Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Haranbeltzen barrena

Wikibookstik
Haranbeltzen barrena
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Beherea
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Izura, Hurkamendia, Oihamusia, Haranbeltz,
Distantzia 11 km. 3 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Izura herritik abiatuz, Haranbeltz auzunera joan-etorria egingo dugu, iraganeko bidaiarien gomutaz, Donejakuerako beilarien aspaldiko urratsetan.
Abiapuntua Izura
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Izura herritik abiatuz, Haranbeltz auzunera joan-etorria egingo dugu, iraganeko bidaiarien gomutaz, Donejakuerako beilarien aspaldiko urratsetan. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Izurako herri oso dotorea izango dugu abiapuntu, zehazki bertako frontoi eta eliza inguruak (145 m). Biei bisabisean, Izurako Ospitalea zen eta gaur egun herriko etxea eta Haize Berri kultur etxea, besteak beste, aterpetzen dituen eraikin oso ederra miresteko denborarik hartuko dugu. Eraikin dotore horren alboan igaro eta berehala, eskultura moderno bati begiradatxo bat eman ostean, ezker alderat bide txiki bat hartuko dugu. Hasiera horretan bertan ez badira oso ondo ageri ere, ibilbide hau burutik buru seinalatzen duten kolore horiko tindak badaude. Bide honetan aurrera joango gara, Izurako herriari bizkarra emanda. Aldapa txiki baten goialdera ia-ia helduak garela, ezker alderat joko dugu, xenda batean gora. Hori, baina, berehala amaitzen da, beste bide txiki batekin topo egiten baitu. Bide horretan ezkerrerantz joko dugu, Hurkamendia etxalderaino iristeko gisan (185 m).

Baserri horretan zuzen joko dugu soroan sartzen den bidexka batean. Beste soro batean jarraitzen du, lurbide bat topatzen duen arte. Hori zeharkatu besterik ez dugu eginen, zuzen joko baitugu. Gauza bera egingo dugu beste lurbide bat topatzean. Aski laster, burdinazko langa batera helduko gara; horrek, Baxenabarren traukera izena ematen zaion hesidun eskailera bat ere badaukalarik alboan. Oihamusia izena duen leku horretan gara ibilbideko altuera gorenean izango (241 m). Hortxe daukagun lurbidean behera egiten hasiko gara, baina laster batean, ezkerralderat eramanen gaituzte ibilbidearen seinaleek. Haranbeltzeko oihanean sartu aitzin, inguruei begiratzeko tarterik hartuko dugu, nahiz eta altuera txikia izan, urrunerat ematen baitu begi bistak. Tinda horiei jarraikiz betiere, lurbide batean behera joanen gara, eta beste batekin topatzean, eskuin hartuko dugu bide harriztatu batera heldu arte.

Hortxe, ibilbide laburtxo batekin nahikoa dutenek Izurako herrira bueltatzeko aukerarik izango dute, eskuin alderat jota. Txango luzeago baterako, berriz, bide harriztatu horretara helduta, ezkerralderat hartuko da, Haranbeltz auzunerako bidean. Oihan horren barrena oren bat pasa ibilita, gogoan hartuko dugu Erdi Aroko Donejakuerako beilariak urduri izango zirela zuhaizpe horietan zeharkaldi hori egin behar izateaz… Gu, aldiz, lasaiago ibiliko gara. Une batean, oihanetik ia irteteko unean garela, ezkerralderat joko dugu, betiere zuhaizpean egoteko gisan, okilak, beleak, zozoak, eskinosoak eta beste hainbat txori, bai haien kantuak, bidelagun izango ditugularik.

Auzolagunen baseliza

[aldatu]

Oihanetik irten aurretik, haren ertzean gabiltzala, Haranbeltz auzunea osatzen duten lau etxeen ikusteko parada izango dugu, zuhaitzen artetik. Auzune hori Haranbeltzeko basoaren soilgune batean eratu zenez gero, oihanaren izen bera eman diote. Ez da hori, haatik, leku xarmagarri horren berezitasun bakarra. Etxe multzo horren bazterrean dagoen San Nikolas baselizagatik ere da ospetsua Haranbeltz auzunea. XII-XIII. mendeetakoa den kapera oso polit hori, Donejakuerako beilarientzako ospitale batetik geratzen den aztarna bakarra da (155 m). Horren garrantziaz ohartzearren, jakin behar da Compostelarako bide ezberdinak Izuran zutela elkar topatzen, Pirinioen beste alderat iragan aurretik.

San Nikolasi eskainia zaion baseliza hori auzoko lau etxeetako bizilagunen jabetza partekatua da Frantziako Iraultzaren ostetik. Ezen, iraultza horrek, ospitale hori kudeatzen zuten Donat apaiz laikoen anaidia desegin zuen, eta Frantziako lehen Errepublika kaperaz jabetu egin zen, Elizaren beste ondasun askoz bezala. Haatik, Errepublika diru beharretan baitzen, kapera salgai jarri zuen, eta Haranbeltzeko lau etxeetako jabeek erosi egin zuten, garaiko 5.000 liberarako (750 euro inguru).

Auzotar jabe horiek nekeak izango zituzten kapera horren zaharberritzeak eta entretenimenduak diru aldetik segurtatzeko, eta baselizak merezi baitu, Monumentu Historiko gisa sailkatua da 2001. urteaz geroztik. 2008an hasi ziren zaharberritze lanak eta 2010ean amaitu; 420.000 euro inguru kosta izan da. Hori baino lehen animaziorik egon bada ere, baseliza zaharberrituaren estreina larunbatean izan zen. Zinez balio du, sinesle izan ala ez izan, baseliza horren mirestera joatea. Barnea ikuskatu nahi izanez gero, auzolagun bati eskatu behar zaio.

Bi harresien artean

[aldatu]

Iraganaren lekuko hunkigarri horri noizbait agur eman beharrean izanda, atzean utziko dugu, eta, hemendik aurrera, bide seinalatuan GR 65 delakoaren tinda zuri-gorriak ere izango ditugu bide erakusle. Galtzeko arrisku izpirik ere ez dago, tinda horiek soberaxe ere baitaude: zuri-gorriak, horiak, laranja kolorekoak —zaldiz egiteko moduan diren zatientzako—, urdinak… Oihanean, ibilbide zatitxo bat egin ondoren, bidexka batera helduko gara. Ezker eta beharra sarturik, ehiztarien bilgune bateko eraikin itsusien alboan pasako gara (124 m). Hurrengo bide sardan zuzen eta gorantz joko dugu, eta laborari etxe multzo baten artean iraganen gara. Beste bide sarda batean ere zuzen jarraiturik (173 m), abiatzetik berehalaxe izan genuen aldapa gainera helduko gara.

Leku horretan dugu bide txiki hori utziko. Izura izena zizelkatua duen eskultura baten albotik pasaturik, ezker eta beherantza sartuko gara, xenda zahar, estu eta miresgarri batean. Horrek, bi harresi zaharren artean, Izpurako beheko partera eramanen gaitu. Etxe oso zaharrak miresteko denbora hartuz, eta malda nahiko aldapatsu bat gailenduz, ospitale, eliza eta arrabote ingurura helduko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua