Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Bizkarze Iratiko Txaletetatik

Wikibookstik
Bizkarze Iratiko Txaletetatik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Zuberoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Bizkarze, Odeizügaña, Pellüsagaña, Iratiko etxolak, Mehatzeko lepoa, Arratzolate, Leherrako lepoa
Distantzia 14 km. 3 ordu eta erdi
Ingurunea Ibilaldi xume baina bizigarria egingo dugu terraza handi berde honetaraino, eta Orhi mendi tontorra, Iratiko oihan sarria eta Abodiko mendilerroko bizkarrak miretsi ahalko ditugu. Paisaia ikusgarri ugari dituen txango atsegina da.
Abiapuntua Iratiko etxolak (Larraine)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilaldi xume baina bizigarria egingo dugu terraza handi berde honetaraino, eta Orhi mendi tontorra, Iratiko oihan sarria eta Abodiko mendilerroko bizkarrak miretsi ahalko ditugu. Paisaia ikusgarri ugari dituen txango atsegina da. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Iratiko Txaleten aldeko aparkalekutik abiatuko gara; errepidea gurutzatuko dugu, eta etxola batzuk besteekin lotzen dituen bidetik joko. Baliza zuri-gorriei segituko diegu; hesola batean ageri denez, GRT 10 ibilbideari dagozkio, eta GR 12 ibilbiderantz doaz. Azken etxolaren behealdean, bihurgune bat agertuko zaigu, eta haren eskuinetara, desbideratze bikoitz bat; hura laga, eta beste idazkun bateko argibideei segika, bidezidor batetik joko dugu, erreiaren eta pistaren erditik, zeina GRT 10etik barrena baitoa Organbidexkako gailurreraino.

Bidezidorrean gora, pagadi baten magal malkartsutik igoko gara, eta Organbidexkako gailurreriako adar berderaino iritsiko; behin han, oso atzera ikusiko dugu basoa, eta Orhi tontorraren irudia gailenduko zaigu erabat paisaian. Eskuinaldetik joko dugu Organbidexkako gailurrerian, antena multzo baten paretik igaroko gara, eta asfaltozko pistan behera egingo dugu, zeina baitute komunikabide eremu horretan sakabanaturik dauden bordek. Errepidearen gain-gainetik doan bidezidor bateko muino bazterretik joango gara, baina errepidera sartu gabe, eta hala iritsiko gara Mehatze mendi lepora.

Mendi lepo horretan, GRT 10 lagako dugu, eta ezkerraldeko bidezidorretik joko, zeina edaska eta erreka baten aurrez aurre amaitzen baita. Errekaren gainaldeko mendi lepotik igoko gara, eta zelai batekin topo egingo dugu; zelai hori pista batek erdibitzen du, eta pista hori gurutzatuz, irtengune harkaiztsu bat ikusiko dugu aurrez aurre, eta harantz egingo. Irtengune horren ezkerraldeko ertzetik ibiliko gara, usategi ildo batetik barrena, eta pistaren beste adar batekin topo egingo dugu. Pistan behera joko dugu Arratzolate bordarantz, zeina Pellüsagañeko magal berdearen pean baitago; baina bordara iritsi baino lehen lagako dugu pista, bihurgune bat egiten duen zatian, eta eskuinetara ikusiko dugun bidezidor batetik joko.

Bidezidor horretatik, zelai batera iritsiko gara, erreka bat gurutzatuko dugu, eta eskuinaldetik gorantz ibiliko gara metro batzuetan, gainaldeko bidezidorrera iritsi arte. Bidezidor horretatik magalez magal ibiliko gara Pellüsagañean eta Odeizügañan barrena, eta, magal horietako tolestura bat gurutzatu eta gero, harkaitz bat aurkituko dugu aurrez aurre, eta haren oinarrira joango gara. Behin harkaizpean gaudela, eskuinera bira egin, eta Millagate gailurreko igarobide bateraino igoko gara; haren aurrez aurre ikusiko dugu, zutunik, Bizkarze gailurra. Mendi magalaren eskuinaldetik segituko dugu, bidezidor lauso batetik, Leherra mendi lepoan amaitzen den errepidearen gainetik.

Leherrako bidegurutzean, ezkerrera joko dugu, eta diagonal bat marraztuko bi mendi bizkar berdeen artean; zuzenean iritsiko gara horietako batera, eta haren atzean ikusiko dugu Bizkarze muinoa. Haren oinpeko panorama ikusgarriaz gozatu ahalko dugu, eta, gero, Leherrara egingo dugu atzera, errepidea gurutzatu, eta mendi mazela malkartsuan gora egingo dugu Odeizügaiñeraino iritsi arte. Behin bigarren mailako garaiera hori zeharkatuta, Sensibilie mendi lepo konkortsuan behera egingo dugu, eta antzeko muino batera igoko gara berriro, Pellüsagañera.

Gailur biribilkara horren eskuinaldetik egingo dugu beherantz, usategien ildotik, Arratzolate bordarako pistaren eta GRT 10 ibilbideari dagokion pista asfaltuzkoaren arteko lotunerantz. Behin han, ezkerraldetik inguratuko dugu irtengunea, joanekoan ez bezala, asfaltuzko pistaren paraleloan, eta Mehatzeko mendi lepora itzuliko gara; handixe hasiko dugu behin betiko itzulbidea, nonahitik ageri zaigun Orhiren silueta beti miragarriaren pean.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua