Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Fortuna putzua eta Gibijoko otso zuloa

Wikibookstik
Fortuna putzua eta Gibijoko otso zuloa
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Abezia, Ganbaza, Hoyo Grande, Fortuna ur putzua, Gibijoko otso zuloa, Labazar
Distantzia 11,5 km. 2 ordu eta 5 mn.
Ingurunea Gibijoko otso zuloa eta Fortuna putzua Kuartangon daude, baina Urkabustaizko lurretan izango ditugu bai abiapuntua, bai ibilbidearen zati handiena.
Abiapuntua Abezia (Urkabustaiz)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Gibijoko otso zuloa —Gurtazar otso zuloa izenez ere ezaguna— eta Fortuna putzua bisitatuko ditugu. Kuartangon daude biak; hala ere, Urkabustaizko lurretan izango ditugu bai abiapuntua, bai ibilbide gehien-gehiena.[1]

Datu jakingarriak

[aldatu]

Gibijo mendilerroa Arabako mendebaldean dago. Erliebe leunekoa da, gainalde zabala hariztiz eta pagoz estalia duela. Mendigune ezin hobea, beraz, ibilbide labirintikoak proposatzeko. Honako hau, ordea, ez da inolaz ere horietakoa, ibilbidean zehar erreferentzi argiak izango baititugu. Hainbat bazter liluragarri ikusiko ditugu, baina bi azpimarratuko ditugu: Fortuna putzua eta Gibijoko otso zuloa. Fortuna putzua, izatez, Gibijoko ganaduarentzako urmaelak dira;[2] han, inskripzio bat duen harlauza bat ikusiko dugu. Ondonako auzoan (Urkabustaiz, Araba) bizi den lagunarekin solasean aritu ondoren izan genuen bertako harri bateko mezuaren berri.

Gibijoko otso zuloa —Gurtazar otso zuloa izenez ere ezaguna—[3][4] aspaldiko eraikuntza da, inguruetako herritar askoren artean otsoak harrapatu eta hiltzeko tranpa handi bat. Felix Murga ikerlariak eman zuen ezagutzera, Arabako mendebaldean (Burgos probintziarekiko mugan) dauden Gorobel, Arkamo eta Gibijo mendikateetako otso zuloak edo otsoentzako tranpak katalogatzen eta aztertzen dituen artikulu mamitsuan[5] («La caza del lobo en Álava; la lobera de Barrón y Ordenanza de corridas de lobos en Archua», Kobie aldizkaria, Bizkaiko Espeleologi Taldeak argitaratua, 1998). Gibijoko otso zuloa da Araba osoko handiena.[6]

Ibilbidea

[aldatu]

Abeziatik Fortunaraino

[aldatu]

Abezia herrian hasiko dugu Fortuna putzura eta otso zulora eramango gaituen ibilbidea. Abezia Urkabustaizko udalerrian dago, Izarratik gertu. Desbideratzea ikusiko dugu Zuhatzu Kuartangora bidean. Herriko edanlekuan abian jarrita, Munialdeko landa etxearen aurreko bideari ekin, eta mendebaldera joko dugu. Bidebanatzean, ezkerrera hartu eta San Bartolome ermitaren albotik igaroko gara. Gain-gainean, Ganbaza tontorra dago, hedagailua eta egurrezko gurutze bat dituela. Asfaltoa amaituta, hartxintxarrezko bidea edukiko dugu. Goratasuna hartzen hasita, mira-mira eginda geratuko gara bide ertzeko arteekin. A zer nolako tamaina! Bide nagusiari helduta, Ganbazako tontorrera iritsiko gara. Abezia eta Izarra herriak begiztatuko ditugu talaiatik, baita Gorbeiako mendigunea ere.

Gailurretik atzera egingo dugu pitin batean, soil-soilik bihurguneraino. Hor, eskuinera jotzen duten basabideetatik, erdikoa hartuko dugu Gibijo mendilerroan barneratzeko. Ganbaza eta Txobita muinoak lotzen dituen gandorra aldamenean dugu, bizkar gainetik ibili gabe. Belarrez jantzita dago bidea eta, tipi-tapa, urrats samurrak egingo ditugu paraje ederra zeharkatuz. Iurdinara iritsita, soilgunea alderik alde banantzen duen alanbrea ikusiko dugu. Eta haren atzean, Munitegi muinoa. Alanbrea igaro eta eskuinera eginez, haren ondo-ondoan jarraituko dugu. Aurrez aurre, Labazar (Arangatxa ere esaten diote) tontor labirintikoa ikusiko dugu; harantz bideratuko ditugu gure pausoak. Hoyo Grande sakonunearen ondora iritsiko gara laster, Kuartango ibarretik igotzen den lur zoru oneko basabidea ikusi bezain pronto. Zuloaren hondoan, besteak beste, ipuruak, gorostiak, pinuak eta erkametzak ikusiko ditugu.

Kuartangorako bidea hartu gabe, bide nagusiari ekin eta Fortuna ur putzura iritsiko gara. Ertzean daukan harlauzan irakur dezakegunez, Fran Ruiz lagunak eraiki zuen putzua, 1878. urtean.

Gibijoko otso zulorantz

[aldatu]

Ibilian berriz ere, mendebaldera irmoki segituko dugu, bat-batean basabide batek noranzkoa moztu arte. Abeziara itzultzeko eskuinetik egingo dugu otso zuloa bisitatu eta gero. Bidebanatzean, beraz, ezkerrera egin eta hiru minutu igarota, ur putzu txiki bat ikusiko dugu pista ondoan. Metro batzuk aurrerago, ezkerrera 90 graduko bira egingo dugu, eta otso zuloko hormarekin topatuko gara. Eskuinera okertu eta harresiari jarraituz, zulora iritsiko gara. Harresiei erreparatuta, erraza da egiaztatzen Felix Murgak 1978an emandako neurketa: bi harresiak, guztira, 323 metro luze dira, eta zulotik alboko hormaraino ia bost metroko desnibela dago.

Abeziara itzultzea

[aldatu]

Bisita egin ondoren, lehenago iritsi gareneko bidebanatzeraino egingo dugu. Gero, zuzen eginez, ipar-ekialderantz egingo dugu. Lejazar eta Alterla tontorren artetik igarota, pistari helduko diogu, harik eta eskuinean burdinazko ate bat agertu arte.Untzaga herriraino eramango gintuzkeen basabidetik irteteko unea da, eta Abeziarantz jotzekoa. Atea zeharkatu eta ibar xumean behera eramango gaitu basabideak. Goxo-goxo ibilian, Abeziara iritsiko gara, atzera.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua
  2. «Gibijoko ganaduarentzako urmaelak (Fortuna putzua) - III. Multzoa», Izenpe.eus.
  3. «Lobera de Gibijo (Gurtazar)», Leioa Mendi Taldearen webgunea.
  4. «Arangatxa (920m) Travesía: Delika-Arangatxa-Andagoia», Leioa Mendi Taldearen webgunea.
  5. «Murga, Felix», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  6. Ugarte Lz. de Arkaute, Estitxu. «Otso-zuloak, milurteko borrokaren lekukoak» Alea.eus 2019-10-20 . Noiz kontsultatua: 2020-06-25.