Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Gorbeialdeko infernu karstikoa
Gorbeialdeko infernu karstikoa | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Oso zaila |
Lekuak | Pagomakurre, Atxulaor begia, Atxuloko trokea, Kargaleku, Gorosteta, Aldabe, Artalarra, Gatzarrieta, Lekanda, Itxina |
Distantzia | 11,7 km. 4 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea |
Itxinako mendigune karstikoan ibilbidea egingo dugu, leize eta zuloz beterik dagoen eremuan. Paisaia labirintikoa da, eta, beraz, zaila da ondo orientatzea. Arreta handiarekin egiteko ibilbidea da. |
Abiapuntua | Pagomakurre (Areatza) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Itxinako mendigune karstikoan ibilbidea egingo dugu, leize eta zuloz beterik dagoen eremuan. Paisaia labirintikoa da, eta, beraz, zaila da ondo orientatzea. Arreta handiarekin egiteko ibilbidea da. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Gorbeia mendiaren ipar-mendebaldean eta haren ondoan, Itxinako mendigune karstikoa dago. Batez besteko altuera 1.110 metro izanik, mendigunea inguratzen duten paretak erraldoi eta bertikalak dira. Zerutik begiratuta, karratu irregular baten itxura du, horren erpinetan kotarik garaienez babestua: Lekanda (1.309 m), Axkorrigan (1.099 m), Altipitatx (1.171 m) eta Gorosteta (1.259 m).
Barnekoa paisaia karstikoa da, irregularra, zulo sakonez eta leizez beterikoa, eta baita aiztoa bezain zorrotzak diren harkaitzez inguratua ere. Haitz artetik pagoak sortzen dira han eta hemen, lekurik harrigarrienetan ere. Ondorioz, paisaia labirintikoa da, oso antzerakoa, orientatzea zaila suertatzen delarik. Bidexka nagusiak ondo markatuta dauden arren, bai margoekin, bai cairn-ekin eta bai mendizaleen joan-etorriek eragindako higadurarekin, hurrengo lerroetako ibilaldia behe lainopean edota elurretan ez egitea gomendatzen da, aditua izan ezean.
Mendiko botekin egitea gomendatzen da, harri eta zirrikitu artean labaindu eta hanka sartzeko arriskua baitago. Infernu karstiko honetan ez da bakarrik ibili behar, ezta lagunarekin solasean ere; bideari adi ibili behar da, begirada hogei bat metro aurrerago kokatua, bidearen arrastoak arakatzen, behin eta berriz, atsedenik gabe. Adi ez doana aise sorginduko dute bertako lamiek edota Marik, eta bidea edonon dagoela uste izango du, edozein bihurgunetan bidearen arrastoa galduz. Paisaia basatien zaleentzat, aldiz, abentura gune aparta da Itxina.
Atxulaur begia
[aldatu]Ibilaldia Pagomakurre (883 m) atsedenlekuan hasi behar da, Areatzatik datorren porlanezko pistaren bukaeran, alegia. Ekialdera hasten den bide lokaztua konifera basoan barrena doa, kareharrizko harresiaren oinetan dagoen pentzera irten arte. Hegoalderantz igoz, begien bistan dago Atxulaur begia (1.086 m), Itxinarako sarbidea. Joxemiel Barandiaranek jasotakoaren arabera, garai batean Zezengorri agertzen omen zitzaien, ahotik sua zeriola, hildako lapur batek han ostendua zuen urrearen bila joaten zirenei. Lapurraren hezurrak ekarri zituztenean, zezenak agertzeari utzi zion, eta urre guztia aurkitu omen zuten.
Ate natural hori zeharkatu ondoren, xenda Atxuloko trokea izeneko zokogunera jaisten da, eta bitan banatzen da. Supelegor kobazulora joateko, hego-mendebaldera hartu behar da. Bidea sigi-sagan doa, hego- eta ipar-mendebaldera norabideak tartekatuz. Laster, Itxulegor kobazuloaren ondotik pasatu behar da, eta aurki Mariren Supelegor koba erraldoia agertuko da, Axlaor sakounearen gainean.
Atxuloko bidegurutzera bueltatu behar da berriz, eta hego-ekialdera, Kargaleku aldera doan bidea hartu. Aurrerago, cairn baten erreferentzia hartuta hegoaldera (eskuinera) okertu behar da (adi!). Basotik atera eta zelaira heltzean, hego-ekialdera (ezkerrera) hartu behar da berriz, aldapan gora (erne!). Aldaparen gorenean, eskuinera begiratuz Lexardi arditegia ikus daiteke, Itxinako azken artzainaren txabolaren ondoan. Kargalekura joateko, hegoalderantz jo behar da orain, belardi irekian markak non dauden arakatuz. Poliki-poliki ekialdera okertu behar da basoarekin topo egin arte. Basoan zehar jaitsi, eta Lekandara (iparraldera) doan bidegurutzearekin bat egiten da. Segi hego-ekialdera aldapan gora eta basoan barrena. Azkenik, Kargaleku lepoko (1.117 m) balizara heltzen da.
Neberabarrirako markei jarraikiz, hego-ekialdera ibili behar da orain. Zokogune sakon baten aurretik, ezkerrera (ekialdera) aldatu behar da aldapa pikoan gora, basoan barrena. Adi desbideratze horretan! Karstaren gainean goroldioa nagusitzen da, eta markak desagertzen dira. Norberak aurkitu behar du bidea Uresartutendan Atxara (1.185 m), Kargalekuko amildegiaren gainera heltzeko. Gorosteta tontorrera joateko, hegoalderantz egin behar da kareharriaren eta zuhaitzen artean. Aldaparen hasieran orbelak berak bidea egiten du sigi-sagan, basotik atera arte. Hortik aurrera cairn-ak lapiaz artean gidari izango dira gailurreraino (1.259 m).
Gailurraren gandorrari hegoalderantz jarraikiz, Ipergorta lepo belartsura jaitsi bezain azkar, ekialdera okertu, GR marka gorri eta zurien atzetik. Mendiaren ondoan mantendu basoan sartu arte.
Beherako zidorra Arrabara doan arren, bide erdian, eskuinera desbideratu behar da, Arrabaltxa mendilerroko tontorrak zapaltzeko: Aldabe (1.176 m), Artalarra (1.163 m) eta Gatzarrieta (1.183 m). Zer hoberik ibilaldia bukatzeko Arrabako aterpean arrautza frijituak eta txorizo platerkada baino. Sabela ondo beteta Pagomakurrera aise jaisten da, iparralderantz doan pistari jarraikiz.