Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Eltxumendi

Wikibookstik
Eltxumendi
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Oteitza, Arrate, Eltxumendi, Agua
Distantzia 4,6 km. Ordu 1 eta 45 mn.
Ingurunea Txulapain ibarrean kokatuta dagoen mendi honetatik Iruñerriko arroaren ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera paregabea dago.
Abiapuntua Oteitza
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Txulapain ibarrean kokatuta dagoen mendi honetatik Iruñerriko arroaren ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera paregabea dago.[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ibilbide motz eta erraz hau eginez gero, Iruñerriko arroaren ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dugu, eta, bide batez, XIII. mendean estilo gotikoan altxatu zuten San Joan Bataiatzailearen eliza birgaitu ederra bisitatu. Horretarako, herrian dagoen aparkaleku txiki batean autoa utziko dugu, eta porlanezko bidetik herriaren goi aldera abiatuko gara, GR220aren (Iruñeko Arroko Bira) marka zuri-gorriek erakusten duten noranzkoan. Pista zabaletik segitu eta berehala, ponpaketa kaseta baten ondotik pasatu eta bidegurutze batera iritsiko gara. Gertuko soro batera iristen da bidea, baina zedarri batzuek bide zabala utzi eta zidor bat hartzera gonbidatuko gaituzte. Alanbrezko hesi bat igaro eta bide balizatuari jarraituz altuera irabazten hasiko gara.

Hortik Eltxumendiko tontorrera iritsi arte marka zuri-gorriak izango ditugu lagun. Arrateko iturrien bidea izenez ere ezagutzen da bide hori, eta herria menderatzen duten bi mendien artean dago; berehala, artadi batean murgiltzen den xendatik erraz egingo dugu aurrera. Bidea estutuz doa, eta laster errekastoaren ondora iritsiko gara. Ezkerraldera pasatuta, estolderia kaseta bat ikusiko dugu, eta, berehala, erreka zabaldu eta zuhaitzik gabeko ibar txiki batera igoko gara. Ezkerretik xenda bat ateratzen da, baina hori utzi —gero jaisteko erabiliko dugu— eta eskuinetik marrazten denari jarraituko diogu. Larre zabal eta garbia zeharkatu eta pinudi aldera doan aldapa igoko dugu. Bidea zabaldu egiten da, eta, markei segituz, alanbre-hesiaren paraleloan aldapa gogorrenari ekingo diogu.

Ikusmira ederra

[aldatu]

Tontorrera ailegatu aurretik, herrien arteko mugak markatzen duen hesia gurutzatu eta azkar zapalduko dugu Eltxumendiko tontorra. Erpin geodesikoa eta buzoi pare bat. Iruñerriko arroaren ikuspegia zoragarria da, eta mendi hau igotzea erabakitzen dugun garaiaren arabera, zereal lur zabalen koloreek arro osoa jantzi dotorez blaitzen dute, batzuetan berde bizia eta bestetan hori distiratsua. Kontraste horiez gozatu ostean, jaisteko beste aukera bat baliatuko dugu. Alanbre-hesira itzuliko gara, baina igotzeko erabili dugun bidetik itzuli beharrean, oraingoan hegoalderantz jaisten hasiko gara, gure aurrean ikusiko dugun Agua izeneko mendiarekin Eltxumendik partekatzen duen lepora jaitsiz. Hor ere, marka zuri-gorri batzuk ikusi ahal izango ditugu —Sarasatik datorrena—. Alanbre-hesiaren paraleloan azkar galduko dugu altuera, eta aurrez aurre ikusiko dugun Aguako tontorrera igotzen hasiko gara bide nabarmenik segitu gabe —aukeran—. Ez dugu buzoirik ez bestelako seinalerik ikusiko. Abiapuntura itzultzeko, berriro lepora itzuli eta gorakoan igaro dugun ibartxora jaitsiko gara xenda nabarmen batetik. Errekaren ondora ailegatzean, Oteitzatik ekarri dugun gorako bidea hartuko dugu, eta konturatu orduko herriaren sarreran izango gara.

Gaurko ibilaldi erraza osatzeko, gertu dagoen San Joan Bataiatzailearen eliza gotikoa bisitatzera joango gara. Porlanezko bidetik herria utzi eta azkar iritsiko gara XIII. mendean eraiki zuten eliza eder horren ondora.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua