Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Garañoko gaztelua
Garañoko gaztelua | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Egillor (Ollaran), San Kristobal ermita, Mortxe, Saldise, Garaño gaztelua |
Distantzia | 11,1 km. 3 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Gaztelua Astorga-Bordele erromatar galtzadaren ondoan zegoen, bide nagusi baten bazterrean. |
Abiapuntua | Egillor |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Gaztelua Astorga-Bordele erromatar galtzadaren ondoan zegoen, bide nagusi baten bazterrean.[1]
Ibilbidea
[aldatu]Egillorren —Ollaran udalerrian— hasiko dugun ibilaldi zirkular honetan, bi mendi gailurretara igoko gara: Mortxera eta Saldisera. Eta, abiapuntura heldu aurretik, Garañoko gaztelua izan zenaren hondarrak bisitatzeko aukera izango dugu.
Bidearen zati handi batean lagun izango ditugun GR-220aren (Iruñeko Arroaren itzulia) marka zuri-gorriek erakutsiko digute hartu beharreko norabidea. Errepidean zehar edo haren ezkerretik errekaraino jaitsi, eta berriro errepidera ateratzen den xendatik barrena abiatuko gara. Berehala, gertu dugun Arteta-Egillor araztegiaren ondora iritsiko gara. Hormigoizko bidea porlanezko bihurtuko da, eta kaseta baten ondora eramango gaitu; hain zuzen ere, San Kristobal ermitara igotzeko erabiltzen zen lurrezko bidearen hasierara. Laster, harizti trinko batean murgilduko gara, eta, aurrerago, ermita izan zenaren hondarrak inguratuko ditugu, baltsa batera jaitsi aurretik.
Ur baltsa biren artean igaro eta bide balizadunean barrena, erraz egingo dugu aurrera, haritz bikainen artean. Egillor eta Saldiseko lurrak banatzen dituen alanbrezko hesia gainditu eta gorantz joko dugu, Saldisetik datorren harrizko pistatik. Hirugarren ur baltsaren ondora iristean, bide balizaduna utzi eta aurrez aurre dugun Mortxe aldera igotzen hasiko gara, zuzenean. Alanbrezko hesiaren ondora heltzean, hesia pasatu eta berehala ikusiko dugu Mortxeren gandorra, ipuru artean. Tontorrera heltzean, sekulako ikuspegia zabalduko zaigu: Nafarroako erdialdeko mendiak gertu ikusiko ditugu, baita Urbasa eta Andiako goi lautaden irudia ere. Eta, beherantz begiratuz gero, berriz, Iruñeko Arroaren eta Olloranaren panoramika bikainak.
Gandorretik lepora jaitsi eta Saldise tontorra zapalduko dugu segidan. Hemendik, izen bera duen herrira jaitsiko gara, xendarik gabe eta malda pikoari aurre eginez. Neketsua oso. Herrian sartu aurretik, berehala ikusiko ditugu Ollaraneko PR-NA 170 marka zuri-horiak, eta, horiei segituz, Garoñoko gazteluaren ondora iritsiko gara. Ez da erraza gaztelua izandakoaren ondora igotzeko xenda edo bide egokia aurkitzea, alanbrezko hesi pare bat gainditu behar da eta.
Ikusmira ederra
[aldatu]Gaztelu izeneko muinoan zegoen gaztelua, 591 metroko garaieran, Saldise herritik 900 bat metrora. Gaztelu Txiki ere esaten zaio; izena, alde batetik, gazteluaren oroitzapenaren lekukoa da, eta, bestetik, haraneko Gaztelu izeneko beste mendi batekin du lotura: Orarregi gazteluari dagokionarekin. Muinoa, nahiz eta goialdean nahiko laua izan, bereizi egiten da inguruko lurretatik, eta kono moztu baten itxura hartzen du. Malkartsua da, baina amildegirik gabea; iparraldeko eta ekialdeko maldak Arakil ibaian bukatzen dira, 200 bat metro beherago. Ipar ekialdean, berriz, Udarbe ibaia eta ibaiak berak eginiko igarobidea ikusten dira.
Gaztelua Astorga-Bordele erromatar galtzadaren ondoan zegoen; bide nagusi baten bazterrean, beraz. Horretaz gain, gertuko bidegurutze batean, Ollo, Goñi eta Andia-Urbasarako bidea hasten zen. Egillor-Saldise bidea, berriz, hegoaldean dagoen mendatetik zihoan. Bide horiek abelbide ere bazirela jasotzen du agiri batek. Iparraldean, Oskia mendi zintzurrak mugatzen du harana, eta han dago Orarregi gazteluaren mendia ere. Goialdetik, Iruñerria ere ikusten da. Gaztelua bisitatu eta lepora itzuliko gara; handik, Egillor herrira iritsiko gara, gertu baitago.