarraituko dugu. Bide harritsu batek lagunduko digu laster aldatsari aurre egiten. Gauzak horrela, aldapa amaitu ostean, pagadi txiki bat inguratu, eta gora joko dugu, beste behin. Hurrengo bidebanatzean, behera jo eta langa bat igaroko dugu. Birgaragoienerako bideari jaramon egingo diogu orain, bide-seinaleak dioenez. Bista ederrak ditugu orain Berron ibaiak ederki zizelkaturiko paisaiaren gainean.
Atxoste aztarnategi arkeologikoa behealdean dago, ibarrak estugunea sorrarazi duen leku gordean. Hesi metaliko batek estalia da gaur egun. Bestelako irudia izan zuen, ordea, orain dela hogei urte. Garai hartan, Alfonso Aldai EHUko irakasleak zuzenduta, hainbat indusketa kanpaina abian jarri ziren. Izan ere, Atxostekoa ez da nolanahiko bizilekua izan. Aterpe egonkorra eta iraunkorra izan zen 10.000 urtetan. Unai Perales EHUko ikerlariak ezagutzera emandako datuen arabera, kokaleku errentagarria izan zen Atxostekoa, bai Mesolitoan, bai Neolitoan. Adibide moduan, eta harritzekoa bada ere, errota baten 20 kiloko harri bat agertu zen aztarnategian, nonbait, Elgea-Urkilla mendilerrotik ekarria.
Bide nagusiari men eginda, adi ibiliko gara Birgaragoienera iristeko; izan ere, errekastoaren gainetik igaro baino 50 metro lehenago, ezkerretik doan zidor bati ekingo diogu. Errekastoa ondoan daramagula, Kanpanoste Beheko aztarnategiaren ondotik igaroko gara. Errepidera irtetean, herrian sartu, eta, santutxoan eskuinera eginda, gasolindegiaren aurreko aparkalekura iritsiko gara.