Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Gatzak itxuratutako paisaia

Wikibookstik
Gatzak itxuratutako paisaia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Gesaltza Añana, Aintzirako Ama Birjina, Arreo-Caicedoko aintzira
Distantzia 9 km. 2 ordu eta erdi.
Ingurunea Harrigarria da Gesaltzako larrainen artean paseatzea. Are harrigarriagoa Arreo-Caicedoko aintzira misteriotsurako bidea egitea.
Abiapuntua Gesaltza Añana
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Harrigarria da Gesaltzako larrainen artean paseatzea. Are harrigarriagoa Arreo-Caicedoko aintzira misteriotsurako bidea egitea. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Gesaltza Añanako herrian hasiko dugu Arreo edo Caicedoko aintziraraino lagunduko digun ibilbidea. Villaconesko Santa Maria elizaren atzean igerilekuak daude, eta haren parean autoa uzteko leku zabala ikusiko dugu. Hantxe hasiko gara ibilian, beraz. Eskuinaldetik inguratuko dugu eliza, eta gatz apaletara jaitsiko gara bizkor-bizkor. Errekastoa gurutzatu gabe, ordea, ezkerrera egin, eta, metro batzuk egin ostean, gatzuna daraman Muera gainetik igaroko gara. Maldan gora jarraituko dugu, porlan bideari men eginez. Igo ahala, marmolezko hiriaren gaineko sekulako ikuspegiak izango ditugu. Gozamenerako unerik galdu gabe, beraz, goratasuna hartzen hasi eta, Arabako Ibilbide Berdeen sareari dagozkion bide-seinaleak lagun, Fontecha herri alderantz abiatuko gara.

Gesaltzako diapiroa zeharkatzen ari garela diote bide-seinaleek. Harridura baino ezin diezaioke ekar parajeotako paisaia aurreneko aldiz bisitatzen duen edonori. Izan ere, litologiari dagokionez, material bigunak bistan dira Gesaltza inguruan: buztinak, igeltsuak eta karniolak, besteak beste; ofitak, hareak eta konglomeratuak, berriz, Arreoko aintziraren inguruan azaleratuko dira.

Paisaia zaharberritzen

[aldatu]

Aldatsa amaituta, bidea belarrez jantzi, eta, zorionez, nekea zertxobait arinarazten lagunduko digu zidorrak. Gatzaren sorreraz izan dezakegun jakin-mina asetze aldera, geldiune bat egingo dugu bide bazterrean jarritako taula baten aurrean. Gatzunean bizi den Artemia parthenogenetica krustazeo bitxiaren bizimodu apartaz jabetzeko ere aprobetxatuko dugu geldiunea.

Nilo ibai emankorraren ondoan antzinako egiptoarrek eraiki zuten moduan, xadufa batzuek atentzioa emango digute larrainetan. Putzu sakonetik urre zuria ateratzeko erabiltzen dira egun. Gero, zurezko ubideen bitartez, ur-emaria gatz apaletaraino garraiatzen da bizi-bizi. Harrigarria, zinez, larrainei eusten dieten zurezko terraza-multzoa! Garai egokia aukeratuta, gainera, azken urteotako lanen emaitzaz gozatu ahal izango dugu. Izan ere, aurrez aurre dugun paisaia izugarri aldatu da azkenaldion. Esaterako, 1968an 5.500 larrainetik gora zeuden kalitate oneko gatza ekoizteko prest. Tamalez, hainbat hamarkadatan utzikeria pairatu zuten parajeok, eta larrain asko behera etorri ziren. Harik eta proiektu erakargarri bat aurkeztu zuen Añanako Gatza Harana Fundazioak. Gaur egun, bistan denez, bestelako egoera dago: urtero-urtero milaka bisitarik hartzen ditu Gesaltzako herriak Europa osoan hagitz bitxia den paisaia zoragarriaz gozatzeko xedez.

Aldapa laburra amaituta, eskuinera joko dugu desbideratzean, eta Caidedo-Arreoko aintzirara bideari eutsiko diogu. GR 1 Zidor Historikoaren eskutik jarraituko dugu. Trazadura oneko pista batera irtengo gara laster. Orduan, eskuinera egin eta paseo goxoan segituko dugu. Desbideratzerik hartu gabe, hortaz, hegoaldera joko dugu ler gorriak eta erkametzak lagun. Goi tentsioko hari elektrikoen azpitik igaro bezain pronto, bidebanatze batera helduko gara. Aintziratik hurbil gaude jada. Eskuin-ezker egin gabe, aurrez aurre dugun basabidetik jarraituko dugu erkametzen eta arteen artean.

Bide zabala estutu egingo da Txirristaleku behatoki naturalera iritsitakoan. Aintzira eskuinetik inguratzen hasiko gara orduan. Arabako Diputazioak egokitutako zidorra baliatuko dugu jaitsiera erosotasunez egiteko. Ur-lamina guztiz inguratzen amaituta, Caicedo eta Viloria herriak lotzen dituen errepidera irtengo gara. Han, ezkerrera egin eta Aintzirako Ama Birjinaren tenplu txikira iritsiko gara. Baseliza eskuinean dugula, guk ezkerrera hartuko dugu Gesaltzarako itzulera egiteko asmoz. Maldan gora gabiltzala, atzean utziko ditugu kondaira ugari gorde ohi dituen laku misteriotsua.

Joanean eginiko bidearekin bat egiten dugunean, eskuinetik agertuko zaizkigun zurezko eskailera batzuetatik aurrera joko dugu. Haritzak eta arte xumeak gogaide, galsoroak inguratzen jarraituko dugu. Galeria horretatik irtendakoan, karniolez beteriko zidorrari eutsiko diogu. Ondoren, jaitsiera xume batek zubi txiki baten ondoraino lagunduko digu. Hala, ibar ttipian aurrera eginda, Gatzaren ibarrarekin bat egingo dugu berriz. Aparkalekura iristeko asmoz, Acreko San Joan komentuaren ondotik igaroko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua