Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Barakaldoko karga gunea
Barakaldoko karga gunea | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Barakaldo |
Distantzia | 4 km. Ordubete. |
Ingurunea | Mea erazuteko sukarra pil-pilean zela, Franco-Belga enpresak lehengaia kargatzeko leku batzuk eraiki zituen itsasadarraren ertzean. Gaur egun, begiratoki deigarri bilakatu da egitura zahar horietako bat. |
Abiapuntua | Barakaldoko BEC |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
'[1]
Ibilbidea
[aldatu]Barakaldo (Bizkaia) Bilbo Handiko eskualdean dago, Ibaizabal ibaiaren ezkerraldean. Aurreneko aldiz bertaratzean, eraikin handiek emango digute atentzioa; baita etxebizitzen metaketak ere. Makina bat bizilagunek topalekua aurkitu zuten hor aspaldi, industrializazioak berebiziko indarra hartu zuen garaian. Itsasadarraren altzoan goititzen da Barakaldo, paraje bitxi eta gorabeheratsuan. Etxe multzoa, ordea, ez zuten galtzagorriek gau batean eraiki, ezta Bargotako aztiak ere, Okako mendietara zalu eta bizkor abiatzen zela. Bazter horrek historia aberats bezain interesgarria metatzen du. Izan ere, Donemiliagako kartularioan, 1051koa da Barakaldo herriaren gaineko lehen aipamena.
Ekonomia aldaketa
[aldatu]Foruen amaierak inguruko mendietako mineral erauzketaren liberalizazioa ekarri zuen, eta, harekin batera, kapital pribatuen etorrera. Pribilegioa amaituta, beraz, atzerriko enpresek meatzaritza esparru onak eskuratu zituzten bizkor. Azken karlistaldia amaituta, hortaz, Bizkaiko meatzaritzaren urrezko garaiak izan ziren. Trianoko mendiak eta Errekatxo ingurukoak ezin emankorragoak gertatu ziren. Lehengai preziatua bagoietan garraiatzen zuten; gero, itsasadarreko kargalekuetatik itsasontzietan sartzeari ekiten zioten. Teknika berria eta lan irizpide kapitalista ezartzeak Europako siderurgiaren eskaerari aurre egiteko bidea eman zien enpresei. Lehengo biztanle gunerik garrantzitsuena Galindo ibaiaren bokalean egon zen hasieran; baina Barakaldok lekukoa hartu zuen berehala. Ekonomia areago sustatzeko, Bizkaiko Labe Garaiak izeneko enpresa handia sortu zuten hainbat enpresaburuk XIX. mende amaieran. Barakaldoko hazkunde demografikoa lar handitu zen orduan, eta berebiziko hauspoa hartu zuten bazterrok.
XX. mendeko lehenengo hamarkadetan, baina, meategiek gainbehera ezagutu zuten. Ateak ixten hasi ziren, burdina ez baitzen kalitatezkoa. Mendi magaletan irekitako zuloak husten hasi ziren, beraz, baita haien ondoan altxaturiko auzo jendetsuak ere. 1990eko hamarkadan, bere garaia iritsi zitzaion ordura arte erreferentzia izandako enpresari: Labe Garaiak izenekoari. Edonola ere, Barakaldok ez zuen industriagabetze horrekin amaitu bere garapena. Gaur egun, Barakaldoko ekonomia zerbitzuen sektorean oinarritzen da. Hala, turismoak eta saltokiek indar handia dute.
Bizkaiko industrializazioaren nondik norakoak ulertzeko ezinbestekoa da, hortaz, Barakaldo bisitatzea. Ondorengo erreferentziei jarraituta, besteak beste, eraikin historikoak, trenbideak eta burdina meak zamatzeko lekuak bisitatuko ditugu.
BECetik trenbidera
[aldatu]Barakaldoko Bilbao Exhibition Center (BEC) erakustazokaren aurrean hasiko gara ibilian. Metalezko sare erdi garden batez inguratutako sei pabiloik osatzen dute eraikin moderno eta deigarria, eta hamar urte bete zuen apirilean. Ate nagusiaren aurreko Azkue ingurabidea zeharkatu, eta Aragon kalean aurrera egingo dugu, hots, botikatik gertu dagoen bidetik. Arteagabeitia eskolaren paretik igarota, Leon kalera helduko gara, bizkor-bizkor. Eskuinera egin, eta zubiaren ondoko eskailerak igota, goratasuna hartuko dugu. Justizia jauregiaren aurrean dagoen Bide Onera plazatxoan garela, ezkerrera hartu, eta Askatasunaren etorbidetik segituko dugu. Botikara helduta, eskuinera jo, eta Juan de Garai kaleari men egingo diogu. 1985era arte izandako udal hiltegia ikusiko dugu han. Gaur egun, Hizkuntza Eskola Ofiziala dago.
Zaballa kaletik segituko dugu gero, hots, oinezkoentzat gertatuta dagoen lekutik. Jose Ramon Gomez Nazabal artistak egindako Postaria izeneko eskultura bitxia ikusteko parada izango dugu kale erdian. Biltzar Nagusiak gurutzatuta, San Joan kalean gora egingo dugu. Arana kalearekin bat egitean, ezkerrera jo, eta maldan behera abiatuko gara. Trueba parkearen ertzetik igaroko gara, palmondoak eta arbustu japoniarrak bistan ditugula. Parkearen behealdean, Dolores Ibarruri oinezkoen pasealekua ikusiko dugu. Bidegorri baten moldean prestatuta dago. Beste garai batean, ordea, Franco-Belga meatzaritza enpresak baliatutako trenbidea izan zen.
Kargatzeko leku berria
[aldatu]Bidegorria gurutzatu, eta Arana kaletik segituko dugu. Murrieta kalearekin topo egitean, alondegi zaharra bistan izango dugu aurrean. Autobus geralekuaren atzean duen eraikina da. Eskuinera hartu, eta hainbat metro egin ostean, Portu kaletik segitu eta Ramon y Cajal kalean ezkerrera egingo dugu. Larrea herri ikastetxea ikusiko dugu laster. Ezkerretik segi, eta egitura metalikoz apainduta dagoen pasealekura jaitsiko gara. Bizkaiko Labe Garaietako egoitza nagusiaren aurrean gaude: Carmen eraikina. Portuko Dartsena plazan haur eskola ikusiko dugu. Aurrerago, Desertu plaza zeharkatu, eta garai batean Bizkaiko Labe Garaietako azpiestazio elektrikoa izandakoa bistaratuko dugu berehala. Adreilu gorriz eraikita dago, eta erraz egingo zaigu topatzea. Sestao eta Santurtzira doan zubiaren ondoan, eskuinera egin, eta platanondoz osatutako ilarari jarraituko diogu. Gaur egun Kargatzeko Lekuen pasealekua izena hartu duen bideari jarraituta, 2002an zaharberritutako egitura bitxia ikusiko dugu: Franco-Belga enpresak 1886an inauguratu zuen kargalekua. Ibaiaren gaineko begiratoki ederra da gaur egun.
Aurrerago, Orconerako meatokiarekin lotura zuen kargatzeko leku zaharra ikusteko aukera izango dugu. Porlan bideari jarraituta, Lutxanako trenbidearen gainetik igaroko gara. Segidan, Luchanamining kaletik aurrera eginda, Serralta zumarditik segi, eta eskuinera hartuko dugu bidebanatzean. Tunela igarota, BECen amaituko dugu Barakaldon barrena egindako zirkuitua.