Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Fraidearen begiradapean

Wikibookstik
Fraidearen begiradapean
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Urduña, Fraileko ataka, Txarlazo, Goldetxo iturria
Distantzia 11 km. 2 ordu eta 50 km.
Ingurunea Urduña abiapuntu eta helmuga hartuta, Gorobel mendilerroko hormakizango ditugu bidelagun, Fraileburu harkaitz berezia tartean.
Abiapuntua Urdu�a
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Urduña abiapuntu eta helmuga hartuta, Gorobel mendilerroa osatzen duten hormak izango ditugu bidelagun, Fraileburu harkaitz berezia tartean. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Urduña Arabako eta Burgosko udalerriek inguraturiko Bizkaiko lurraldea da. Haran zabal batean dago, basoz inguratuta eta Nerbioi ibaiaren korridorean, Gorobel mendilerroko hormek osatzen duten harresi naturalaren babesean. Kokaleku estrategiko paregabe horri esker, Urduñak mendeetan zehar etengabe gora egin duen maila ekonomikoari eutsi ahal izan dio. Bertako hirigune historikoan, armarriz hornitutako eraikin eta monumentu erlijioso eta zibil askotan mirets dezakegu gaur egun bikaintasun hori. Biztanleria herrialdeko hiri bakarra izateaz harrotzen da, gainerakoak —Bilbo barne— hiribilduak baitira. Jatorrizko eremuaren fundazioa 1229. urtean burutu zen, On Lope Diaz Haroko II.aren eskutik. Geroago, 1256. urtean, Gaztelako Alfontso X.ak errege forua eman zion.

Gaur dakarkizuegun ibilaldiak Arrastaria haraneko Tertangako zirkua nahiz Fraileburuko hormak bisitatzea eskainiko digu. Tontor harrigarri hori 1924an Angel Sopeñak eskalatua izan zen lehenengoz, eta Euskal Herrian eskaladari hasiera eman ziola esan genezake. Guk ez dugu horrelakorik egingo; lar arriskutsua da, eta inguratzearekin konformatuko gara.

Helburu hori buruan, Urduñako tren geltokian abiatuko gara. Errepidean bide seinaleak zuzenduko gaitu Antiguako santutegiraino, non ikus ditzakegun, besteak beste, Himalayako zedroa eta itzelezko sekuoiak. Gaur egungo santutegia 1782an inauguratu zuten, eta, kondairak dioenez, bertoko masustondo baten gainean agertu zitzaion Andre Maria artzain bati.

Iturrian ur freskoa hartu ostean, gorantz jarraituko dugu, betiere zuzen. Errepidea zeharkatu, eta zementuzko bideari ekingo diogu; hamar minuturen buruan pasabidera iritsiko gara. Atea iragandakoan, basabide nagusia lagun ibiliko gara hamar bat minutuz. Bihurgune itxia pasatu eta berehala ezkerrera sartuko gara (HE), pista nagusia alboratzeaz batera. Bide leunean bost bat minutu egin ostean eta bigarren zuhaiztia igarotakoan, eskuinera joango gara (harripiloa). Zidortxoa bidaide Txarlazo mendia inguratuz joango gara, Fraileburu muturraren azpira heltzen garen arte. Hesia zeharkatu eta aldapa pikoan gora segitu, txiri-txiri, labaingarri egon ohi baita. Bustita egonez gero, adi ibiltzea nahikoa zaigu, baina elurtuta edo izoztuta badago, hobe ez jarraitzea. Goialdean, pasabidea igarota, eskuinera joko dugu (M), legar pista hurkoaren bila, belardian jarraitzeko arazorik ez badago ere. Hori bai, kontuan hartu, batetik, behe lainoak jota egokiena errepidetxoari men egitea dela, eta, bestetik, hemendik eta Txarlazoraino ipar-ekialderantz jo behar dugula. Hogei bat minutu beharko dugu Antiguako Amaren eta antenatzarren ondoan izateko.

Txarlazo (938 metro, buzoi bi), haizeak uzten badigu, leku aparta da umeekin jolasteko eta mokadu bat hartzeko. Gorobel mendilerroko tontor horretatik bista paregabeaz gozatzeko parada izango dugu, gure oinetan Arrastaria harana eta Urduña izango baititugu. Antiguako Ama Birjinaren oroitarria dago han, 1904an egina, hiriaren zaindariari omen egiten diona. Gailurretik Txolope mendirantz, mendebalderantz, jaitsiko gara, bi mendion arteko leporaino, marka zuri-horiekin bat. Eskuineko Goldetxo ate bitxitik zehar segituko dugu (IE). Harkaitz arteko pasabide estua bukatuta, sigi-sagan beheratuko gara, eta bost minutu betetzeke Goldetxo iturrira iritsiko gara. Hemendik eta herrira bitartean, bide nagusitik berehala jaitsiko gara, ezkerrera garamatzaten bideei jaramon egin barik, Lendoñora iritsiko ginateke eta.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua