Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Behialako urak, Guardian
Behialako urak, Guardian | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Guardia, Prao de la Paul, Carralogroño hezegunea, Musco hezegunea, Carravalseca hezegunea |
Distantzia | 10 km. ordu. |
Ingurunea | Arabako Errioxako paisaia lehorrean uraren garrantzia da notizia: aintzira endorreikoei orain beste bat gehitu behar diegu, Guardia hegoaldean duela 2.100 urte zeltiberiarrek eraikitako urmael ikaragarria. |
Abiapuntua | Guardia |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Arabako Errioxako paisaia lehorrean uraren garrantzia da notizia: aintzira endorreikoei orain beste bat gehitu behar diegu, Guardia hegoaldean duela 2.100 urte zeltiberiarrek eraikitako urmael ikaragarria. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Guardiako (Arabako Errioxa) aintzirak ezagutzen ez dituenari interesgarria gertatuko zaio, ibilian hasi aurretik, harresiaren aurreko talaiatik soa luzatzea: paisaia errioxarraren gaineko ikuspegi galantez gozatzeko aukera izango du eta. Ekialdera begiratuta, makalez inguratutako lehen hezegunea harrapatuko du bisitariak, ahalegin handirik egin gabe. Guardiako paisaian dauden aintziretan handiena da. Soa hegoaldera luzatuta, ordea, Carralogroñoko sakonune endorreikoaren distira susmagarriak atentzioa emango dio. Zer dela-eta ageri da ura paisaia lehorrean? Bada, misterio hori argitzeko, Guardiako inguruan ibilbide interesgarri bat egin daiteke.
Errioxak ardogintzarekiko lotura izan du mendeetan. Azken urteotan, gainera, upategi modernoak egin dituzte paisaian barrena, eta tokiko turismoa indarberrituta atera da. Baina ardogintzaren kulturari ez ezik, ondare artistiko-arkitektonikoari ere errenta ateratzen primeran asmatu du Guardiako hiribilduak. Baita natur ondareari ere. Inguruko aintzirak, esaterako, Biotopo babestu figuraren bidez aterpetuta daude aspalditik, eta Ramsar-eko Hitzarmenaren zerrenda sonatuan agertzen dira. Bestela esanda, urak egundoko garrantzia du Errioxako lurraldean. Hegaztiek bakarrik ez, orain milaka urteko gizakiek ere bapo asmatu zuten urre gardena ondo kudeatzen. Horren harira, Burdin Aroko Europako urmael eraikirik handiena inauguratu berri dute hegoaldeko talaian. Paradoxa bada ere, ardogintzaren hiribilduan lan hidraulikorik handiena aurkitu dute han. Egindako kalkuluen arabera, 300.000 litro ur baino gehiago biltzeko aukera emango zuen zorupeko haitz-geruzan eraikitako biltegi horrek. Hori guztia orain 2.100 urte! Indusketa arkeologikoek ondorioztatu dutenez, Guardiako muinoa bizilekutzat hartu zuten La Hoya herrixka abandonatu zutenek. Nonbait, urmael erraldoia herritar zeltiberiarrek eraiki zuten K.a. III-II. mendeetan.
Ikusten dugunez, mendeetan zehar urak baldintzatu du Guardiako biztanleen bizimodua.
Hiribildutik hezegunera
[aldatu]Guardiako Carnicerias izena hartu duen ate zaharraren aurrean hasiko dugu ibilbidea. Beherantz egingo dugu harresiaren aurreko estalpe berriaren azpitik. Kale estua eta aldapatsua da. Guardia—Logroñoko errepidearekin bat egingo dugu berehala. Eskuinera egingo dugu han, eta, errepidea gurutzatuta, futbol zelaira doan kaletik joko dugu. Biotopo Babestura agintzen duten seinaleak gogaide, Prao de la Paul aintzira aurrean izango gara, ziztu bizian gainera. Guardiako hezegune handiaren ertzera iritsi gara. Argibide taula dotore bat ikusiko dugu han, aintziraren inguruko xehetasun guztiekin.
Aurrez aurre dugun urmaela ez da hezegune bakarra Guardian. Lau aintzira dira guztira, eta laurak Biotopo Babestuaren parte dira. Prao de la Paul deritzanak ura izaten du urte osoan. Urmaelaren bazter batean hezegunea elikatzen duen iturburua ikusiko dugu. Ureztatzeko putzu bat izan zen hasieran, baina, lanak amaitu zituztenean, ezusteko polita etorri zen: ur hegazti askok pausalekutzat hartu zuten tupustean, akaso parajeotako lasaitasunak eta bizi-kalitateak erakarrita. Hortaz, ura bertan metatu denez geroztik, aniztasun handiko gune bilakatu da.
Aintzira endorreikoak
[aldatu]Geologiari erreparatuta, interesa suspertu dute Biotopoa osatzen duten gainerako hirurek: Carralogroño, Musco eta Carravalseca deritzenek. Muscoko padura erabat lehortua ezagutu dugu. Baina aurtengo udaberria euritsua izan dela eta, ura metatzen hasi da sakonunean, poliki-poliki, eta, zorionez, hegaztien bisitak areagotu dira. Hiru hezeguneak endorreikoak dira, adituen esanetan. Garai batean ugari omen ziren Errioxako eskualdean, baina mahastiek eta olibondoek laster ordezkatu zituzten. Kostaldetik urrun samar egonda ere, aintziron ura erabat gazia da, hipergaziak hain justu, eta Carralogroñok eta Carravalsecak landaretza eta ezaugarri fisiko-kimiko bereziak dituzte. Europa osoan ez omen dago —hain iparraldean, bederen— horiek bezalakorik. Sakonune horietan euri ura baino ez da pilatzen, eta hezeguneak elikatzen dituen iturbururik ez da. Uda partean, beroaldiaren poderioz, ur guztia lurrundu egiten da, eta, magia kontua balitz bezala, gatz geruza zabal bat agertu ohi da. Zer dela eta, orduan, gazitasuna? Gatz horiek lurzoru buztintsutik datoz, eta uretan disolbatzen dira euria sakonunera itzultzen denean.
Erloju orratzen norabideari eutsita, itzuli polita egingo dugu hezegunearen inguruan, makal eta lertxunen babesean. Hala, ondoko atsedenlekutik ibilian ibiliko gara oraindik ere. Berehalaxe lezkadira doan bidexka bat ikusiko dugu. Sartu-irtena egingo dugu Prao de la Pauleko putzua elikatzen duen iturburua ikusteko. Bide nagusira berriz irtenda, behatokira iritsiko gara. Etxola bat ikusiko dugu ur laminatik gertu. Largabistak eskuan, aintzira bisitatzen duen fauna aurkitzeko aukera izango dugu. Besteak beste, murgil handia, lertxun hauskara, ahate mokozabala, ahate gorrizta, murgilari arrunta, kopetazuri arrunta, ubarroi handia, basahatea eta uroilo arrunta.
Aurrerago, harmaila batzuk ikusiko ditugu, lorategi botaniko baten antzera. GR-38 ardoaren eta arrainaren zidor historikoak egingo duen bezala, ezkerraldetik jo eta aintziraren ondoko bide zabala utziko dugu. Lehen metroak igota, eskuinetik segituko dugu zehar-zehar, mahastiak lagun. Bidebanatzean, eskuinera egin eta hartxintxarrezko bideari lotuko gatzaizkio. Hurrengoan, ezkerretik segi eta pikondo bat itsatsita duen etxola txiki baten ondora iristean, eskuinera egingo dugu. GR zidorrari men eginez, goratasuna galdu gabe jarraituta, Logroñorako errepidera irtengo gara. Eskuinera hainbat metro eginda, Carralogroñora bidera iritsiko gara. Hezegunea ezkerraldetik inguratzen duen goiko pistatik eginda, hegoaldeko muturrean jarriko gara. Aintzira bera bete-betean harrapatuko dugu handik, baita Guardiako talaia zein Toloño mendilerro malkartsua ere.
Carralogroño aintzirari bizkarra emanda, ezkerrera hartuko dugu bide sardan, eta Muscoko hezegunea inguratzen hasiko gara. Hego-ekialderantz bideratuko ditugu gure pausoak, GR-38 bidelagun. Aintzira gunea atzean utzita, bideak goratasuna hartzeko gonbitea luzatuko digu. Aldatsaren amaieran, eskuinera hartu, eta arte batzuek babesten duten etxalde batera iritsiko gara. Eskuinera jo eta berehala, Oion aldera doan GR zidorra utzi, eta Guardiara itzultzen hasiko gara. Carravalseca aintzirak protagonismoa hartuko du orain; izan ere, haren ondotik eramango gaitu bideak. Carravalseca atzean utzi eta berehala, ezkerrera eta behera egiten duen pistatik joko dugu. Paseo leunaren ostean, Lapuebla de Labarcarako errepidera irtengo gara, Guardiatik hurbil-hurbil. Gasolindegira jo ondoren, hiribilduraino lagunduko digun bidetik joko dugu.