Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Herburutik Arrolako urtegiraino
Herburutik Arrolako urtegiraino | |
---|---|
Herrialdea | Lapurdi |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Herburu, Mokoa, Oneaga, Arrola, Arrolako presa |
Distantzia | 8,3 km. 2 ordu. |
Ingurunea |
Xoldoko gainaren magaletatiko ibilaldi lasaia da hemen proposatutakoa, hainbat basartetatik barrena, eta landak eta Lapurdiko kostaldea bistaratzen dituzten terraza panoramikoez gozatuz. |
Abiapuntua | Herburu (Urruña) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Xoldoko gainaren magaletatiko ibilaldi lasaia da hemen proposatutakoa, hainbat basartetatik barrena, eta landak eta Lapurdiko kostaldea bistaratzen dituzten terraza panoramikoez gozatuz. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Herburutik Berarantz doan irteeran, Ibardin mendatean barrena, kanpin bat dago errepidearen ezkerraldera, eta, haren aurrez aurre, bada aparkaleku bat, harizti baten erdi-erdian. Bada, handik ekingo diogu ibilaldiari, hariztian barrena, eta oholesi bateko atakatik igaroko gara, eta, baliza horiz seinalaturiko eskuineko bidezidorretik joko dugu Ibardin mendi leporantz. Gorantz egiten du bideak hasieratik, eta Mokoa errekaren gainetik eta hango amildegi basartekotik doa, besteak beste, urritzek, haritz tantaiek eta hainbat gorosti eta lizarrek osaturikotik. Malkarrean goraka goazela, zati lau batzuk ere igaroko ditugu, eta beste norabait doan bidezidor bat utziko dugu ezkerrera.
Goranzko bidea gero eta estuago eta harritsuago bihurtuko zaigu, eta aurrekoak baino pendiz luzeagokoa, harik eta hurritz batzuen korridorera iristean leuntzen den arte. Gero, beste malda bati ekingo diogu, haritz artean, eta gainalde txiki batera iritsiko gara; ezkerrera, harresi baten hondakinak ikusiko ditugu. Bide lauan ibiliko gara berrogeita hamarren bat metroan, eta berriro ere goraka hasiko. Belarrezko bidezidor batetik, haritz eta gaztainondoen artetik joko dugu, beste basabide bateraino. Handixe ibiliko gara hogei bat metroan, eta eskuinetik joko dugu berriro, Ibardin gainetik datorren pistarekin bat egin arte.
Eskuinaldetik ekingo diogu pistari, eta egurats zabalean ibiliko gara; baina, betiere, zuhaiztian barrena, eta zeruertzean kukuka ageri zaigun Xoldoko gaineko bizkar handi biribilerantz. Ezkerrera lurrezko bide bat utziko dugu, eta aintzirarantz jaitsiko gara; Oneaga muinoaren azpian, desbideratze bat aurkituko dugu, eta, han, ezkerrerantz egingo dugu, aintziraren ertzeraino iritsi arte.
Halaxe ekingo diogu aintzirako itzulinguruari; lehen pausoak eman ostean, aintzira ertzaren maila baino goragoko zati bat egingo dugu, baina gerora berriro ere haren arrasean joango gara. Ezkerraldean fortunatzen zaizkigun desbideratze guztiak saihestuko ditugu, aintzira ertzetik ahalik eta gertuena doan bidetik joatearren. Pare bat erreka pasatu ostean, eskuineko bidezidorretik segituko dugu, eta beste erreka batekin topo egingo —hirugarrena—, basarte erabateko eremuan sartuz. Hortik irtendakoan, adi erreparatu beharko diogu eskuinaldeko desbideratze bati, hortixe jo ahal izango baitugu presaraino, eta hura zeharkatu.
Ibilbide biribilean apenas gozatu dugun aintzira ertzaz, eragotzi egiten baitzigun hango zuhaitz hesiak. Beraz, presa pasatu ostean, eskuinera egingo dugu, eta, handik hamarren bat metrora, ezkerrera, eta eremu berdeko hariztian barneratuko gara, zeina aintzira ertzaren albo-alboan baitago. Atseden hartzeko eta lasaitzeko toki ezin hobea da, zalantzarik gabe.
Atzera presarantz itzuliko gara, eta arestian ezkerrera utzi dugun bidetik igoko gara, eta, bihurgune batera iritsitakoan, eskuineko bide adarretik joko dugu; hala, iturri baten albotik igaroko gara berehala, eta aintzira ertzetiko itzulingurua hasi dugun tokira itzuliko. Oraingo honetan, ezkerretik doan lurrezko bide batetik joko dugu, harizti batean barrena, eta Oneagako mendi lepora iritsiko gara eskuinaldeko basabidetik.
Basabide horretatik jaitsiko gara, itzelezko paisaia dugularik ikusmenean: hasi Larhundik eta kostaldeko hondartzetaraino, Lapurdiko landa alde berdean barrena. Malkartsuagoa izango da jaitsiera, kanpin batera jausiko garela emateraino, baina ezkerrerantz jotzen duen bihurgune baten eskuinaldean ageri den bidezidorretik joango gara; behean, beste bide handiago batekin topo egingo dugu, eta handik segituko dugu eskuinerantz. Gero, zuhaizti eta gaztainondo arteko bide batekin topo egingo dugu, eta eskuinaldetik gorantz joko; hango ataka igaro, eta Herburu eta Ibardin arteko errepidera iritsiko gara. Eskuineko bidezidorretik segituz gero, aparkalekura itzuliko gara berriro.