Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Ereñozartik Atxarrera

Wikibookstik
Ereñozartik Atxarrera
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Gautegiz-Arteaga, Santimamiñe, Ereñozar, Atxarre, Laida, Kanalaburu, Iruzkieta, Gametxo
Distantzia 18,5 km. 5 ordu.
Ingurunea Urdaibaiko padurak eskaintzen duen paisaiaz gozatzea eta hara iritsi aurretik artadian ibiltzea; horiek dira ibilbide honen amuak.
Abiapuntua Gautegiz-Arteaga
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Urdaibaiko padurak eskaintzen duen paisaiaz gozatzea eta hara iritsi aurretik artadian ibiltzea; horiek dira ibilbide honen amuak. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Urdaibaiko estuarioaren eskuinaldea mugatzen duten mendilerroetan (Ereñozar eta Burretxagana), Euskal Herriko kantauriar artadiaren baso zatirik handiena hedatzen da. Zuhaitz mantuak erabat estaltzen ditu mendiak, gailurretik itsasoraino. Gainera, haren kontserbazio egoeragatik, baso bizia oparoa da. Haren barrenean ibiltzean sentitutakoa landaretza ugaria duten tropikoetako oihanak zeharkatzearen modukoa da. Uda gainean dagoela, ibilbide honetarako bi proposamen daude: alde batetik, artadia mugatzen duten gailurrik adierazgarrienetara igotzea, Ereñozarrera eta Atxarrera, eta Urdaibaiko padurak eskaintzen duen paisaiaz gozatzea; bestetik, bi gailurren arteko artadian murgiltzea, basoaren itzalaz eta isiltasun naturalaz gozatzeko, jakinda inguruko hondartzak jendez gainezka daudela. Espresuki haientzat 30 minutuko maiztasuna duen autobus zerbitzuaz baliatuko gara zeharkaldia egiteko.

Ereñozar (447 m)

[aldatu]

Gautegiz-Arteagako herriko enparantzaren ondoan, Ibarrekozubi bidean, PR-BI-163aren margo zuri-horiei jarraikiz hasten da ibilaldia, Ereñozar mendia aurrez aurre. Artadiaz estalitako piramide koniko horrek imanaren gisan erakartzen du. Baserriak atzean utzi eta soro artetik pasatu bezain azkar, 180 graduko bihurgunean asfaltoa utzi eta basoan sartu behar da. Berehalako bidegurutzean eskuinera okertu behar da, eta PRaren markak beste aldean utzi. Lasterbide hori Santimamiñe kobazulora doa zuzenean.

Kobazuloaren ezkerraldean, gorriz markatutako basabidea abiatzen da magal pikoan gora. Igoera motza baina gogorra da; azkarra eta dinamikoa, baina deserosoa: artearen adarrek deabruek bezala oratzen diote mendizaleari, eta kareharri irregularrean oinkadak oztopatu.

Tontorrean, ikuspegia bikaina da: Urdaibai itsasadar osora hedatzen da. Iparraldera, Atxarre mendira joateko zeharkatu behar den artadiaren dimentsioak ere neur daitezke. Baita gogoeta egin ere gailur honek Urdaibaiko gizon eta emakumeentzat historian izan duen garrantziaz: duela 14.000 urte mendian, Santimamiñe kobazuloan bizi zirenentzat, Erdi Aroan gaztelua eta nekropolia eraiki zutenentzat eta XVI. mendetik aurrera baselizara igo direnentzat. Horiek gogoan, iparraldera doan auto errepidean behera jaitsi behar da, Elexalde-Zieta auzorantz. Errepidearen beherenean etxartera igotzen hasi aurretik, errepidea utzi eta ezker hesia gainditu behar da, ipar-mendebaldera doan bidexka hartzeko. Aurki mendebaldera egiten du, eta basoan beheraka sartzen da. Hurrengo bidegurutzean eskuinera hartu behar da, ipar-mendebalderantz berriz, BI-3228 eta BI-3223 errepideak elkartzen diren biribilguneraino.

Atxarre (312 m)

[aldatu]

BI-3228 errepidean zehar 1,8 kilometro ibili behar da, gatz biltegia duen 180 graduko bihurgunean errepidea utzi eta mendebaldera jotzen duen basabidean sartu arte. Norabide horri eutsi behar zaio erdi ezkutuko bidean, pinu erraldoi eta garo artean, Arteagatik datorren PR-BI-163 bidezidorrarekin bateratu arte. Hor, iparralderantz hartu behar da Artadi mardulean barrena, marka zuri-horien atzetik hurrengo 4,5 kilometroetan. Kanalaburuko lepoaren bidegurutzean, iparraldeari eutsi behar zaio hasieran, nahiz eta geroago mendebalderantz okertzen den, mendi lerro osoa zeharkatuz, oihanaren ilunean bezala. Artadia klima mediterraneoko ohiko basoa den arren, hor ere antzeko baldintzak suertatu dira: alegia, itsasotik gertuko aldapetako kareharri trinkoa duten lurzoru lehorrak.

Iruzkietako baserriaren ondoan bukatzen da basabidea. Zementuzko bideari jarraiki behar zaio ipar-mendebalderantz, Garteiz auzoraino. Zeharkatu berri den artadiaren ikusmira miresgarria da. Garteizko etxe urrien artean, kartel batek Atxarre mendirako bidea adierazten du. Behin gailurrean, ikusmira sekulakoa da; Urdaibaiko ederrenetakoa, zalantzarik gabe.

Atsedena hartu eta gero, igotako bide beretik jaitsi behar da Dantzaleku bidegurutzeraino. Akelarreak egiten omen ziren leku horretan, eskuineko bideari jarraikiz, Kanalara jaits daiteke artadian barrena; ezkerrekoari jarraikiz, berriz, Akordako hilerrira, betiere ipar-mendebaldeari eutsiz eta Matxibarren sakona norbere eskuinean izanik. Asfaltoan, berriz, ipar-mendebaldera jo behar da Gametxo auzoraino, eta gero Laidako hondartzaraino, itsas brisa aurpegian eta Izaro uhartea eta olatu uhinak begi sarean.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua