Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Elizagorriko lurretan

Wikibookstik
Elizagorriko lurretan
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak La Planilla, Raposos, Cerrorroyo, Agudillo, Elizagorria
Distantzia 8,2 km. 2 ordu eta erdi.
Ingurunea Elizagorriko (Nafarroa) zereal lurren artean higadurak zizelkatu dituen erliebe bitxi, koloretsu eta dotoreak ezagutzeko ibilbide erakargarria da hemen proposatutako hau.
Abiapuntua Elizagorria
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Elizagorriko (Nafarroa Garaia) zereal lurren artean higadurak zizelkatu dituen erliebe bitxi, koloretsu eta dotoreak ezagutzeko ibilbide erakargarria da hemen proposatutako hau.[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Elizagorria herriko nekazari lurretan higadurak erliebe bitxi eta harrigarriak zizelkatu ditu mendeetan. Lubaki, mendixka eta beste hamaika forma koloretsu zereal lurren artean altxatzen dira inguruari itxura berezia emanez. Sasoiaren arabera, erliebe hauek soineko dotorez janzten dira: udaberrian berde biziaz, eta udaran, berriz, hori distiratsuaz. Ibilbide zirkular hau eginez gero, ingurune bakarti eta bitxi honetaz gozatzeko parada izango dugu, eta, bide batez, gogora ekarri Ramoncitoren elezaharra.

Elizagorrian autoa utzi eta gero, kale nagusitik beherantz egingo dugu, ekialderantz, hain zuzen ere. Odron ibaia gurutzatu eta bidegurutze batera heltzean, gure ezkerretik ateratzen den pista zabala hartuko dugu. Salado esaten zaion sakanean murgilduko gara, eta, lehen bidegurutzera iristean, ezkerretik igotzen den lurrezko beste pista bat hartuko dugu. Erraz iritsiko gara Raicilla eskortaren hondarren ondora. Horren ondotik, ikusgaitz den bideak gertu dugun lepora eramango gaitu, eta bertara iristean gertu ikusiko dugu Agudilloko tontorra. Motoek utzitako arrastotik azken aldapa motz eta pikoa igo, eta gainera helduko gara. Ez dago ez buzoirik, ez bestelako markarik. Bertatik, gertu ikusiko ditugu Cerrorroyo eta Raposos tontorrak.

Lehenik, Cerrorroyo aldera joko dugu, eta, horretarako, tontorretik beste aldera jaisten hasiko gara, eta aurrerago mendiaren magala zeharkatzen duen xenda aurkituko dugu. Laster lur okreak zapalduko ditugu, eta pista zabalera ateratzean Cerrorroyo mendixka gorrira gerturatuko gara. Bidetik at, ipar aldetik igoera erraza du. Pistara itzuli, eta aurrera egingo dugu Raposos mendixkaren ondora gerturatuz. Sumendi txiki baten itxura duen mendi horretara igotzeko, ipar- ekialdetik ikusiko duzun xenda moduko bat hartuko dugu, eta, aldapa motz eta pikoa gainditu ondoren, gainalde zabal batean agertuko gara.

Ramoncitoren elezaharra

[aldatu]

La Planillako goi lautadatik bereizten den uharte horrek ez du erakarmen berezirik, baina bada elezahar bat gogora ekarriko duguna. Kondaira horren arabera, inguru hauetan ba omen zen Ramoncito izeneko lapur bat mendi honetan leize txiki batean bizi zena. Inguruko muinoetan txorimaloak jartzen zituen lapur askok lagundurik zegoela irudikatzeko, eta, estrategia hori baliatuz, oihuka jaisten zen, jendea ikaratu eta lapurreta egiteko.

Igotako bidetik lepora itzuliko gara, eta hemen bi aukera izango ditugu: eskuin aldetik ateratzen den euri bidetik gorantz egin dezakegu, edo aurrez aurre ikusiko dugun pinudian murgildu eta maldan gora igoko gara, bide jakinik gabe. Goiko aldera ateratzean, La Planillako zereal lur zabalak ikusiko ditugu, eta pinudiaren paraleloan aurrera egingo dugu, apenas altuerarik irabazi gabe. Pistak bidegurutze batera eramango gaitu, eta eskuinekoa aukeratuz erraz egingo dugu aurrera. Elizagorri aldera doan lurrezko pista zabal horretatik, beste bidegurutze batera iritsi, ezkerrekoa hartu eta Salado sakanaren hasierako puntura jaitsiko gara. Abiapuntura heltzeko denbora gutxi beharko dugu.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua