Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Euskal Herriko erdigune geografikoa
Euskal Herriko erdigune geografikoa | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Goñi, Trekua, Euskal Herriko erdigune geografikoa, Andimendi, Olibesario |
Distantzia | 14 km. 3 ordu eta 50 mn. |
Ingurunea | Leku xume eta geografiko hau, Olibesarioko saroia, Nafarroa Garaiko Andimendiko mendilerroan dago, Lezitza mendiaren magalean. |
Abiapuntua | Goñi (Goñerri) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Leku xume eta geografiko hau, Olibesarioko saroia, Nafarroa Garaiko Andimendiko mendilerroan dago, Lezitza mendiaren magalean.[1]
Ibilbidea
[aldatu]Goñi eta Olloko haranak ez dira oso ezagunak, baina, haien lurretan, Andimendiko goi lautadetan, jende andana ibiltzen da, oinez zein mendiko bizikletaz. Batik bat San Donato baseliza izan da horien guztien jomuga —Beriaingo gainean dago—, baina azken urte hauetan hortik gertu Olibesarioko saroia Euskal Herriko erdigune geografikotzat hartu dutela eta, inguru honek interes berezia piztu du, eta mendizale askoren erreferentzia geografiko eta sinboliko bihurtu da.
Trekua
[aldatu]Goiz da, eta Goñiko herriko kaleetan ez da inor. San Esteban elizaren ondoan hasi dugu ibilaldia, herriaren goialdean dagoen pista zabalean. Ipar-ekialderantz zuzentzen den pistatik segitu beharrean, alanbrezko hesi baten ondoan laburbide bat bilatu dugu. Metro batzuk gora egin, eta antzinako bide zahar baten aztarnak aurkitu ditugu. Hondatu samar badago ere, oso erraz jarraitu dugu, eta altuera hartu dugu. Herritik datorren pistarekin bat egin, eta San Migel ermitaren ondora iritsi gara.
Asfaltatutako bidea hor amaitu da, eta aurrean ditugun lurrezko bi pisten artean eskuinekoa aukeratu, eta basoan sartu gara. Hamar minutu eskas behar izan ditugu metalezko langa baten ondora iritsi, gainditu, eta eskuinetik ateratzen den bidezidor nabarmenari heltzeko. Pagadian sartzen den xenda eroso horretatik laster heldu gara elorriz betetako ingurunera. Haitz artean metro batzuk irabazi, eta, bide zabal batetik jarraituta, behiak belardi zabal batean bazkatzen ikusi ditugu. Askaren ondotik pasa, eta mendilerroaren lepora igo gara. Leku horretan, bidea utzi, eta gandorrean zehar Trekua tontorraren bila abiatu gara. Goñi aldera pagadiak daude, eta Andiamendirantz, berriz, larre zabal eta belartsuak. Tontorrera heldu aurretik, Bordas Viejas izeneko ingurunearen gainetik pasa gara. Iraganean, Trekua izenez baino gehiago, Goñiburu edo Alto de las Bordas Viejas izenez ezagutzen zen. Erpin geodesikoarekin batera, bi buzoi: enbor bat eta aizkora dituena bata eta Euskaraz Bizi irudikatzen duen Argitxorena bestea. Ikuspegi ederraz gozatu dugu bertatik: Sarbil, Beriain, Satrustegi, Urbasa eta abar.
Euskal Herriko erdigune geografikoa
[aldatu]Langa zeharkatu, eta ipar-mendebalderantz maldan behera jaisten hasi gara, gure mendean Lizarragako tuneletik datorren bidearekin bat egin arte. Tarte batean berri samarra den pista zabal horretatik jarraituta, Beriaingo San Donato baselizaren ondora helduko ginateke, baina gu, bide beretik aurrera egin arren, Lezitza mendiaren magalean eta bide nagusitik ehun bat metro jaitsita dagoen erdiguneraino joan gara. Ez da batere erraza kokalekua aurkitzea, bide nagusitik ez baita ikusten, eta erne ibili behar da Olibesariko saroira iristean zutarri baten inguruan jarrita dauden hiruzpalau zirkulu zentrokidez osaturik dagoen erdigunea topatzeko. Paisaia aldagaitza, harriz eta belarrez osatutako izaera soila. Goi lautadan, altzoa dirudien sakonunea, isiltasuna nagusitzen den leku berezia.
Abiapuntura itzultzeko tenorean, etorritako bidetik atzera egin dugu, baina Trekuara berriro igo beharrean, mendi horren eta Peña Blancaren magalen artean hedatzen den bide belartsutik aurrera egin dugu. Lizarragako tuneleraino doan bidea eskuinera utzi, eta gandor aldera jo dugu, lepoaren bila. Azken begirada eman diogu paisaia dotoreari, eta dagoeneko ezaguna dugun bide beretik San Migel ermitara itzuli gara berriro. Goñira ailegatzeko pistari segitu, laburbidea hartu, eta herrian gara.
Herriko iturrian, zintzurra freskatzen dugun bitartean, herri txiki honetakoa «omen» zen Teodosioren elezaharra gogora ekarri nahi izan dugu. Nahaste baten ondorioz bere gurasoak hil zituela konturatu zenean, Iruñeko apezpikuarengana jo zuen, bere bekatua aitortzeko. Teodosiok Aralarko mendietan kateaturik bizitzeko kondena jaso zuen, eta behin, leizezulo baten inguruan zebilela, herensuge baten garrasiak entzun, eta San Migeli oihuka hasi zitzaion laguntza eske. Zerutik jaitsi, eta herensugearekin borrokan jardun eta gero, hil egin zuen, eta, horrekin batera, Teodosioren katea eten. Laguntza hori eskertzeko, Teodosiok eta haren emazte Konstantzak San Migel in Excelsis santutegia eraikitzeko agindua eman omen zuten.