Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Harpeko saindua
Harpeko saindua | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Harriondi, Zelaiburu, Itsusiko harria |
Distantzia | 11,5 kilometro |
Ingurunea | Harpeko Saindua Itsusiko Harrian dago. Bidarraitarrek ez ezik, inguruko eskualdeetako bizilagunek ere estimu handia diote. Bidarrai. Baigorri. Ortzaize. |
Abiapuntua | Bidarrai |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Harpeko Saindua Itsusiko Harrian dago. Bidarraitarrek ez ezik, inguruko eskualdeetako bizilagunek ere estimu handia diote. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Zelaiburuko hormatzarraren oinaldean haitzulo bat dago (Bidarrai, Nafarroa Beherea). Harpeko Saindua du izena, eta eskualdean oso ezaguna da. Tradizioari jarraituz, santu bati kultua ematen zaio barrualdean, iluntasunaren babesean. Gizaki itxurako estalagmita bat da, eta barrunbearen bazter batean ikusiko dugu ura emeki-emeki dariola. Sinesmenaren arabera, harri bitxi horretatik isuritako xortek larruazalaren eritasuna osatzeko gaitasuna dute. Aipatutako tradizioa jaso zuten aspaldi Barandiaranek eta Peña Santiagok, beste etnologo askoren artean. Ikerlarion ustetan, joan den mendera arte lagun ugari biltzen ziren haitzuloaren bake girora. Oihalezko xingolak eskuan, kareharriaren azaletik jariotako ur finez eritasuna osatzeko xedez joaten ziren erromesak. Gaur egun, ordea, txanponak, kandelak eta uraren erritoan erabilitako xingolak desagertu dira, nahiz eta hainbat arrasto ikus daitezkeen.
Harpeko Sainduaren haitzulora igotzeko, Bidarrai herrian hasiko gara ibili-ibilian. Errobi ibaia zeharkatu, eta autoan maldan gora jarraituko dugu. Aldats pikoa gainditu beharko dugu pilotalekuaren ondoko aparkalekura iristeko. Autoa hantxe utziko dugu, Iparla aterpearen eta herriko etxearen aurrean. Bidarrai bera talaia polit batean dago, eta, aroak lagunduta, ikuspegi zabal bat ikusiko dugu: inguruko baserri multzoa eta Iparlako mendilerro galanta, besteak beste.
Bidarraitik Harpera
[aldatu]Herriko etxearen kantutik jarriko gara abian, frontoiari bizkarra emanez. Menditarrena aterpearen aurrean, ezkerretik doazen bide-seinaleak bazter egin, eta urratsak, oraingoz, Ainhoa aldera egingo ditugu. Asfaltoak behera egiten lagunduko digu, leunkiro. Errepideak banatzean, ezkerretik jarraitu, eta, GR 10 zidorrari eutsiz, belardia korritzen hasiko gara. Urrizate izeneko landa etxera iritsiko gara arin-arin. Orduan, maldan gora abiatuko gara. Aldapa amaitu bezain pronto, Harriondora doan basabideari muzin egin, eta Aritzakun ibar zirraragarrirantz joango gara. Urkiak gogaide, zehar-zehar jarraituko dugu, errekara jaisteko zirkinik egin gabe.
Zorionez, harbide batez jantziko da bidea. Galtzada zaharretik, haatik, ez dugu metro askorik egingo. Lehen bihurgunetik hurbil, harbidea utzi, eskuinera egin, eta behera egiten hasiko gara. Baztan errekaren ondo-ondoan jarriko gara laster. Infernu zubia, hurbil. Zubia gurutzatu gabe, errekan gora hasi, eta Aritzakun ibarrera bidean segituko dugu. Infernu Zubiko borda errekaren altzoan ikusiko dugu. Basaburu inguruan, gasna-arditegirako bidea bazter eginez, GR 10 zidorreko arrasto zuri-gorriak jarraituko ditugu. Erreka zeharkatzeko aukera laster izango dugu. Ertzaz bestaldeko bideari men eginda, goratasuna hartu eta baserri batera iritsiko gara. Baserriaren atzealdetik doan basabideari jarraituko diogu haitzulotik jaitsitakoan. Oraingoz, gora eta gora egingo dugu, errepidetxoari begia kendu gabe. Sigi-sagaka, Arutxia baserriraino. Eskuinetik irteten den harrizko zidorrari jarraituko diogu han. Bidexka horrek Zarkanbideko lerroak osatzen duen harrizko zirkura hurbiltzen lagunduko digu. Hormatzarrera zuzen-zuzen joko dugu, xenda gogaide. Haitzuloa hormaren oinaldean ikusiko dugu, ur-jauzi xume bat sortu ohi den tokitik gertu.
Aritzakungo ibarra
[aldatu]Haitzulotik irten, eta beheko baserrira jaitsiko gara berriz. Eremu pribatuan sartu —oinezkoek baimena dute—, eta baserriaren atzetik egingo dugu aurrera. Nafarroako mugara berehalako batean iritsiko gara. Jauzika amiltzen den erreka zeharkatuta, Itsusiko Harriaren Berezko Eremuan sartuko gara, parkeko seinale batek dion legez. Bide zabalak 180 graduko bihurgunea egitean, zuzen-zuzen segituko dugu, noranzkoa aldatu gabe. Aritzakungo bordak aurrean daude, eta harainoko tartea osatuko dugu. Aritzakun erreka igaro eta basabidean ezkerrera hartuta, Bidarraira joko dugu. Sumus bentaren ondoko zubitik igarota, ezkerrera egin, eta Basasagar baserrira iritsiko gara. Turxilenia baserri multzora iritsiko gara denbora luzea pasatu gabe. Han gasna erosteko aukera dago. Errepidetxoa sigi-sagaka hasten denean, ibilbidearen hasieran ikusitako harbide zaharra bistaratuko dugu. Gaztainondoak eta haritzak lagun, Bidarraira iritsi, eta zirkuitua herriko plazan itxiko dugu.