Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Behorlegituturru eta Hauskoa

Wikibookstik
Behorlegituturru eta Hauskoa
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Beherea
Zailtasuna Zaila
Lekuak Behorlegi, Hauskoa, Behorlegituturru
Distantzia 18 km. 5 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Garazi eskualdeko Arbaila mendigune berdeko bi gailur lotuko ditugu, Behorlegituturruko mailarik behekoenetik igotzen hasita; gogotik ahalegindu beharko dugu, bada, itzulia egiteko.
Abiapuntua Behorlegi
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Garazi eskualdeko Arbaila mendigune berdeko bi gailur lotuko ditugu, Behorlegituturruko mailarik behekoenetik igotzen hasita; gogotik ahalegindu beharko dugu, bada, itzulia egiteko. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Behorlegiko (Nafarroa Beherea) elizpean bada bidegurutze bat, eta handik abiatuko gara. Kale nagusian barrena joango gara, eta, herria atzean utzi ahala, Behorlegituturru tontorrerantz joko dugu, modu erabat nabarmenean ageri baita haren gainetik. Errepidetik jaitsiko gara Behorlegiko errekaren ubideraino, eta bi zubi gurutzatuko ditugu bata bestearen atzetik, eta, gero, ezkerrerantz egingo dugu. Pista batetik, ukuilu handi batzuen aurrez aurre izango gara aurki; bihurgune batera iritsitakoan, eskuineko bidetik aldenduko gara.

Olhazarreko amildegiko uren albotik igoko gara; lehen bidebanatzean, gatozen ur ertzetik segituko dugu, eta bigarrenean, eskuinaldekora aldatuko gara. Igo ahala aurkituko dugu Behorlegiko gailur harkaiztsua, eta, larredi bateko atakara iritsiko gara; hura ezkerraldera utzi, eta basoan barreneraino doan bidezidor mugarriz jositako batetik segituko dugu.

Mugarriz mugarri, hainbat zidor eta bidetatik ibiliko gara, baliza berde-hori batzuetaraino iritsi arte. Basoan barrena egingo dugu amildegian gora, aire zabaleko garo sail bateraino, eta, hango hesolei segika, basoaren muinera itzuliko gara. Pare bat lats gurutzatuko digu, eta gailurreko harkaitz multzoen azpitik egingo dugu gora, eta bidegurutzeetan, mugarrien lerrotik joko.

Amildegiaren parez pare igotzeari utziko diogu, eta eskuinalderantz joko dugu, eta amildegitik aldenduko gara bide handiago batekin topo egitean; handik segituko dugu ezkerrerantz, eta, hurrengo, bidezidor estu bat agertuko zaigu, eta gorantz egingo dugu; bide hori landarediak hartua du hainbat metrotako zatian, borda eta guztiko larredi batera iritsi aurretixe.

Behin basoaren goialdean gaudela, eta Egurzeko mendi lepoaren behealdean, bidezidorrean aurrera egingo dugu hesiaren ondotik. Hortixe segituko dugu, baina tentu handiz, eta lats bateraino iritsi artean bakarrik; basotik irtendakoan, belardi batean gora egingo dugu, eta berehala iritsiko gara Egurzeko mendi lepora.

Han, ezkerrera joko dugu pistatik, hainbat mugarrik zedarrituriko bidezidor batekin topo egin arte; Harritxarteko mendi leporantz jotzen du. Behorlegituturruko hegal harkaiztsuko ertz ebaki batean dago Harritxarte. Ibilbide sigi-sagatsu baina samur batetik igoko gara haraino; behin han, eskuinetik joko dugu zuzenean gailurreraino. Harkaitz handi bat aurkituko dugu aurrez aurre; hura saihesteko, ezkerreko bidezidorretik hartuko dugu; behin gainaldeko lepora iritsitakoan, Behorlegituturruko gailurrerantz eramango gaitu zuzenean.

Gailurreko tontorretik izugarrizko ikuspegia izango dugu, belardi makurrek eta mendi mazela oihantsuek osaturiko ingurunearen gainetikoa; gailurretik hogeita hamarren bat metro harago segituko dugu aurrerantz, gailurretik gero eta gehiago urrutiratuz eta ibilbide ia zuzenean eginez beheraka, Landerreko mendi lepoko bidegurutzeetaraino. Han, errepidea gurutzatu, eta pistan gora segituko dugu, eta ur-andel batera iritsiko gara; handik aurrera, beste bidezidor bati ekingo diogu mendi mazelatik barrena, Hauskoako belardi zabaleraino.

Belardiaren iparraldeko mugarria da gailurra, eta hegoalderantz egingo dugu alderik alde, Behorlegituturru iparrorratz gisa hartuta; gero, atzealdeko mazelatik jaitsiko gara belardira, bestelako bidezidorren batetik jo beharrik gabe. Errepidera gerturatu ahala, ingurumariko harkaitz multzo baterantz egingo dugu, handik igarota iritsi ahalko baikara errepidera, inongo hesolatatik jauzi egin beharrik gabe.

Errepidea gurutzatu, eta belardian behera segituko dugu, Landerreko bordetarantz doan pistarekin bat egin arte. Borda pare horren parera iritsi aurretik, lurrezko bide bat aurkituko dugu, gorantz egiten duena, eta handik itzuliko gara atzera Harritxarteko mendi leporaino; hara iritsitakoan, igotzeko erabili dugun bide beretik jaitsiko gara ostera Behorlegi herrira.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua