Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Etxekortea eta Biduzeren sorburua Arlatik

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Etxekortea eta Biduzeren sorburua Arlatik
Ibilbide honen argazkiak igo
68752-Etxekortea-bidea.svg
Herrialdea ZuberoaNafarroa Beherea
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erdikoa
Lekuak Arla, Biduzeko sorburua, Elzarreko bidea, Elzarre, Etxekortea, Olhazarre
Distantzia 16 km. 4 ordu.
Ingurunea Arbailako basoetatik, Olhazarreko amildegian barrena, Biduze
ibaiaren sorburua (haitzuloa) eta Etxekorteako zelaiak lotuko ditugu; ikuspegi panoramiko ederra da hangoxea.
Abiapuntua Arla (Donaixti)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Arbailako basoetatik, Olhazarreko amildegian barrena, Biduze ibaiaren sorburua (haitzuloa) eta Etxekorteako zelaiak lotuko ditugu; ikuspegi panoramiko ederra da hangoxea. [1]

Ibilbidea[aldatu]

Arlako askaltegiko aparkalekuan (Donaixti, Nafarroa Beherea), hainbat errotulu aurkituko ditugu zutoin batean, bi bide harritsuren adierazgarri; eskuinekotik joz gero Biduzeren sorburura iritsiko garenez, hortik ekingo diogu gure ibilbideari.

Ibilbidearen lehenengo zatian, Olhazarreko amildegi oihantsuan barneratuko gara pixkanaka; amildegiaren hondoan, ezkerraldera, Biduzeren joaira ikusiko dugu. Hainbat aldapatxo igo beharko ditugu gure ibilian. Bidea samurrago egingo zaigu han-hemenka aurkituko ditugun panel ilustratuei esker; Iparraldeko ingurune horretako mitologia oparoari buruzko xehetasunak emango dizkigute.

Bide zabaletik egindako ibilaldiaren amaieran, Biduze ibai gainetiko oinzubi bat aurkituko dugu; aurreraxeago, berriz, zelai bat, askaltegi eta guzti. Oinzubia gurutzatu, eta gorantz egingo dugu bidezidor batetik, ibaiertzetik gero eta gehiago urrunduz; handik zenbat eta urrunago, hura are eta beherago ikusiko dugu.

Pixka bat aurrerago, ibaiaren alboz albo fortunatuko gara atzera, haren arrasean, eta hainbat ur-jauzi eta putzuren parez pare ibiliko, baso berdeko goroldioz inguraturik.

Hurrengo, zidorreko lehen bidebanatzera iritsiko gara, eta alde batera utziko dugu ezkerretik gorantz egiten duen bidea, harkaitz batean irudikaturiko X itxurako baliza batek itxia.

Berriro ere gorantz egingo dugu bidezidorrean, aurrekoa baino zati harkaiztsuago batetik, eta beste bidebanatze bat aurkituko dugu ezkerretara; hori bazterrera utzi, eta eskuinaldetik joko dugu, ibaiaren ubiderantz, harik eta harpe batera iritsi arte; horixe du sorburu Biduzeren emariak.

Etxekorteako bidea[aldatu]

Handik, lehenengo bidezidorretik joko dugu berriro, X itxurako irudi bat duen harkaitzak itxitako hartatik. Hara iritsi ahala, eskuinaldera egingo dugu, eta mendi mazelan gora igoko gara, pagadian sigi-saga, Elzarreko zelaietatik datorren bidearekin bat egin arte.

Goranzko bide horretan, bazterrera utziko dugu eskuinaldeko bidezidorra; garai batean, eskailera bide bat zihoan handixe, Biduzeko haitzuloaren erlaitz gainean gauzkan harkaitzean gora, Elzarrerantz aurrera eginez.

Behin bide horretaraz gero, bada, ezkerretik segituko dugu, eta Elzarre mendi tontorreko mazela oihantsuan ibiliko gara, hegalez hegal; zoragarria da Olhazarre amildegiaren gainetiko ikuspegi hori. Hala, ezari-ezarian igoko gara, eta pendiz batera iritsiko, zati batean iratze sail batek estalia dueneraino.

Bidean gora segituko dugu, eta iratze saila zeharkatuko; pagadiko gainerako zatian, berriz, kanpoaldeko ertzetik ibiliko gara, Etxekorteako zelaiko etxolaraino, izen bereko gailur harkaiztsuaren magalean baitago.

Zelaia zeharkatu, eta Etxekortea (1.206 m) eta Elzarre arteko mendi leporantz egingo dugu; handik aurrera, mazela berde bat ikusiko dugu luze-zabal, harkaitzez zipriztindua. Lehenengo zatian, ikusteko moduko bidezidor bat dago; hurrengoan, ez dago bidezidorrik, baina halakorik gabe ere iritsiko gara bizkargunera; gero, ezkerretara egin, eta beste bidezidor batetik joko dugu goragune bateraino, iparraldeko mazela gainean izateraino. Han gaudela, eskuinera egin berriro dozena bat metroan, hegoalderantz, eta gailurreraino iritsiko gara azkenean (1.206 m, 2 h 15 min), hango tumuluak aditzera emango digunez.

Gure ibilian atzera joko dugu, gailurreko sarbideraino; iparraldeko erlaitzean izango gara bete-betean, eta handixe hasiko gara beheraka, Etxekorteako etxola erreferentziatzat hartuta. Etxekorteako zelaiaren alde horretan gaudela, iratze sail batetik topo egingo dugu, eta hari segika iritsiko gara Arlara, hain zuzen, etorritako bide beretik.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua