Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Elexazar eta Urrutia
Elexazar eta Urrutia | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Amurrio, Elexazar, Kortina, Aspaltza, Aldama, Goikomendi, Kuskumendi |
Distantzia | 11,8 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Amurrioko Elexazarko aztarnategi arkeologikoa ez ezik, Urrutiako kortina eta txondorzuloa ere bisitatuko ditugu. |
Abiapuntua | Amurrio (San Roke auzoa) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Amurrioko Elexazarko aztarnategi arkeologikoa ez ezik, Urrutiako kortina eta txondorzuloa ere bisitatuko ditugu. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Amurrioko udalerriari dagokion Elexazarko aztarnategi arkeologikoa ez ezik, Urrutiako txondorzuloa eta kortina ere bisitatuko ditugu ibilbide honetan.
Amurrioko udalerria iparraldetik mugatzen duen bazter ezkutuan, Elexazar izeneko tokia dago. Larrinbeko auzokide Andoni Aldamak tumulu bat topatu zuen hantxe goian, orain dela bost urte. Aztarnategiaren altitudeak (550 m), kokalekuak eta toponimia deigarriak eginarazi zizkioten Juango Hidalgo adituari arkeologia kanpaina batzuk 2009an eta 2011n. Txanponak, ferrak eta, besteak beste, burdinazko eta berunezko hainbat objektu azalera ekarri zituen arkeologo taldeak. Taurobolio bat ere topatu zuten aztarnategian, hots, izate sakratuak gurtzeko balio zuen kareharrizko elementu sinboliko bat. Materialon egiaztatzeko lanen ostean, Erromatar Inperioko aztarnategia dela ondorioztatu zuten adituek.
Elexazarrerako bidean
[aldatu]Elexazar inguruko bazterrak ezagutzearen kariaz, Amurrioko (Araba) elizaren ondoko aparkalekuan ekingo diogu ibilbideari. Oraingoz autoa utzi gabe, Bilbo aldera joko dugu, eta, Amurriotik irtendakoan, Ruperto jatetxera doan errepideari jarraituko diogu. Jatetxe parean oinez hasiko gara. Laster batean, goi tentsioko argi habe batera helduko gara. Orduan, autoentzat debekua adierazten duen seinalearen atzealdetik joko dugu. Basabideari segituta, aurre egingo diogu aldats piko bati.
Igo ahala, Amurrioko zabalgunea inguratzen duten bazter liluragarriez gozatzeko parada izango dugu. Porlan bidea amaitzean, erdiko bide harritsua hautatu eta aldapan gora egiteari eutsiko diogu. Sosegua hartzeko betarik gabe, maldari metroak eta metroak jaten arituko gara. Bidea leundu eta etzaten denean, urkiek hartutako muino txiki bat ikusiko dugu ezkerraldean. Bazter polit hori inguratuta, Elexazarko atakara iritsiko gara. Gero, zehar-zehar zuzenduko gaituen basabidetik jarraituko dugu, zailtasunik gabe. Hala, minutu gutxiren buruan, lepo txiki batera helduko gara. Porlanari jaramon eginda han, magalari gortea egiten jarraitu eta Elexazar izena hartzen duen aztarnategi arkeologikora iritsiko gara. Bideaz eskuinaldean dago, hesi luze batek ongi babestua.
Amurrioko kortina
[aldatu]Ekarri dugun bideari jarraitu eta Goikomendi-Kuskumendi natur parke aldera egingo dugu. Goxo-goxo ibilita, Amurrioko Naturbidea seinalatzen duen zutabe bat ikusiko dugu bide bazterrean. Eta hesiaz bestaldean, Urrutiako txondorzuloa eta behiala gaztainak gordetzeko erabilia zen kortina. Urrutiatik Erroiatx edo Aspaltzako tontorrera igotzeko aukera polita dago. Horretarako kortinaren atzetik doan bidexka hartu eta hariztian barrena ibilaldi ederra osatzen hasiko gara. Gora egiteaz batera, bidexkak astiro-astiro eskuinalderantz eramango gaitu. Esfortzu txiki bat eginda, tontorra aise zapalduko dugu. Gailurretik kortinaren ondoko pistara jaitsiko gara berriz ere. Hala ere, gailurrean beste aukera bat dago pistara jaisteko: hego-ekialdera egiten duen gandorretik jarraitzea baino ez da. Gero, pistari jarraituko diogu, eta, Bakuna eta Bidabe tontortxoak inguratuta, Goikomendi ondoko aparkalekura iritsiko gara. Lepo horretan, eskuinera joko dugu, eta Aldama auzora doan bidea hartuko. San Joan eta San Juda baselizaren ondotik igarota, bideak une oro gidatuko gaitu pinudian barrena. Jaitsiera luzea egin ondoren, basabideak errepide estu batera aterako gaitu. Ezkerretik jarraituko dugu pitin bat eta, laster batean egingo dugu bat Rituerto jatetxera doan errepidearekin.