Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Erraizeko turrusta ezkutua

Wikibookstik
Erraizeko turrusta ezkutua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Zuberoa
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Errüso, Mendi Beltza, Erraizeko turrusta, Ferial aterpetxea
Distantzia 3,7 kilometro. Ordu 1 eta 30 mn.
Ingurunea Ur-jauziez gozatzeko aukera ugari daude Euskal Herrian. Aurtengo giroa euritsua denez, Lakorako hegaletan zehar bidaia egiteko proposamena egiten dugu segidan.
Abiapuntua Erronkariko Ferial aterpetxea
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

'[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Nork ez ditu Zuberoako ur-jauzi jauzkariak ezagutzen? Nork ez du inoiz Kakuetako arroilako sekretuaren berri izan? Eta nork ez Larraine inguruko Pista ur-jauziarena? Ibiltarion asea apaltze aldera, Zuberoako bazterrek sorrarazten duten mirespenari gorazarre egingo diogu ibilbide honetan.

Euskal Herriko ipar-ekialdeko ur-jauziak zerrendatuko bagenitu, ziur aski ez genuke aipatuko Erraizeko turrusta. Agian, herrialde txikiaren sekretu ezkutua delako. Entitate txikiko ur emaria izanagatik ere, ur-jauzia inguratzen duen paisaiak bisitaria mira eginda uzteko gaitasuna du: Erraizekoak Lakora mendiguneko hegal berdetsuan du sorlekua, eta, ezustean, borborka azaleratzen da Mendi Beltzaren begiradapean. Iturburua ederra bada, zer esanik ez errekasto berak Ehüjarreko arroilatik barna egiten duen esplorazio txangoa. Turrustaren jariotze lekuraino lagunduko digu ibilbide honek, ur aratzen sorlekua dagoen lekuraino. Horiek horrela, ur-jauziaz ez ezik, Erraizeko ordokiaz ere gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Mendi hegaletan ardi azienda ederra begiztatuko dugu bazkatzen, harat-honat ibilian belardia ferekatzen.

Ur-jauzira bidea

[aldatu]

Ferial-Zanpori Erronkariko aterpetxean jarriko dugu abiapuntua. Bertaratzeko, San Martingo Harria leizera doan errepidea jarraitu behar dugu Izaba (Nafarroa) herrian. Autoa zubiaren ondoan utzi eta ezkerraldera eginez, ibarrean behera hasiko gara. Jaisten hasteaz batera, Ferial-Ligoletako etxolak deritzan ibilbideko tinda zuri-urdinak ikusiko ditugu. Markek ibartxoaren erditik eramango gaituztenez, magalari itsatsita doazen pintura horiko trazak lehenetsiko ditugu. Hala, goratasuna apurka-apurka galduz joango gara. Xendak banatzean, ordea, bolatxo urdinei segituko diegu. Anartean, gure soa Erraizeko zirkuan barrena galduko zaigu: aurrez aurre Lakorako gandorra ederkiro gailenduta dago; hurbilago, Mendi Beltza eta Errüsoko tontor apala.

Erraizeko txabola aurretik igaroko gara berehala. Tapiz berde zabala eskuinetik inguratu eta beste txabola batera iritsiko gara. Errepidetik datorren hartxintxarrezko pista zabalarekin bat egingo dugu laster. Bidea zeharkatu eta belardia zapaltzen jarraituko dugu. Betiere noranzkoari muzin egin gabe, Beltza errekaren eta Erraizeko turrustaren emariek bat egiten duten lekura iritsiko gara. Erraizeko ur emaria magala samurtzen ikusiko dugu. Paradisu horretara aurreneko aldiz iristen den ibiltariak ezusteko galanta hartuko du tupustean: turrusta maldan behera abiatuko da, eta, ondoren, bi aldiz pentsatu gabe, Ehüjarreko arroilan murgilduko da. Bidaia ederra bete genezake guk ere aho zirraragarritik abenturatuko bagina. Behialako bidaztien antzera ibiliko ginateke, tipi-tapa kareharrizko hormatzarren artean. Bidaiaren bukaera, gainera, ezin ederragoa da: Zuberoako Santa Graziko eliza erromanikoaren paradisu gorabeheratsua.

Santa Graziranzko bidaiaren ametsa bazter eginez, haatik, ur korrontearen ondotik jarraituko dugu, baina maldan gora. Erraizeko turrustak Lakora azpiko magalean isurtzen diren urak bildu ondoren, jauzi politak sortuko ditu. Euren lekukoak izango gara gu ere.

Ur turrustaren errainutik irtenda, itzulera egiten hasiko gara. Lehenago ikusitako hartxintxarrezko pistarantz bideratuko ditugu gure pausoak. Basabide hura dela medio, zabalgunetik irtengo gara, eta, igoera xumearen ostean, errepidera aterako. Ezkerretik segituko dugu, betiere asfaltoa bidaide. Kilometro bat egindakoan, Ferialgo aparkalekuan izango gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua