Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Hernioko gailurretara

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Hernioko gailurretara
Ibilbide honen argazkiak igo
66568-Ernio-bidea.svg
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Caoandanielinbluedoyouknow.svg Ezezaguna
Lekuak Alkiza, Belako harkaitza, Lizarbakarra, Urbeltz, Hernio, Zelatun, Hirumugarrieta,
Distantzia 22 km. 5 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Apenas jasotzen duten bisitarik Belako Harkaitzek. Handik, Hernio mendiguneko gailurretara joko dugu, Alkiza herria abiapuntu eta helmuga hartuta.
Abiapuntua Alkiza
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

'[1]

Ibilbidea[aldatu]

Hernio mendigunearen iparraldeko isurialdeak Oriako haranaren gainera zabaltzen ditu hango kare haitzezko kontrahormak, eta pareta bikaina osatzen du, etenduraz betetakoa. Alkiza herria eta haren ingurua mendiko jantzi ederrez apaintzen duen postal horretan daude Belako Harkaitzak, apenas bisitaririk jasotzen duen inguru isil eta erakargarria.

Tolosaldeko herri horretako plazan hasi dugu gaurko itzulia —hara iristeko, N-I errepidean, Anoeta-Irura irteeran atera behar da, eta Alkizara doan bidea hartu, GI-3630 errepidea—. San Martin elizak gure arreta bereganatuko du. Hari bizkarra eman, Anoetarantz doan errepidea hartu, eta berehala utzi dugu, eskuinera ateratzen den bidetik jarraituz. Bidegurutzera iristean, Zelatunera doan porlanezko bidea utzi, eta ezkerrekoari heldu diogu, bide seinale zuri eta berdeek erakusten diguten norabidean (SL-GI 9). Berandoain baserrira iritsi, eta haren atzetik ageri den bidezidorrean zehar bete ditugu hurrengo metroak, Belako Harkaitzen horma bertikalak geroz eta gertuago ditugularik.

Lehen errekastoaren ondora iritsi aurretik, SLa utzi eta eskuinetik maldan gora ateratzen den xenda hartu dugu. Errekaren paraleloan goraka goazen heinean, bidea zabaldu egiten da eta eskuinetik datorren beste bide batekin elkartzen da. Pagadian murgildurik, bide nagusi hori utzi eta ezkerraldera doan beste bat hartu dugu. Errekaren ondotik jarraitu dugu, baina geroz eta zailagoa zaigu bidea nondik doan; naturak pixkanaka bere lekua berreskuratu du eta bide zaharra kasik desagerturik dago sasien eta zuhaitz enbor erorien artean. Oztopo naturalak gainditu eta Zopiteko lepora heldu gara. Segidan, Belako Harkaitzen gailurrera abiatu gara, lapiaz eta sasi artean. Bat-batean, gure mendean Maldabeko sakana eta Alkiza ditugu. Bi punta nagusien artean dagoen korridore batetik Zopiteko kobazuloetara irits gaitezke; baina, sarrera zaila eta arriskutsua denez, hobe ez saiatzea. Ikuspegiaz gozatu ostean, atzera egin eta pista zabalera itzuli gara. Hernioko gailur-lerroaren paraleloan zabaltzen den bide zabal horri jarraituz, basoak eskaintzen digun itzal gozoan egin dugu aurrera, Hernialdetik datorren bidearekin bat egin arte (PR-GI 80).

Hernioko gailurrak[aldatu]

Atamire mendiaren bizkarrean zabaltzen den bide zaharrari heldu diogu maldan gora. Zenbat eta aurrerago egin, bidea orduan eta estuago eta pikoagoa. Berehala ikusi dugu Txotaren borda, Lizarbakarra deritzon lepoan. Zintzurra freskatu, eta eskuinaldetik igotzen den xendan barrena abiatu gara, Herniozabaleko tontorrerantz. Hernioko gailur-lerroa osatzen duten lau tontorretatik lehena da. Gurutzea, gutunontzia, Argitxo… eta sekulako panoramika! Begiak gose, ezin ase! Ubeltz mendia ikusi dugu gertu, eta hango tontorrerantz jo dugu segidan. Malda txiki bat jaitsi, eta berehala jarri gara berriro aldapan gora. Denbora gutxi behar izan dugu tontorrean dagoen kohete baten irudia duen buzoiaren ondora iristeko. Tontor horretan atseden txiki bat hartu, eta hirugarrenaren bila abiatu gara; Aizpeleko tontorraren bila, hain zuzen ere. Mendikatea zeharkatzen goazen neurrian, bi isurialdeetako magaletan barreiatzen diren herri txiki eta baserriak han-hemenka ikusten ditugu, paisaiarekin harmonian. Aizpelera igotzeko bidea utzi eta eskuinalderantz jo dugu belardian zehar. Tontorra zatartzen du etxola batek, eta haren ondoan antena bat dago. Bidera itzuli eta Herniorantz jo dugu. Gertu dago. Azken malda igo aurretik, Erniozaleak aterpearen ondoan hainbat uztai metaliko dituen gurutzea ikusi dugu. Uztai horiek, gorputzean zehar pasaz gero, erreuma sendatzeko ahalmena omen daukate. Aldapa txiki batek tontorrera joateko bidea erakutsi digu. Tontorretik ikusten den gurutzearen ondoan hildakoen omenez jarritako plaka eta gurutze ugari dago. Horretaz gain, orientazio mahai bat eta bi postontzi.

Zelatungo zelaiak[aldatu]

Alkizara itzultzeko ordua da. Horretarako, Zelatun aldera jo dugu, aurrez aurre Gazume kareharrizko zeharkako estratuak dituen mendiaren ikuspegia berezia dugularik. Lepora heltzean, irailean ospatzen diren erromerien soinu eta dantzak imajinatu ditugu. Gipuzkoako herri tradiziorik errotuenetako eta koloretsuenetakoa den erromeri festa honetan, sekulako jendetza bildu ohi da Herniora igo eta gero, eguna Zelatunen igarotzeko.

Atzean laga ditugu bordak, eta PR-GI 78ari dagozkion bide seinale zuri eta horiei jarraituz, beheraka hasi gara. Basoan murgildu eta berehala iritsi gara Irumugarrieta izeneko zabaldira. Albiztur, Alkiza, Larraul eta Errezilgo herriek muga egiten dute leku hartan. Han eskuinetik doan bideari lotu gatzaizkio. Unillo Saila mendixkaren ondora heltzean, Larraulera doan bidea (PR-GI 77) ezkerrera utzi eta aurrera segitu dugu. Sarobe Saila izeneko parajeak zeharkatu eta Itxuraingo lepora jaitsi gara. Gertu izen bereko tumulu bat dago. Otsozulotik Lakapidera segituz azkar heldu gara Alkizara eramango gaituen pista zabalera. Areta baserriaren ondotik pasa, eta herrian gara. Itzuli bikaina!

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua