Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Hegaztien babesgunea

Wikibookstik
Hegaztien babesgunea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Hondarribia, Amute auzoa, JAitzubiako padura, Zubiberri, Telleriaurreko hezegunea
Distantzia 9,5 km. 2 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Hondarribiko mugan Jaitzubiko padurak daude. Mareen dantzan dabiltza ezti-ezti. Ikuskizun aparta sorrarazten dute padurek ingurua lehengoratzeko plana abian jarri denez geroztik.
Abiapuntua Hondarribia
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Hondarribiko mugan Jaitzubiko padurak daude. Mareen dantzan dabiltza ezti-ezti. Ikuskizun aparta sorrarazten dute padurek ingurua lehengoratzeko plana abian jarri denez geroztik. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Txingudiko padurak Gipuzkoan daude, Hondarribiaren eta Irunen artean. Lapurdirekin muga-mugan daude, deskribatu ezinezko paradisu batean. Hezegune berezia eta balio handikoa osatzen dute padurok, eta bertan hegazti espezie askok babesa eta elikadura hartzen dute. Padura horiek migrazio-bidean daude, eta berebiziko garrantzia hartu dute azken urteotan. Jakina denez, migrazio ibilbideak mendebaldeko Europatik Afrikarantz hegazti andanak mugiarazten ditu. Hondarribiko eta Irungo bazterrak lehengoratzen hasi direnez geroztik, ehunka espezie ikus daitezke hara-hona: lertxunak, basateak, zango-luzeak, koartzak eta abar.

Hondarribia basoek inguratua dutelarik ere, populazioaren presioak eragin handia izan du paduraren kontserbazioan. Berezko izaera kolokan jartzeraino. Izan ere, urmaelok hiriaren ingurunean daude, eta beste interes batzuek atzera bueltarik gabeko kalteak ekarri dizkiete. Zirt edo zart egin beharra zegoen naturari berea itzultzeko. Txingudiko natur baliabideak babestu eta antolatzeko xedez, plan bat abiatu zuen administrazioak XX. mendearen bukaeran. Lan jardueren artean, Jaitzubiko padurak ez ezik, Irungo Plaiaundi eta Bidasoako irletako sektoreak ere aintzakotzat hartu zituzten. Jaitzubiko eremuari dagokionez, 70 hektarea inguru babesteko plana diseinatu zuten orain hamar urte. Babes Bereziko lurrei lehentasuna eman zieten orduan, naturari XVIII. mendetik ostuak zituen hainbat gune itzultzeko desira zegoen eta.

Jaitzubiak bestelako aurpegia zuen 2003an: hamaika dike altxatuta zeuden ibai ertzetan, eta 25 hektarea inguru lehortuta zeuden nekazaritzaren mesederako. Baina iraultza isil-isilik etorri zen Txingudira: paisaiari gorazarre egitearen kariaz, kable elektrikoak lur azpian sartzeko asmoa agertu zuen administrazioak. Baita dikeak desagerraraztekoa ere. Lan horien ondorioz, paisaia bikaina osatuz joan da Jaizkibelgo magaletan, apurka-apurka. Paradoxikoa bada ere, Gipuzkoako lezkadi zabalenak bertan hazten dira, ibaitik itsasorainoko trantsiziorako leku garrantzitsu bilakatu dira. Masa dentsoa osatu dute gramineoek, beraz. Nork esango! Landareok gazitasun kopuru ertaina jasaten baitute, estuarioaren goiko aldean ikusiko ditugu, lirain; baita ur gezetako guneetan ere. Aspaldiko habitatak berreskuratzen ari dira Txingudiko badian, eta, imajina daitekeenez, eremu gazietara egokitutako landaretzak fauna propioa bere magalera erakarri du. Lezkadiaren kasuan, kopetazuriak eta uroilandak.

Irungo Plaiaundiko hezegunea ere bisitatzea merezi badu ere, Jaitzubiko padura lehenetsi dugu orain. Ibilbidearen nondik norakoak zehazten saiatuko gara hezegunea bertatik bertara ezagutarazteko asmoz. Hondarribiarrek hezegunea primeran ezagutzen dute: batzuk korrika edo pasieran ibiliko dira; beste batzuk, Donejakue bidearen aitzakian, tipi-tapa Guadalupeko tenplurantz.

