Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Degurixako larreak
Degurixako larreak | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Araotz, Ezate, Andarto, Degurixa, Kontrasta, Ugaztegi, Santikurutz ermita |
Distantzia | 10,8 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Paraje eder hau sakonune karstiko bat da, artzainek artaldeak babesteko beti erabili ohi dutena. |
Abiapuntua | Araotz (Oñati) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Paraje eder hau sakonune karstiko bat da, artzainek artaldeak babesteko beti erabili ohi dutena. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Urbia eta Oltzako zelaiguneak paraje ederrak bezain erakargarriak dira, eta, horregatik, bisitari ugari jasotzen dute urteko edozein sasoitan. Baina, gertu, Araozko haranean badago antzeko beste leku bat, Urbia txikia deitu ohi zaiona, eta, aurrekoekin alderatuta, askoz leku ezezagunagoa dena: Degurixa edo Deguria. Araotzera heldu aurretik, Jaturabeko urtegiaren ondotik pasatu, eta nekazaritza giroko ingurunean murgilduko garela sumatuko dugu. Arrikrutzeko leizeak atzean utzi, eta Sandailiko haitzuloa dagoen ingurutik pasatuko gara. Denbora apur bat izanez gero, merezi du Sandaili edo San Eliasko haitzuloa bisitatu eta elezaharrek eta antzinako sinesmenek diotena gogora ekartzea. Gertu, eskalatzaile gazteak eta hasiberriak trebatzeko paretak. Berehala helduko gara Araotzera; aditu batzuen ustez, Lope Agirre euskal esploratzaile eta konkistatzailearen jaioterrira, hain zuzen ere.
Automobila aparkatu, eta Elizalde auzoko elizaren ondoan hasiko dugu gaurko ibilaldi samur hau. Errepidetik gorantz egin, eta berehala helduko gara Aizkorbe goikoa baserriaren ondora, eta honen ezkerretik ateratzen den pistatik aurrera egingo dugu. Berehala, bi bidegurutzerekin egingo dugu topo, lehena ezkerretik hartuko dugu, eta bigarrena, berriz, eskuinetik. Altuera poliki irabazi, eta pista batera aterako gara. Xendatik, pago zaharren artean aurrera egingo dugu, eta Araotz haraneko eta Aloña mendikateko ikuspegi zabala duen zabaldi batera iritsiko gara. Aurrera segitu eta berehala, pista zabal batera aterako gara, eskuinetik Andarto Txikiren oinera igotzeko. Andartoko piramidea gertuago ikusiko dugu. Pistatik jarraituz, bi bihurgune nabarmen egin eta erreka gurutzatu aurretik, eskuinera hartuko dugu. Harri pilo txikiek (cairn) erakutsiko digute zein den Ezateko lepora igotzeko bide zuzena.
Ikusmira bikaina
[aldatu]Lepoan gaudela, Degurixa aldera zuzendu, eta Andartoren hormaren hego-mendebaldetik, mendiaren ertzetik gertu, igoerarik erosoena bilatuko dugu. Etxe itxura duen buzoi zaharraren ondotik, Aloñako eta Aizkorriko mendien eta Degurixako sakonunearen ikuspegi aparta izango dugu. Postal eder horretaz gozatu eta gero, igotako bidetik beherantz egingo dugu, eta gertu dagoen Degurixako larreetarantz joko dugu. Bertan dauden borden ondoan eseri eta hamaiketakoa egiten dugun bitartean, inguruak eskaintzen duen lasaitasun eta isiltasunaz goza dezakegu.
Saroiei bizkarra eman, eta atzera egingo dugu, Kontrastako lepora doan bidea bilatuz. Urbaltz aldera jaisten hasi, eta, gas hodiaren seinalea ikustean, zuzenean jaitsiko gara. Pistatik behera segituz gero, Urkuluko urtegira jaitsiko ginateke, eta, horregatik, hori utzi, eta cowboyen itxura duen baserri kurioso baten ondotik ateratzen den xenda hartuko dugu Santikurutz ermitara igotzeko. Baselizaren atarian dagoen bankuan eseri, eta, parez pare, Araotz haranaren postal bikaina izango dugu.
Orkatzategi aldera doan bidetik altuera galdu, eta bidegurutzean aurkituko ditugun bideen artean eskuinekoa aukeratuko dugu, ubidearen azpitik metro batzuk ateratzen dena. Aurrerago, langa gurutzatu, eta bost bat minutu pasatu eta gero, ezkerretik marrazten den xendatik beherantz egingo dugu Aizkorbe goikoa baserriaren ondora atera eta abiapuntura jaisteko.