Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Harriaundiko monasterioa
Harriaundiko monasterioa | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Osinaga, Otsakar, Gorostietako Bartolome Deunaren ermita, Mintxegi, Urrutxaga, Harriaundi, Doneztebe monasterioa, |
Distantzia | 7,1 km. 2 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Iruñeko Erresumari lotuta egon omen zen Txulapaingo Doneztebe monasterioa; eta, funtzio erlijiosoaz gain, estrategikoa ere izan zuen. |
Abiapuntua | Osinaga |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Iruñeko Erresumari lotuta egon omen zen Txulapaingo Doneztebe monasterioa; eta, funtzio erlijiosoaz gain, estrategikoa ere izan zuen.[1]
Ibilbidea
[aldatu]Iruñeko arroan badira hamaika herri txiki mendi magaletan barreiaturik. Normalean, autobidetik ikusten ditugu, beren etxe multzo txikia eta tartean elizaren kanpandorrea agertzen delarik. Inguruko zereal lurrak, sasoiaren arabera, kolore desberdinez janzten dira, eta ederra izaten da udaberritik uda bitarte koloreak egiten duen trantsizioa, berdetik hori bizira, eta, azkenik, udazkena sartzear dela, ilunduz joaten da.
Gaur, herri horietako batetik abiatuko gara, Osinagatik (Txulapain, Nafarroa Garaia) hain zuzen, eta gure asmoa izango da Doneztebeko monasterioaren aztarnak bisitatzea, orain zazpi bat urte auzolanean aritu eta gero Harriaundiko tontorrean agertu diren hondakinak, alegia. Zuzenean igo beharrean, mendi itzuli txiki bat egingo dugu haran txiki honetan zehar.
Osinaga herrira joan, eta bertatik abiatuko gara, Probintzietako abelbide errealaren bidetik hain zuzen ere —seinale desberdinak—. Nafarroako ipar-mendebaldeko eremu hezearen abelbide nagusia da, eta Noain herritik Areso bitarte 53 kilometro betetzen ditu. Zezenen abelbidea izenez ere ezaguna da, Bardeatik eta Nafarroako hegoaldetik igotzen baitzituzten Azpeitiko (Gipuzkoa) eta beste herri batzuetako jaietara. Xenda batek erreka ondora eramango gaitu, eta, markei segituz, Otsakar herri aldera igoko gara. Herria eskuinean utzita, pista zabaletik gorantz egingo dugu Gorostietako Bartolome Deunaren ermitarekin bat egin arte. Ermita oso ondo zaharberritu dute, eta bertan hiru zati bereziko ditugu: aterpe txiki bat tximinia eta guzti, arkupe ederra eta baseliza bera. Irekita egon ohi da, eta barruan xehetasunez betetako hamaika txoko ditu: aldarea, leihatilak, koroa, aitorlekua...
Talaia estrategikoa
[aldatu]Parez pare dugun Mintxegi aldera joko dugu segidan. Ermitari bizkarra eman, metalezko ataka pasatu, eta eskuinaldetik ateratzen den xenda nabarmen batek pagadian murgilduko gaitu. Hasieran, harri piloek lagunduko digute bidea aukeratzen, baina, laster, horiek desagertu eta, aldats pikoari aurre eginez, mendiaren gandorrera igoko gara. Gertu ikusiko dugu tontorra, eta, hara heltzean, mendiek osatzen duten zirku txikia azalduko zaigu begien aurrean. Behean ikusiko dugun telebista antenaraino jaitsi eta gero, xenda nabarmen batek Urrutxagako gailurrera gerturatuko gaitu. Muino hori inguratu egin daiteke, baina igotzea ez zaigu batere kostatuko.
Berriro maldan behera jarri eta lepora iritsi bezain pronto, pagadi trinko batean murgilduko gara. Orbelean marrazten den bidetik basoa zeharkatu, eta erraz hartuko dugu altuera. Konturatu orduko, pago gutxi batzuen ondoan dagoen Harriaundiko monasterioaren hondakinen ondora iritsiko gara. Ikusgarria da oso. Auzolanean egindako lanek agerian utzi dituzte monasterioa izan zenaren absideak eta bestelako elementu arkitektonikoak. Doneztebeko monasterioaren aztarnak aurkitu dituzten leku hori, monasterioa izateaz gain, talaia izan omen zen. Hipotesi desberdina egiten hasi dira, eta, esate baterako, Pescador historialariaren ustez, Iruñeko Erresumari lotuta egon zen Txulapaingo Doneztebe monasterioa, eta funtzio erlijiosoaz gain, estrategikoa ere izan omen zuen. Orain zazpi urte, lehen indusketak egin zirenean, ezusteko handia hartu zuten, Goi Erdi Aroko monasterio handi bat azaleratu baitzuten.
Inguruaz gozatu ostean, eta tontorrean dagoen suziri itxurako buzoiaren ondoan argazki pare bat atera eta gero, beherako bidea hartuko dugu. Larunbera doan pistan, lehen bihurgunean gure ezkerraldetik pinudian sartzen den xendatik abiapunturaino jaitsiko gara.