Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Belozkarre, Lojibarretik abiatuta

Wikibookstik
Belozkarre, Lojibarretik abiatuta
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Zuberoa
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Lojibarre, Etxelu, Urdespari, Saiberri, Belozkarre
Distantzia 17,5 km. 4 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Larraineko haranaren inguruko gailur berdeez, inguruko ibarrez eta Orhi mendiak eskaintzen dituen paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du ibilbide honek.
Abiapuntua Lojibarre (Santa Grazi)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Larraineko haranaren inguruko gailur berdeez, inguruko ibarrez eta Orhi mendiak eskaintzen dituen paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du ibilbide honek. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Larraineko harana biltzen duen gailur lerro berdera igoko gara iparraldetik, atsegin hartuz ibarrak eta, haren beste aldean, Orhik eskaintzen diguten paisaia bikainarekin. Ibilbide honek aldapa gogorra du hasieran; gero, Urdespari (1.006 m) eta Salteburua (1.031 m) tontor apalagoak pasaturik, Belozkarren amaituko dugu (1.173 m), desnibelik apenas duen bide makotu batean, ikuspegi eder-ederrak inguruan.

Gailur lerroan gora

[aldatu]

Lojibarreko aterpearen parean, errepidearen beste aldean, bide bat igotzen da Ekibegitxipia auzorantz, eta hortik bertatik igarotzen da, halaber, GR10 ibilbidea, Iratiko Begargi mendaterantz. Bada, asfaltozko bidetik igoko gara bigarren bihurgunera iritsi arte, eta, hor, eskuinean dagoen bidexka balizatua hartuko dugu, hesi baten pasagunea gurutzatuta.

Bide oihantsu batetik, borda batzuen parera irtengo gara, eta beste hesi baten pasagunera. Hura gurutzatu, eta auzo-bidetik ekingo diogu berriz; 20 metroan hari eskuinaldetik jarraitu, eta GR10 ibilbide balizatura joko dugu, ezkerretik. Orduan, berriz ere baso barrura sartuko gara, eta mendi hegalean gora egingo dugu lurbidetik. Aurrerago, basotik irtetean, mazelaren erdibidean agertuko gara, Larraineko haranaren gainean. Ibarra begi bistan dugula, Urdespariren ekialdeko hegal zinez aldapatsuan gora joango gara.

Etxeluko gailur lerroa

[aldatu]

Etxeluko gailur lerroari ekinda, izen bereko basoa beste aldean dugula, larre bat eta borda bat inguratzen dituen hesi baten ondotik joango gara. Bigarren atakatik pasatzean, GR10 utzi, eta eskuinaldetik igoko gara, eremu zuhaiztsu baten aurrean ageri den puntatxora. Hala, Urdespariko tontor txikira iritsiko gara. Segidan, gailurraren gorenean barna egingo dugu aurrera, haranaren hegoaldean ageri diren ikuspegi izugarriekin gozatuz, eta, metro batzuk GR10etik eginda, bide hori berriz ere utzi, eta ondoko tontorrera igoko gara: Salteburukora.

Gailur horren beste aldetik, Etxeluko pagadiaren ertzeraino jaitsiko gara, eta, berriro GR10 bidera sartuta, hor hurbil dagoen mendi lepo batera iritsiko gara; Orhiren ipar-hegalaren irudi bikaina ikusten da handik. Segidan, GR10eko balizei jarraikiz, hurrengo gainera igoko gara, Bagozabalagara, zeina pagadi batek estalia baitago. Gu, ordea, ez gara goraino igoko; aitzitik, inguratu egingo dugu, pista asfaltatura iritsi arte.

Asfaltozko bidea gurutzatu, eta ezkerrean utziko dugu GR10 bidea. Eskuinetik, pago lerro bat, beste mazela bat eta hura estaltzen duen txilardia zeharkatu, eta Belozkarreko larreak baino lehen dagoen muinoaren gainetik egingo dugu aurrera. Belaze horietan dagoen aska batera iritsita helduko gara Belozkarreko gainera. Gero, handik, ibilbide beretik itzuliko gara, baina GR10 bidetik Salteburu eta Urdesparira desbideratu gabe oraingoan.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua