Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Enaren haritik tiraka

Wikibookstik
Enaren haritik tiraka
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa GaraiaBiarno
Zailtasuna Zaila
Lekuak Txamantxoia, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi, Arlas, Asolaze, Linza, Labeouat, La Pierre Saint Martin
Distantzia 4 eguneko bira
Ingurunea Mendiak Bizirik elkarteak berreskuratu egin du XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasiera artean Nafarroako eta Aragoiko emakumeek Mauleko espartin lantegietara joateko egiten zuten bidea, baita haien historia piztu ere.
Abiapuntua Asolaze (Izaba)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Mendiak Bizirik elkarteak berreskuratu egin du XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasiera artean Nafarroako eta Aragoiko emakumeek Mauleko espartin lantegietara joateko egiten zuten bidea, baita haien historia piztu ere.[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Maulera bizipoza zekartelako, udazkenean joan eta udaberrian itzultzen zirelako edota beltzez jantzita joan ohi zirelako, alai eta arin. Arrazoi horiengatik guztiengatik eta akaso bertze hamaikagatik deitzen zituzten enarak. Espartin fabriketara lanera zihoazen emigranteak ziren, ordea. Nafarroako Zaraitzu, Erronkari eta Aragoiko (Espainia) Echo eta Anso bailaretatik mendian barrena abiatu, eta urtearen zati handiena pasatzen zuten Oloroen (Biarno, Frantzia) eta Maulen, lanean.

Mendiak Bizirik elkarteak enaren ibilbidea berreskuratzen pasatu ditu hainbat urte, eta, gaur, mendizale andanarentzat eskuragai dago bidearen inguruko informazio guzia. Bidea bera irekitzeaz gain, handik pasatutako emakumeen oroimena ere berreskuratu nahi izan du taldeak.

Lau eta zortzi ordu arteko lau etapa ditu enaren ibilbideak, eta etapa bakoitzeko, aterpe bana. Mendiak Bizirik elkarteko Patricia Biskarretek azaldu duenez, «ibilbide polita zela ikusita, itxi egin dugu zirkularra izateko moduan». Hortaz, nahi den babeslekutik has daiteke bidea ibiltzen: Asolaze (Belagua, Nafarroa), Linza (Aragoi), Laberouat (Laskun, Biarno, Frantzia) edo Jeandeleko (Ereta, Biarno, Frantzia) aterpeetatik, hain zuzen. Bestalde, etapa bakoitzeko, bi ibilbide egin daitezke: bata lauagoa, magaletatik igarotzen dena, eta bestea, berriz, malkartsuagoa, gailurretan barrena. Bertzeak bertze, Txamantxoia, Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi, Lakora eta San Martin Harria dira ibilbideko mendiak.

Biskarreten arabera, «ibilbideak ez dauka zailtasun tekniko handiko zatirik. Hala ere, mendia da, eta ibiltzera ohituta egotea komeni da». Mapa, iparrorratz eta GPSarekin joatea gomendatzen da, dena den. Halakorik ez zeukaten, ordea, garai batean bidea egiten zutenek. Jose Antonio Perales Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta antropologoak azaldu duenez, enarek izaten zuten arazoren bat edo bertze bidean, bereziki eguraldiari lotutakoak. Eta hori, hain zuzen, gaur egungo tresnarik ez zeukatelako garai hartako emakumeek. Les Hirondelles dokumentala (Enarak) egin du Peralesek, eta, horretarako, aukera izan zuen enara izandako Burgiko (Nafarroa) Felipa Ezkerrekin hitz egiteko. Gogoratu duenez, «bidea gogorra izaten zen. Eguraldiaren iragarpenik gabe, mendia heriotzarako bide bihur zitekeen. Behin baino gehiago gertatu izan da elurteak mendatean harrapatzea hainbat neska». Behe lainoa ere arriskutsua izan daitekeela gaineratu du, galtzeko edota zulo batean behera erortzeko arriskua dagoelako. Gaur egun, eguraldia oztopo suerta litekeen arren, aurrez kalkulatzeko modua dago, behintzat. Jantziak ere asko hobetu dira.

Ilegalak, baina onartuak

[aldatu]

Ohikoa da halako istorioak ukitu erromantikoz oroitzea. Hala ere, mendian barrena ibilbidea egiten zuten emakumeentzat ez zen edonolako bidaia. XIX. mendean, beharrak bultzatuta hartu zuten lehendabiziko enarek Pirinioen beste alderako bidea, eta hala jarraitu zuten, 1930. urte inguruan azkenekoak joan ziren arte. Peralesen iritziz, «mugaz gaindiko migrazio historiko» hori ulertzeko, enaren jatorriko zein helmugako lurraldeetako egoera ulertu beharra dago. «XIX. mendean muga modernoa ezarri zen, eta berez kultura, historia eta ohitura berak zituen lurralde bateko alde batek eta besteak garapen ezberdina jasan zuten». Hala, Peralesek azaldu duenez, Zuberoako aldean industrializazioa sartzen hasi zen pixkanaka, eta Nafarroa eta Aragoiko (Espainia) Pirinioetako eskualdeetan lehengo gizarte eredua mantendu zen —lurrari eta abeltzaintzari lotua—. Alde bateko miseriak eta besteko lan eskuaren beharrak migrazioa ekarri zuen.

Joan-etorria modu ilegalean egiten zen gehienean, baina, era berean, «onartua» zen, Peralesen hitzetan. Hori dela eta, maiz mugako poliziak ez omen zien jartzen arazo handirik bidaiariei, «beste aldeko ekonomiaren garapenari interesatzen zitzaiolako». Ildo berean, Peralesek azaldu du mugaren zeregina ezberdina zela guk buruan daukagun horren aldean: «Muga ez zen harresi gisara erabiltzen, erregulatzaile moduan baizik, trukerako leku moduan».

Maulen bertan ere ongi ikusitako immigranteak zirela dio Peralesek: «Testuinguru kultural berdintsua izateak ahalbidetzen zuen hori, eta baita bi herrien artean horrenbesteko distantziarik ez egoteak ere; gutxi gorabehera, 100 kilometro». Batzuetan, euskara bera zen bi aldeetako biztanleen arteko zubi. Hala eta guztiz ere, Peralesen ustez, «ez da ahantzi behar immigranteek leku batean edo bestean izan ohi dituzten baldintza txarrak pairatu behar izan zituztela enarek ere: esaterako, Maulen, etxeetan pilatuta bizi behar izaten zuten».

Zirrikitu bat tradizioan

[aldatu]

Garai hartako gizartearen egiturak azaltzen du zergatik joaten ziren bereziki emakumeak Mauleko espartin fabriketara. «Zaraitzu eta Erronkariko bailaretan, gizonak ardiekin joaten ziren Bardeara [Nafarroa] eta Monegrosera [Aragoi], transhumantziako bidean. Emakumeek, berriz, etxeko eta baratzeko lanak egiten zituzten; ez zeukaten beste irtenbiderik». Peralesek gogoratu du kantu eta jotak ere egin izan direla gai horren inguruan: «Neskak Frantziara doaz, mutilak Erriberara / hurrengo udaberrira arte bakarrik egonen gara». Maule eta Oloroeko espartin fabriketara joatea arnasgunea izan zitekeen, beraz, emakume gazteentzat.

Ez da guzia dirudien bezain sinplea, alta. Izan ere, Peralesek dio «urtaroko migrazio bat» zenez —udazkenean joan eta udaberrian itzultzen ziren— emakume gehienak itzuli egiten zirela uda jaioterrian pasatzeko. Bestalde, espartin fabriketako lana ez zuten hartzen «bizitzako lantzat», eta askotan, urte batzuk pasatuta, lana utzi egiten zuten, ezkontzeko. Gainera, lanean irabazten zuten dirua oihalak, arropak eta ezkonsaria osatzeko beste hainbat objektu erosteko xahutzen zuten askok. Erran daiteke tradizioari ihes egiteko zirrikitua zela enaren bizitza, baina ez osoki ihesbidea.

Mendiak Bizirik elkarteko kideek enaren historia horri garrantzia eman nahi izan diote bidea berreskuratzeko orduan. Patricia Biskarreten hitzetan, «almadiaz eta transhumantziaz asko hitz egiten da, baina ez hainbeste enarez. Guk historia hori berreskuratu nahi izan dugu, bailaren memoriaren parte baita hori ere». Ibilbidean ezin izan dute jarri informazio taula askorik, Larra eremua erreserba naturala baita —seinalerik ere ezin izan dute jarri, hortaz—, baina aterpe zein bideko giden bidez historia oroitzen saiatzen dira. «Ibilbidearen berri emateko osatutako www.rutadelasgolondrinas.com webgunean ere badago informazio pixka bat», gehitu du Biskarretek. Han ikus daitezke ibilbidearen nondik norakoak eta aterpe zein giden prezioak ere.

Bai Biskarretek bai Peralesek aukera izan zuten zenbait enararekin hitz egiteko, bidea eta historia berreskuratzeko. Orain, haietako gutxi daude bizirik, eta bizirik daudenak oso zaharrak dira. Ibilbideak gorde du historia.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua