Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Harri Kulunka
Harri Kulunka | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Beartzun, Belaun, Hargibel, Alba, Urbillo, Ixti |
Distantzia | 10,7 km. 3 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Elezaharraren arabera, Hargibel menditik askatutako hareharrizko bloke handi hau Errolanek Hauza menditik jaurtitako harria omen da. |
Abiapuntua | Beartzun (Elizondo, Baztan) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Elezaharraren arabera, Hargibel menditik askatutako hareharrizko bloke handi hau Errolanek Hauza menditik jaurtitako harria omen da.[1]
Ibilbidea
[aldatu]Alba eta Hargibel mendien tontorrak lotuko ditugu ibilbide honetan, eta, horretarako, Beartzun auzoraino joango gara. Aldudeko lurrekin muga egiten duen mendiaren gandorrean ibiliko gara, eta oso berezia den Harri Kulunka izeneko harritzarra ikusiko dugu. Paraje eder hauetan, pagadi trinko eta ederretan murgilduko gara, eta, goiko belazeetan ibiliz, gure begien gozamenerako izango den ikuspegi zabala agertuko zaigu. Isiltasuna nagusi den inguru hauetan, naturak bere aurpegirik dotoreena erakutsiko digu.
Baztango Beartzun auzotik abiatuko gara, PR-NA 3 ibilbideko marra zuri eta horiek erakusten diguten norabidean. Tarte txiki batzuetan izan ezik, aldapak ez du atseden hartzeko aukerarik ematen, eta, azken baserria atzean utzi eta gero, pista zabalak pagadian murgilduko gaitu. Ordubete eskas beteko dugu Belaungo leporaino igotzeko, eta, handik, Aldudeko ikuspegi ederra izango dugu. Toki horretan, Berderitzeko lepo aldera zuzentzen den bide seinaleztatua utzi, eta Eihartzeko kaskoa inguratzen duen bide nabarmenetik igotzen jarraituko dugu. Gertu ikusiko ditugu mugarriak, eta aurrez aurre dugun Hargibeleko tontor aldera doan aldapa pikoari aurre egingo diogu. Gora heldu aurretik, eskuin aldera jo, eta Harri Kulunka izeneko harritzarraren ondora gerturatuko gara. Kili-kolo dagoen harri bat da, eta horixe du ezaugarri nagusi, bera baino txikiagoa den beste bloke baten gainean kulunkatu egiten baita. Hargibel menditik askatutako hareharrizko bloke handi bat besterik ez da, eta hauek dira haren neurriak: lau metro luze eta 3,65 metro zabal da, eta 1,40 metroko altuera du. Harriaren perimetroak, berriz, ia hamabi metro hartzen du, eta 50 tona inguru pisatzen du. Haren gainean jauzi eginez gero, nola kulunkatzen den ikus daiteke. Elezaharren arabera, Errolanek Hauza menditik jaurtitako harria omen da.
Harritzarra atzean utzi, eta tontorreraino igoko gara, eta segidan, lepora jaitsiko gara, Albako tontorrera igotzeko dugun bide belartsutik aurrera eginez. Zaguako gainetik, poliki igoz jarraituko dugu azken metroak harlauzaz betetako bidetik osatuz. Tontorrean, erpin geodesiko bat dago, eta metalezko baserri bat gutunontzi modura. Tontor honek ez du inguruan trabarik egingo dion beste gailur edo mendirik, eta horregatik merezi du tarte bat hartu eta paisaiak eskaintzen digun ikuspegiaz gozatzea.
Zintzurra freskatu, eta Urbilloko lepora jaitsiko gara. Hasiera deserosoa gertatuko zaigu, baina laster pagadira heldu, eta erraz ailegatuko gara lepora. Aurrez aurre daude Larrabeltzeko haitzak eta eskuin aldetik zabaltzen den pista zabaletik inguratuko ditugu, eta laster jaisten hasiko gara Ixtiko lepora iristeko. Lizardiko haitzera doan bidea ezkerrera utzi, eta eskuin aldetik jaisten den pista zabala hartuko dugu. Bidea oso erosoa da, eta beheko aldera iritsitakoan, erreka gurutzatu eta pista zabaletik segituko dugu. Berriro erreka ondora heldu baino lehen, pista hau utzi, eta aurrez aurre ikusiko dugun bide zaharra hartuko dugu Agerrealdeko bordaren ondoraino. Xenda nabarmenetik errekara jaitsi, hura gurutzatu, eta malda txiki bat igoko dugu ibilgailua utzi dugun lekura heltzeko.