Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Bargagain pagadi sorgindutik

Wikibookstik
Bargagain pagadi sorgindutik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Urbasa, Bargagain
Distantzia 6,1 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Gure orografian dagoen agertoki sekretu eta sorginduetako bat ezagutzeko aukera paregabea emango digu ibilbide honek.
Abiapuntua Urbasa
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Gure orografian dagoen agertoki sekretu eta sorginduetako bat ezagutzeko aukera paregabea emango digu ibilbide honek.[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ibilbide hau burutuz gero, naturak liluratua duen orok gutizia bat izango du bere zentzumenen gozamenerako. Gure orografian dagoen agertoki sekretu eta sorginduetako bat ezagutzeaz gain, Urbasako gandorra den talaia paregabetik, inguruko mendi eta Sakanako ikuspegi ederra izango du. Hamaika dira Urbasak bere erraietan gordetzen dituen altxorrak, eta ibilbide zirkular honetan horietako batzuk bisitatu eta ezagutzeko aukera paregabea izango dugu.

Abiapuntua, Urbasako mendatean dagoen informazio guneko aparkalekuan, edota, hori beteta egonez gero, aurrerago dagoen beste batean izango dugu lekua. Berehala, berdez eta gorriz margotutako egurrezko hesola txiki batzuk (mendizaleen ibilbidea gorriz eta Pagadi sorginduaren berdez) erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Metro gutxi bete eta berehala, ibilbide egokituarekin bat egingo dugu. 850 metro luze den bide horretan zehar aurrera egin, eta trenbide zaharraren errail baten ondotik pasatuko gara, garai batean trenbidea egiteko zurezko trabesak handik ateratzeko erabiltzen zuten trenbidearen lekuko isila. Txabola zaharra ezkerrera utzi, eta, bukaerara heldu baino lehen, eskuinetik desbideratuko gara, marka berde eta gorriei segituz. Basoan murgiltzean, lantegia deitzen zioten txondorra eta ikazkinek aterpetzat zuten txabola ikus daiteke. Bide erosoak ordoki berdea gurutzatu, eta berriro pagadian sartuko gara, bi ibilbide bereizten diren lekuan, hain zuzen. Aurrerantzean, marka berdea duten egurrezko hesolek erakutsiko digute jarraitu beharreko norabidea.

Formazio bitxiak

[aldatu]

Ordokia igaro eta berehala, bidea maldan gora jarriko da, altuera erraz irabaziz. Errebuelta batzuk eman, eta ezkerraldetik egurrezko ataka txiki bat ikusiko dugu, eta, aurrerago segituz, beste bat. Bata edo bestea aukeratuko dugu bide balizatua utzi eta pagadi sorginduan barneratzeko. Alanbrezko hesiaren beste aldera igaro, eta kareharrizko bloke handiak han-hemenka barreiaturik ikusiko ditugu. Norabide jakinik gabe bloke erraldoi horien artean noraezean ibiltzeko aukera izango dugu. Itsaspekoa, onddoa eta muskerra dira besteak beste ezagunenak diren formazio bitxiak, denak ere goroldioz eta huntzez jantzirik.

Harat-honat ibili eta gero, bide balizatura itzuli, eta gandorrera igo gaitezke, edo bestela, pagadiaren goiko aldetik, haitz erraldoien artean ibiliz, Bargamenditik gertu dagoen lepora iritsiko gara, ikusgaitz den xendan barrena. Biek ala biek Urbasako gandorrera eramango gaituzte, eta handik erraz iritsiko gara Bargamendiko talaia paregabera. Merezi du gurutzearen oinean dagoen ezproi itxurako haitzean eseri, eta begien aurrean dugun ikuspegi zabalaz gozatzeko tarte txiki bat hartzea.

Abiapuntura itzultzeko, gandorretik jarraituko dugu, bidegurutzera heldu arte. Han, metalezko hiru seinalek erakutsiko digute aukeratu beharreko bidea. Gandorrekoa eta Altsasura doan zuzenekoa utzi, eta ezkerretik jaisten den bide nabarmena hartuko dugu. Gorakoan ez bezala, bizia da pagadian marrazten den aldapa, eta erraz galduko dugu irabazitako altuera guztia. Beheko ordokira iritsi aurretik, pago baten sustraietan dagoen leize txiki batekin egingo dugu topo. Oso gertu dagoen ibilbide egokituarekin bat egin, eta ibilbidearen hasieran betetako bidetik itzuliko gara aparkalekura.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua