Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Basabürüko talaiak
Basabürüko talaiak | |
---|---|
Herrialdea | Zuberoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Atharratze, Erretzü, Züztarriko lepoa, Maidalena, Etxebestea |
Distantzia | 14 km. 5 ordu eta 20 mn. |
Ingurunea | Basabürüko Maidalena eta Erretzü banaka ezagutzeko aukerarik izan baduzue lehen, biak batera gozatzeko parada emango dizue txangoak. |
Abiapuntua | Atharratze |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Basabürüko Maidalena eta Erretzü banaka ezagutzeko aukerarik izan baduzue lehen, biak batera gozatzeko parada emango dizuen txangorako bidea har dezagun orain. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Ibilbidearen abiapuntua aurkitzea oso erraza izango da: Atharratzeko (Zuberoa) erdiko edo arkupetako plaza. Han bertan edo Postaetxe ondotik igarota, alboko aparkalekuan ibilgailua uzteko aukera dugu. Aski hurbilean kokatuak diren Maidalena eta Erretzü mendixketara joateko txangoa Erretzüra igota hasiko dugu. Harako bidea hartzeko, kiroldegi estaliaren norabidera jo beharko dugu. Seinale elebidunei jarraituz erraza da aurkitzea, baina, badaezpada, jakin behar da Hotel de la Poste edo Baratzegienea ostatu-jatetxearen, Kürütxaga tresna saltegiaren, Daguerre jauregiaren eta Pierre jauregi kolegioaren albotik igaro behar dela.
Kiroldegi estalia pasatu eta gero, bide txiki batek Etxeberriko errekari jarraitzen dio Erretzü mendixkaren hegoaldeko maldaren azpitik. Une batez, Iragoineborda etxalderako —mapan, Irigoinegarai oker emana da— abiapuntua ezkerraldean utzi eta berehalaxe, lurbide baten gora hasiko gara ibiltzen. Zuhaizpetatik aski laster atera eta gero, iraztorra (garoleku) baten gora garamatza Xiberoko xendak ibilbideetako bidezidor kolore horiz seinalatutakoak. Azken batean, txango honetan seinale horiek izango ditugu ia burutik buru bidelagun, Erretzü eta Maidalena gailurren arteko zatian izan ezik. Iraztorraren gora seko igo beharko zaigu une batez, baina, arnasa hartzean, egundoko bista ederra gozatzeko aukera izango dugu. Mendebaldera, Arbaillak mendialde zoragarria eta haren altzoan Ibar-esküina haranako herriak lerro-lerro ikusiko ditugu.
Hegi ederretik beherantz
[aldatu]Erretzü gailurrera gorantz egitean, ipar-mendebalera, Maidalena mendixka ere hortxe izango dugu. Oso-oso lasai ibilita, ordu bat eta erdi edo bi orduren buru, Erretzü gailurra (700m) zapatuko dugu. Egia erran, ibilbidearen alde horrek Erretzüren mendebaldeko hegi bazterrera garamatza, eta Maidalenara buruz joan aurretik, balio du zinez gailurra emana den tokira jotzea, ekialderantz dozena gutxi metro eginda. Jadanik erran izan dugun bezala, Erretzüko bizkar zorrotza, mendi hegien artean, politenarik bat da. Joan-etorri labur bat egin ondoren, Maidalenara buruz abiatuko gara, hasiera batean ibilbide seinalatuari jarraituz.
Haatik, kontu handiz jokatu beharko da, Erretzüko ipar-mendebalderako bizkar hariaren behera jaistean une batez ezkerraldera jotzen duen ibilbide seinaledun hori utzi egin beharko baitugu. Guk bizkar hariaren beherantz jarraituko dugu Oillegietako hegitik, guztiz mendebaldera. Hemendik ere bidezidorra badago, eta uso ehizarako eraikin itsusi batzuk pasatu eta gero, Züztarriko lepora (444 m) jaitsiaraziko gaitu xendak. Jaitsiera nahiko sekoa dela ohartzen ahal da, beraz. Atharratze, Montori eta Barkoxerako bideen topaleku den gurutzu horretan, erabat iparralderat joko dugu, autoentzako bidea berehalaxe utziz eta ezkerraldean dagoen organbide bat hartuz. Horrek, goxo-goxo, gorantz eramanen gaitu, pago eta hurritzen itzalpean. Une batez topatuko dugun sardan zuzen jo ondoren, Maidalenako kaperara deraman bidearekin topo egingo dugu, eta ezkerralderat, gorantz bidean, hartuko dugu.
Sineste zaharren jakile
[aldatu]Zenbait ehun metroz bide honetatik ibiltzeaz beste aukerarik ez dugu izango, baina, bihurgune batean, Maidelanaren hegoaldeko maldaren gora jo ahal izango dugu, otelarre batean. Laster gara Maria Maidalena santuari eskainitako baseliza edo kaperan (795 m). Erlijio kristauak gure arbasoen sineste zaharren kokaleku bat du gisa horretara bereganatu. Gailur hori Maida jainko emakumeari eskainitakoa zen. Sineste edo ez sineste kontuetan… bakoitzak berea!
Maidalenaren ia 800 metroek sekulako bista zabala eta miresgarriaz oparitzen digute: Biarno eta Bigorrako bortu gainetatik Lapurdiko mendietaraino ematen du begi bistara, bien tartean daudenak gainerat. Ez da harritzekoa, beraz, kasko horretan jarri izan badute telebista edo beste baliabidetarako hedagailuak jasotzen dituen habe alimale bat.
Gailurraren hegoaldeko maldan, kaperatik zenbait dozena metro apalago urratu duten bide harriztatura jaitsiko gara, eta eskuin aldera hartuko. Bidexka horretan, 300 metro inguru ibili ondoan, erabat hegoalderantz seko jaisten den bidezidor baten abiapuntuari ez diogu huts egin behar. Arretaz ibili behar da, xenda abiapuntu hori ez baita oso ongi ageri. Dena den, kapera ingurutik bertatik seinale horiak berriro ere bidelagun izango ditugu.
Maidalenaren hegoaldeko maldako bidezidor eta lurbide horiek seko behera bidean eramanen gaituzte. Paraje ederrez gozatzeko aukera ematen digu, haritzondo, gaztainondo eta hurritzondoen artean dabilen ibilbideak. Azken batean, gailurra utzi dugunetik ordu bat eta ordu bat eta erdi inguru ibili ondoren, Sorholüze auzoko Etxebestea etxaldera helduko gara (290 m). Bide txiki batek Begi Ütürriko kalbariora lagunduko gaitu. Gurutzea pasatu eta berehalaxe, bide handiagora iritsi gabe, ezkerraldera apur bat gorantz abiatzen den karrika txikia hartuko dugu, San Antonio ospitale eta zahar etxeraino. Handik aurrera bide handiagoan jarraituko dugu.