Abiapuntua, Hondarribian

[aldatu]

Hondarribiko Arma plazan hasiko dugu ibilbidea. Karlos V.aren gaztelu zaharrean, hain zuzen. Eskuinera egin, eta ekialdera jaisten hasiko gara, Kale Nagusitik. Zuloaga Etxearen eta Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizaren paretik, alegia. Hiribildu historikotik Santa Maria deritzan ate zaharretik egingo dugu. Minasoroeta kalearekin bat egitean, ezkerrera hartu eta Alameda jatetxearen ertzetik igaroko gara. Santa Engrazia errekastoa gurutzatuko dugu han. Gero, hurbil ikusiko dugun tuneletik igarota, Erdiko Bideari ekingo diogu. Baratzeak alde bietan direla, astiro-astiro jarraituko dugu ordoki emankorrean gaindi. Bideak eskuineranzko bihurgunea egingo du bat-batean. Aurrez aurre, Kosta auzoko etxebizitzak eta baratzeak daude. Eraikin horietara heldu aurretik, ezkerretik doan bidexkari jaramon egingo diogu. Baratzeen artetik paseatzera gonbita egingo digu bidexkak. Amuteko auzora laster iritsiko gara. Kaputxinoen komentu aurretik igaro eta berehala, Capitan Tximista edota Goikoerrota naturgunera seinalatzen duen bide-seinaleari jarraituko diogu.

Amuteko Kirol Gunera iritsiko gara ziztu bizian. Bideak Jaizkibelgo tontor aldera begira jarri gaitu. Bidebanatzean, Hondarribia oinez deskubritzeko argibide-taula bat ikusiko dugu hainbat ibilbiderekin. E nahiz H izenekoak egokiak dira Jaitzubiko paduratik abiatuta Santiagotxo baseliza bitxia eta Guadalupeko eliza ezagutzeko. Guk ezkerrera hartuko dugu bidebanatzean eta, porlanezko bidea lagun, Danboliñeneko erreka zeharkatuko dugu. Jarraian, ezkerretik doan bideari kasu egin eta Jaitzubiko erreka parez pare, ibilaldi sosegatua egingo dugu zumarrak, zurzuriak, haltzak eta haritzak gogaide.

Jaitzubiko sarbideko langa zeharkatuta, Mariandreseneko zubira iritsiko gara. Bekoerrotako errekaren gain-gainean gaude. Zumarrak, lizarrak, sahats ilunak eta zumeak agertuko zaizkigu bide bazterretan. Albisturreneazpiko eremuak zeharkatuz, Zubiberriraino lagunduko digun errepidera irtengo gara. Asfaltoan ezkerrera egin eta San Joakin aintzirarantz egingo ditugu urratsak. Zubiaren ondoan, ur gezaz elikatutako aintzira handia ikusiko dugu. Bertan, besteak beste, beltxargak, kopeta zuriak, ahate murgilariak eta basateak ikusiko ditugu. Zubiberritik izango dugun ikuskizuna, ordea, ur gaziz osaturikoa izango da. Jaitzubiko padura bete-betean harrapatzeko modu dotorea! Leku ederra benetan, paduraren dinamika ulertzeko.

Zubia igaro bezain pronto, Mendelura doan bidea utzi ondoren, San Joakin aintzira inguratzen hasiko gara, eskuinaldetik. Jaitzubiaren ibaiaren eta aintziraren artean ibiliko gara. Lorategi botaniko baten antzera, tokiko altxorrak deskubritzen utziko digu bidexkak: haltzak, lizarrak, sahatsak, arrosak, pikondoak, elorri zuriak eta ekisetoak, beste landare askoren artean.

Donostiara doan errepide nagusira iritsitakoan, Zubiberrira itzultzeko unea izango da. Bide bera baliatuta, Jaitzubiko ibilbide nagusira iritsiko gara. Padurak ezkerrean lagata, mendebaldera egiten jarraituko dugu. Ezponda txiki baten gainetik bideratuko gaitu orain zidorrak. Hezegunearen gainean, Gipuzkoako lezkadirik zabalena ikusteko aukera dugu: Zarautzeneazpiko lezkadia da, akaso, padurako altxorrik preziatuena. Tataneko zubira iritsiko gara bi pauso emanda. Behatoki txiki batera, ondoren. Zaldiferrako bazterrak ezagutuko ditugu talaiatik. Atze-atzean, Aiako mendigune gorabeheratsua bistaratuko dugu. Ibilbidearen amaierara iritsiko gara laster, Telleriaurreko hezegunera iritsi bezain pronto. Ibilbide beretik itzuliko gara Hondarribira.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua