Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Carrias, Gaubeako haitza

Wikibookstik
Carrias, Gaubeako haitza
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Ezezaguna
Lekuak Arroyo de San Zadornil, Carrias, Gaubea
Distantzia 4,8 km. 2 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Carrias du izena mendebaldeko eskualdea irudikatzen duen tontorrak. Harroxko gailentzen da Gaubeako ibarraren bihotzean.
Abiapuntua Arroyo de San Zadornil (Burgos)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Carrias du izena Arabako mendebaldeko eskualdea irudikatzen duen tontorrak. Harroxko gailentzen da Gaubeako ibarraren bihotzean. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Kareharrizko laban zorrotzak eta hormatzar bertikalak goititzen dira Arabako mendebaldean. Gaubeako ibarra irudikatzen duen tontor paregabe batenak dira, oharkabe pasatzen ez den gailur horietako batenak. Gainaldean egon denak ezin dezake modu ederragoan deskribatu: 360 graduko paisaia ikaragarria irekitzen da puntu gorenetik, eta bertaraino iristeak zirrara berezia sorrarazten du.

Bistan da ez garela edonolako tontor batez ari. Carrias, Karria edo Gobea haitzaren paraje magikoaz mintzo gara. Toponimoari dagokionez, hamaika aldaketa izan ditu federazioek kudeatzen duten mendien katalogoan. Hizkiak ez ezik, kokapen fisikoa ere kolokan jarri izan da: Arrayuelas gailurrarekin nahasi izan dute sarri, nahiz eta azken horrek mendebalderago aurkitzen duen bere sosegua. Dena dela, Carrias toponimoaren alde egin dute 2014az geroztik, euskal jatorririk ez omen baitu harria edota kararria izenekin zerikusirik izan dezakeen paraje malkartsu horrek.

Tontorrean dagoen postontziak argi erakusten du bazter berrien bila ibiltzen ziren mendigoizale askok maitatu zutela Carrias. Bihotza eta begiak beti gazte, Imosa taldekideek —gerora Mercedes-Benz taldea osatu zutenek— hara bideratu zituzten euren pausuak 70eko hamarkadan, Rufino Ozaeta taldearen presidente zenak gogora ekartzen zuenez. Gainera, 80ko hamarkada hasteaz batera, kateak, pitoiak eta iltzeak jarri ziren, igoera seguruago egiteko. Egun, harriari lotutako material metalikoa berritua bada ere, tentu handiz ibili behar da azken zatian. Haizea dabilenean edota eguraldia espero bezain ona ez denean, hobe da ibarreko beste zoko batez gozatzea.

Carrias bidea

[aldatu]

Arroyo de San Zadornil (Espainia) da ohiko abiapuntua, eta hara joango gara Gesaltza-Añana, Espejo eta Gaubeako Hiriberri herrietatik igaro ondoren. San Millanera heltzean, ezkerrera egin eta Bovedarako bidea baztertuta, Arroyora iritsiko gara. San Zadornil-Obarenes mendiguneek osatzen duten natur parkean gaude. Elizaren ondoko plazatxotik Paules errekastora jaitsi eta geldialditxo bat egingo dugu iturrian. Handik metro gutxira ate metaliko txiki bat dago. Berez, lehen han goitik egiten zen Carriasko igoera, baina ate hori sokatxoek erabat itxita zegoen sarritan. Horrez gainera, oso zaila izan ohi zen maldan gora egitea, atearen ondoan pilaturiko lokatz itsaskorrak bidea oztopatzen baitzuen. Egokiena, beraz, iturrian ezkerrera egitea da, asfaltoari Valderejo aldera jarraitzea. Hala, hipika eremura iristean, errepidea utzi eta eskuineko ezpondaren gainean ikusiko dugun alanbrea gurutzatuko dugu. Maldan gora hasiko gara pinudiaren babesean.

Eskuin-ezker egin gabe, bidexkak zuzen-zuzen joko du, aldatsari aurre eginez. Arroyotik datorren bidexka berehala batuko da eskuinetik. Mugarritxoak ikusten hasiko gara leku estrategikoetan. Gora jarraituko dugu pitin bat, eta bidexkak ezkerrera egitera behartuko gaitu berehala (I-M). Zehar-zehar ibiliko gara, ler gorriez gozatzen. Segituan, bidexkak eskuinera okertu eta Carriasko hormara joko du, gogotsu. Atsedenik hartu gabe, bideak sigi-saga egingo du gora, ler gorriak eta erkametz xumeak gogaide.

Carriasko harritzara irtengo gara basoa atzean utzi bezain laster. Aurrez aurre, erloju naturala ikusiko dugu: Rueda del Mediodia izena duen zirkulu horixka bat da; izugarri handia da, eta laguntza handia ematen zien herritarrei erlojurik ez zegoen garaian. Bertako biztanleen esanetan, "eguzkiak harrizko gurpil erraldoian bete-betean jotzen du eguerdian, eta ez du sekula huts egin!—. Ezkerralderantz jarraituko dugu igotzen, bidexkak lagunduta. Hormara hurbiltzean, igarobide luze bat agertuko zaigu eskuinaldean. Sigi-saga, gora egingo dugu eremu labainkor horretan. Korridore edo kanala amaitu aurretik, iltze luze eta herdoildu bat ikusiko dugu haitzari lotuta. Harkaitzean irekitako zirrikituak baliatuta, zeharkaldi aereo txiki bat egin, eta tximinia baten ondoan jarriko gara. Kateak eta bestelako tresnak ikusiko ditugu han, behar izanez gero azken igoera modu erosoagoan egiten laguntzeko prest. Gainaldean, bidexkak gailurreriatik jarraituko du. Amildegi ederrak baitira alde bietan, tentu handiz egingo dugu postontziraino doan tartea. Zer gerta ere!

Paisaiaz bapo gozatuta, bide beretik egingo dugu jaitsiera.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua