Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Artaxoako trikuharriak
Artaxoako trikuharriak | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Artaxoa, Enerizko Ataka trikuharria, Ferrangorteko trikuharria, Jerusalemgo Andre Mariaren ermita |
Distantzia | 8,3 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Artaxoan Brontze Aroko herrixka bat zegoen, eta han daude egun Nafarroako megalitoen adibiderik ederrenetakoak. |
Abiapuntua | Jerusalemgo Andre Maria (Artaxoa) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Artaxoan Brontze Aroko herrixka bat zegoen, eta han daude egun Nafarroako megalitoen adibiderik ederrenetakoak.[1]
Ibilbidea
[aldatu]Artaxoa herritik gertu dagoen Jerusalemgo Ama Birjinaren ermitaren ondoan emango diogu hasiera ibilaldi honi. Barrura sartuz gero, XVIII. mendekoa den tenplu horretan, Erdi Aroko tailla erromaniko-gotikoa ikusi ahal izango dugu. Horren ondotik ateratzen den pista zabaletik aurrera egingo dugu, bide bazterrean ikusiko ditugun bide seinale nabarmenek erakusten duten norabidean. Lehen zatian kasik leuna den bidearen bazterretan olibondo sail bikainen ondoan, artadi, mahasti, zainzuri landaketa eta zereal lurrak ikusi ahal izango ditugu.
Bide eroso horrek berehala gerturatuko gaitu Artaxoako trikuharrien ingurura. Artaxoatik gertu dauden lur horietan, Brontze Aroko herrixka bat zegoen, eta bertan bi trikuharri altxatu zituzten, eta horiek dira egun Nafarroan dauden megalitoen adibiderik nabarmenetakoak. Nafarroako mendialdean adibide asko dauden bezala, askoz gutxiago dira hegoaldean aurkitutakoak, eta, zalantzarik gabe, kultura megalitikoaren adibide bikainak dira. Lehenari Enerizko atea esaten diote, eta mendi muino txiki batean kokaturik ikusi ahal izango dugu; bertara igo ondoren, berehala ikusiko ditugu hileta ganbera, bederatzi harlauzaz inguraturik, eta korridorea, beste sei harlauza txikiagoz osaturik. Atzealdean, erdiko harlauza zulatua dago, barrura sartzeko. Horiek ez ziren estaltzen, eta, normalean, adarrak eta lurrak erabiltzen zituzten estaltzeko.
Gure ibilbideari jarraituz, trikuharriaren ondotik marrazten den xenda nabarmenetik aurrera egingo dugu, aldapa motz eta piko bati aurre eginez. Berehala, haize errota batzuen azpialdetik pasatuko gara, zutarri baten ondotik igaroko gara, eta pinudian sartzen den bidezidor batek Farangorteko mina izeneko bigarren trikuharriaren ondora eramango gaitu. Egituraz berdinak badira ere, aurrekoa baino txikiagoa da. Trikuharri horietan era askotako objektuak aurkitu zituzten: botoiak, puntzoiak, gezi puntak… Trikuharriaren ondotik xenda bat ateratzen da; eskuinera hartu, eta azkar jaitsiko gara lurrezko pista zabal batera, eta bertatik beteko dugu ibilaldiaren bigarren zatia abiapuntura itzultzeko.
-
Artaxoa Mina de Farangorteatik
-
Mina de Farangortea trikuharria
-
Mina de Farangortea trikuharria
Ibilbidea amaitu ostean, merezi du Artaxoako hiribildu nafarrari bisita egitea. Autoz bertan dagoen aparkalekura joan, eta kale artean murgilduz Erdi Aroko giroan gaudela irudituko zaigu. Antza denez, 1085. eta 1109. urteen artean Okzitaniako elizgizonek eraikitzen hasi ziren, eta hurrengo hamarkadetan aldaketa eta hobekuntzak izan ziren. Berehala ohartuko gara harresi gehienak zutik daudela eta bertan dorre bikainak altxatzen direla. Sorrerako hamalauetatik bederatzi baino ez dira zutik gelditzen. Nafarroako Konkistaren garaian beaumontarren kontrolpean zen, eta, horregatik, 1512, 1516 eta 1519. urteetan izan zen gaztelu eta harresien suntsipenetatik libre geratu zen. Harresiak —El Cerco izenaz ezaguna— sarrera desberdinak ditu: Remaguakoa, Rabalgo atari zaharra, San Migelgoa eta Aitzaidea. Gunearen erdian, San Saturnino eliza gotikoa dago, eta bisitatzea ere merezi du. Eta, ibilbidea amaitzeko, harresi barruko eremua eta errabala lotzen zituen harri zolazko kaleetatik hirigunera jaits gaitezke.