Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arroilei begira

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Arroilei begira
Ibilbide honen argazkiak igo
66894-Santa Grazi-bidea.svg
Herrialdea Zuberoa
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erdikoa
Lekuak Santa Grazi, Senta auzoa, Mürrütxegaine, Ülünagerre punta, Ñabarriñegañe
Distantzia 12 km. 4 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Santa Graziko Senta auzotik abiatuta, pare-parean dauden Ehüjarre eta Arpideako arroila ederrak miresteko aukera emango digu.
Abiapuntua Senta auzoa (Santa Grazi)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Santa Graziko Senta auzotik abiatuta egingo dugun txangoak pare-parean dauden Ehüjarre eta Arpideako arroila ederrak miresteko aukera emango digu. [1]

Ibilbidea[aldatu]

Sentako auzoa da Santa Garaziren ohoretan eraiki zuten eliza erromaniko guztiz ederra aurkitzen den etxe multzoa, Santa Graziko ibar luzearen ekialdeko puntan, San Martirako bidean (Zuberoa). Hain zuzen, Senta auzoaren sarrerako eta Izarbe zein San Martirako bidegurutze inguruan utziko dugu ibilgailua (650m). San Martirako bidean, pilota plaza politaren gainaldetik ehun bat metro pasa ibili ondoren, ezkerralderat abiatzen den bidexka bat hartuko dugu.

Laborantzarako eraikinak pasatu eta gero, bizilagunez aspaldidanik hustutako Elixagaraia etxeari saminezko agur bat eginen diogu. Saihetsak hurritzondoz eta gaztainondoz beztituak dauzkan bidexka horrek Aizesagardoiko borda politera lagunduko gaitu berehalaxe. Hortik aski laster bide sarda batera iritsiko gara, eta zuzen joko dugu, horiz tindatutako ibilbide seinaledunak markatzen duen bezala.

Otelarre baten gora seko garamatza lurrezkoa bilatu egin den bidexkak. Alabaina, arnasa hartzeko denboran, baita ibiltzean bera ere sekulako ikusmen ederrik gozatzeko parada badugu ibilbide hasiera honetatik bertatik. Ehüjarreko arroila alimalearen behealdeko ahoa hortxe daukagu hegoalde hurbilean, ezkerrean Ütziako oihanaz eta eskuinaldean Ganagerreko basoaz inguratua. Mendebaldean dugu, berriz, Santa Grazi eta Larraine herrietako lur eremuak mugatzen dituen mendi lerroa, hegoaldeko muturretik iparraldeko puntara ezagutuko ditugularik, Eskantola, Izeitto Saimendi eta Santa Graziko Otsogorriko gailurrak. Mendi lerro horren atzean, hego-mendebaldera, Sardekagaineko tontor bikoitza ere begi bistan izango dugu.

Ote eta iratze, baita gaztainondo zati oso eder baten artean aurrera doala, lurrezko bidexka xenda bilakatu da, gorantz egiteak eta atseden pixka bat hartzeko zati ordokiagoak tartekatzen dituelarik. Une batean, ur-begi batean laborariak plastikako ontzi handi batekin eginiko aska berezi baten albotik igaroko gara. Belardi aldapatsu baten goian, berriz, halan dabiltzan behiak atsedena hartzen duten ordoki txiki batekin egingo dugu topo. Leku horiei behilogiak —behiek lo egiten duten tokiak, alegia— esaten zaie Zuberoan.

Ordoki horretatik iparralderat gorantz jarraikiz xendak hurbiltzen gaitu Arbutiko oihanaren hegoaldeko mugatik. Zuhainpean sartuta gaudelarik doi-doi, kolore horiko seinaleek eskuinaldera bihurtarazten digute, harkaitz artean. Arretaz ibili behar da zati horretan zein lehenago edo gerorago ere, seinaleak ez baitira beti ongi ageri.

Mürrütxegainetik aukera bi[aldatu]

Oihanaren bazterretik hurbil garelarik, une batean gailur txiki eta xume batera iritsiko gara (1.035 m). Horrek Mürrütxegaine du izena, eta bista zabal eta miresgarriaz oparituko gaitu gure indarrez egiteez. Hegoaldera pare-parean dugularik, Ehüjarreko arroilaren handitasunaz ohartzeko parada badugu. Bisan-bisean dugu, halaber, Santa Graziko Ürrütia auzoaldea eta bere etxalde sakabanatuak. Ehüjarreko beheko ahotik mendebalde hurbilean ageri den beste arroila, berriz, Arpidea da. Horren saihets batean aurkitzen da guztiz ospetsua den eta orain dela gutxi bisitetarako antolatu duten La Verna lur azpiko barrunbe ikaragarria. Hego-mendebaldera are gehiago bihurtuz begirada, Biarnoko lurretan jada kokatuak diren Sum de Leche eta Arlatze (Arlas) mendiak ezagutuko ditugu.

Aurrera joatearren, belardi baten behera eta hasieran Arbutiko oihan ertzetik hurbil behera joko dugu, eta, ondoren, belardi baten behera jaitsiko gara. Azkorrigako erreka txikitxora iritsirik, bi aukera ditugu. Hasieratik jarraitzen diogun ibilbide seinalatuari eutsi diezaiokegu, baina, egia esatearren, traza nahiko txarrean dago, tindak sarritan ezabatuak eta leku batzuetan jarritako zutoinak lurreratuak ere. Hobe, beraz, mapa baten irakurtzen jakitea Ülünagerre puntaraino igotzeko (1.084m), ondoren Espildoiko oihan bidea denbora aski luze batean jarraitzeko, Ñabarriñegaineko belardiaren behera jaisteko (1.035 m) eta, azkenean, Inkazbürüko errekarako xenda politetik Berrietxea jatetxe ingurura jaisteko .

Galtzeko arriskuak saihesteko, haatik, askoz ere hobe da Azkorrigako erreka zeharkatu baino lehen (950 m), hego-ekialderat abiatzen den xenda bat hartzea eta Arpiñako borda guztiz politera (885m) jaistea. Gaineko eta peko borden arteko belardian behera egin ondoren, bertara daraman lurbidea topatuko dugu, eta horrek lagunduko gaitu gora egitean agurtu dugun Aizesagardoiko bordaren inguruetara. Bertaraturik, zatitxo bat joan-etorrian egitea baino ez zaigu geratuko. Aukera horrek ibilaldiaren luzera bi orduz laburtuko digu ere.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua