Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Etxepetteko hezeguneak

Wikibookstik
Etxepetteko hezeguneak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Erraza
Lekuak Ahurti, Etxepetteko hezeguneak, Ardanabia erreka
Distantzia 7 km. 2 ordu.
Ingurunea Aturri ibaiak eta Ardanabia errekak sortutako hezeguneen artean ibilaldi erraz eta gozagarria egingo dugu. Leku berezi horietako aberedi eta landaredi bereziak izango ditugu bidelagun.
Abiapuntua Ahurtiko portua
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Aturri ibaiak eta Ardanabia errekak sortutako hezeguneen artean ibilaldi erraz eta gozagarria egingo dugu. Leku berezi horietako aberedi eta landaredi bereziak izango ditugu bidelagun. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ahurti hiriko (Lapurdi) ibai portutik abiatuko gara; zehazki, La galupe jatetxe ohiaren parean eta ibaiaren bazterrean dagoen aparkalekutik. Aturri ibai eder, zabal eta barearen bazterrean eginiko zirga bidexkan mendebaldera hasiko gara ibiltzen. Hasieran bertan, Ahurtiko portu xumeak iragan oparo baten oroitzapenak ekarriko dizkigu gogora; Aturri ibaia merkantziak Baionako portura eta itsasora eramateko garraiobide garrantzitsua zen garaiena, alegia. Gaur egun, bizpahiu barku baino ez ditugu ikusiko ontzi zubiari itsatsiak. Garai oparo haien lekuko dira, haatik, Aturri bazterrean diren etxe dotore edo jauregitxoak. Hain zuzen, Ahurtiko ibai portutik abiatu orduko ibaiaren beste ertzean (Landetan) dugun etxe handi miresgarriak Monpellierko jauregia du izena.

Zirga bidexkan aurrera goazela, galdutako garaien beste jakile bat ikusiko dugu: burdinazko gurpil handi bat, ingurua zurez emana duena. Tramankulu horren euskarazko izena gindela edo gindatxa da, eta ibaiaren zabalean jarritako arrantzarako sarearen ertzeratzeko betekizuna zuen. Aitzinago arrantza mota horretaz datuak zehatz ematen ditu ginbela dagoen leku horretan bertan jarritako pankartak... erdara hutsean, tamalez.

Aturriren lasaitasunak gogobeteko gaitu; ibaiaren ur gaineko antxetek, ubarroiek, basahateek, baita zisne batzuek ere. Zirga bidexka honetan ibiltariak edo korrikalariak gurutzatzea ere maiz gertatuko zaigu, inguru horietako bizilagunen ohiko pasealekua baita.

Erdaraz Le Sablot izena duen Aturriren gaineko uhartetxoaren puntaren parean, ibaira sartzen den zubixka baten bisean-bisean, zirga bidexka utziko dugu, arto alor baten barrena sartzen den xenda bat hartzearren. Hasieratik bertatik, Etxepetteko hezeguneak izendatutako ibilbide hau kolore horiko tinduekin seinalatuta dago, eta hasiera honetan GR8 ibilbidearekin bat egiten du. Orain bai, Aturriren urez gainezka jartzeek sortutako hezeguneetan gaude. Izan ere, tarteka gertatutako uholde handienetan, Aturriren urak bere ertzetatik hiru kilometroraino sartu dira lurren barrena. Hezegune hauetan hazi ohi ziren zuhaitz eta zuhaindi mota berezietatik —haltz, sahats, kanabera, arrasondo... —, tamalez, oso gutxi geratzen da gaur egun, artoak edo kiwi landatzeek leku guzia hartu baitute eta lurrak narbarmen higatu.

Laster batean, Ahurti eta Baiona arteko errepideraino iritsiko gara. Arreta handiz zeharkatuko dugu, ibilgailuak ziztu gaitzean dabiltzalako! Errepidearen beste aldean, bidexka batean jarraituko dugu, ubidetxo bat daukagularik eskuinaldetik. Hementxe, berriz, tokian tokiko zuhaindiarekin lehian jarriak, albo zuhaitzak izanen ditugu bidelagun. Bide bazterretik aldenduz gero, haatik, hezegune bateko ohiko zuhaindi eta landarediak nagusitzen dira, eta haien babesean bizi eta hazten dira hainbat eta hainbat abere: lertxunak, urtxori gorriak, ur dortoka gorriak, bisoiak, suge zuriak...

Ardanabiako urmaelak

[aldatu]

Etxe bat igaro eta gero beste batera helduko garelarik, Ardanabia errekarekin eginen dugu topo. Hazparneko larretan sortzen da erreka xume hori, eta Urketa herriko lurretan sartzen da Aturrin, ia 26 kilometroko bidea egin ondoan. Etxepetteko hezeguneak zeharkatzen dituen leku honetan oso barea dirudi, ur-lasterrik gabekoa. Ez zaio fidatu behar, segurraz ere urez gainezka jartzeak gertatzen zaizkiolako! Ardanabiako ertzari xenda polit batean jarraitzen diogularik, burdinazko zubi baten azpitik pasatuko gara. Hau da Baiona eta Tolosa (Okzitaniakoa) arteko trenbidearen eraikuntza ugarietatik bata, eta gertatzen ahal zaigu tren bat bertatik igarotzen ikustea edo entzutea. Burdinazko trenbide zubi horretatik apurtxo bat urrunago zurezko zubixka bat topatuko dugu eta bidean ezkerralderat jarraituko. Eskuinaldetik datorren bidexka Ahurti eta Urketa herriko lurren artean paratutako korrika eta kirol egiteko eremu baten parte da. Hemendik aurrera sarritan topa genitzake korrikalariak.

Zurezko zaldain edo zubixka horretatik berehalaxe, ezkerralderat, urmael bat agertuko zaigu. Hezeguneen bazter batean sortutako ur geldi horretan, hainbat basahate mota ikusteko aukerarik bagenuke, geldi-geldian eta isilik egonez gero. Bakanago ikusiko dugu, ordea, uhoiloa, inguru hauetan egon ohi bada ere. Haren karranka berezia, aldiz, entzuteko paradarik balegoke.

Urmael horretatik berehalakoan, GR8 seinale gorri-zuridunari eta honen zati bat baliatzen duen korrika eta kirol guneari agur eginen diegu, ezkerrerat zuhaitz eta zuhaixka artean sartzen den xenda hartzeko. Bi pankarta badaude hortxe, Etxepetteko hezeguneetan sartzen garela azaltzen digutenak. Hezegune batean garenez gero, xenda hori nahikoa bustia edota lokaztua ere gerta daiteke. Zapata egokiak edukitzea komeni da, beraz.

Xenda horretan sartu orduko, ezkerraldetik betiere, beste urmael bat ikusiko dugu. Hori ez daiteke basahateentzat babesgune bezala eman, pankarta batek azaltzen baitu hegazti horien ehizatzeko gune bezala antolatua dela.

Xenda edo lurbide hau bidexka bilakatuko zaigu laster batean, eta hemendik gutxira, Ahurtiko lehen etxeetara iritsiko gara. Errepidera heltzean, abiaguneko aparkalekua pare-parean izanen dugu, trenbide pasagunearen beste aldean.

Ibilbide hau bi ordukoa da gehienez, baina bada luzatzeko eta Ahurti herria ikuskatzeko aukera. Horretarako, Aturri ibaiaren ekialderantz, ertzari jarraitzen hasiko gatzaizkio, Euskal Herriaren eta Landen arteko zubiaren azpitik pasatuko gara, errepidea eta trenbidea zeharkatuko ditugu, eta Sabartze auzunearen barrena daraman bide txikia hartuko dugu, burdinbidearen eskuinaldeko saihets-saihetsean. Berehalaxe, Chemin de Pigon ibilbidea seinalatzen duen pankarta ikusiko dugu, eta eskuinalderat maldan gora daramaten harrizko eskaileretan gora igoko gara, Aturriri bizkarra emanda. Etxe baten eskuinaldeko saihetsetik pasatu eta gero, eskailera hauek Ahurti erdialdeko plazatxo batera eramanen gaituzte. Hiriaren erdialdea bisitatzeko denbora hartu eta gero, buelta emanen dugu eta, Turismo Bulego aurretik pasatu eta gero, errebote aldera joko dugu. Frontoi horretatik berehala, bide sardan eskuinaldeko karrika txikia ibiltzen hasiko gara, baina segidan utziko dugu, Iturriaren xenda ibilbideari jarraituz, parke antzeko baten maldatik jaisteko eta azken batean Aturri ertzarekin topo egiteko. Txango txiki honek ibilaldia ordu erdiz luzatuko digu.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua