Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Historiaurreko altxorrak

Wikibookstik
Historiaurreko altxorrak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Sopela, Munarrikolanda, Saierri
Distantzia 8,5 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Uribe Kostako Munarrikolanda mendilerroan Neolito garaian arbasoek eraikitako zazpi trikuharriak ezagutzea da ibilaldi honen proposamena.
Abiapuntua Sopela (kiroldegia)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Uribe Kostako Munarrikolanda mendilerroan Neolito garaian arbasoek eraikitako zazpi trikuharriak ezagutzea da ibilaldi honen proposamena. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Bizkaian Uribe Kosta da aztarnategi arkeologiko gehien duen eskualdea. Ibaizabal-Nerbioi eta Butroi ibaien artean zabaltzen zen lurraldean, Behe Paleolito (400.000-115.000 urte K.a.) garaitik aurrera giza jarduera nabarmena zela dakite arkeologoek. Uribe Kostako itsaslabarraren Flysch egitura geologiko bereziari esker, garai haietako gizonek erraz aurkitzen omen zituzten berebiziko kalitatea zuten silex edo sukarri noduluak, haiekin hainbat tresna egiteko gai zirelarik: aiztoak, aizkorak eta gezi eta lantza puntak, eta abar; baita sua egiteko txinpartak ere. Joxemiel Barandiaranek hasita XX. mendearen 50eko hamarkadan, harrezkero hamaika indusketa lan egin dira eskualdean, nahiz eta neurri gabeko hirigintzaren ondorioz ondarearen zati handi bat galdu izan. Lanik garrantzitsuenetakoa 1964an P. M. Gorrotxategik eta J. Saratxagak Munarrikolanda mendilerroan aurkitutako trikuharri eremua izan zen. Guztira zazpi monumentu megalitiko daude Unbe Gainetik itsasertzeko Azkorri Puntarainoko gailur lerroan. Sopela, Berango eta Urdulizko udalerrien artean kokaturik, Euskal Herriko mendien katalogoan garaiera txikiena duen mendia da Munarrikolanda (255 metro). Oraingoan, beraz, ibilaldiaren proposamena duela milaka urte arbasoek utzitako ondarea ezagutzea da.

Ibilaldia Sopelako Urko kiroldegiaren aparkalekuan has daiteke. Mendi magalaren bila kiroldegia inguratu bezain pronto, lehen bidegurutzearekin topo egingo dugu. Ezkerrera, GR-280 ibilbidea adierazten du; guk, berriz, eskuinekoa hartuko dugu, Munarrikolanda ibilbidea. Bigarren bidegurutzean berriz ere eskuinera joko dugu, 500 metroko ibilbidea osatuz ikurrin handi baten azpiraino, bidean 36ko gudan Bilboko Burdin Hesian hormigoiz jasotako metrailadore habien aztarnak ikusi ahal izateko. Azalpen kartelek informazio zehatza eskaintzen die mendizale eta historiazaleei.

Aurreko bidegurutzera itzuli, eta Munarrikolanda ibilbideri jarraituko diogu hego-mendebalderantz. Hasieran porlanezko pista, baina laster bidezidor. 400 metro aurrerago GR-280 ibilbidearekin bat egin eta marka zuri-gorrien atzetik ibiliko gara, eukalipto, ote eta garo artean, ikuspegiak Berango eta Sopela aldera txandaka agertzen zaizkigularik. Saierri gaina (192 metro) gainditu eta gutxira, lehen tumulua aurkituko dugu: Saierriko tumulua. Gainontzeko eraikuntza megalitikoak hurrengo kilometroan zehar agertuko zaizkigu: Saierriko muinoa, Saierrikolanda I trikuharria, Saierrikolanda II tumulua, Munarrikolanda I trikuharria eta Munarrikolanda II tumulua.

Hildako komunitatearen ikur

[aldatu]

Bi egitura megalitiko desberdin hauek hilobiratze kolektiboetarako erabili ohi ziren Neolito garaiaren (duela 5.300-5.000 urte, kalibratu gabeko data izanik) eta Brontze Aroaren (duela 3.500 urte) artean. Burgosko giza eboluzioaren ikerketa zentroko Joseba Rios Garaizar arkeologo bizkaitarraren esanetan, megalitoak bere barnean hobia badu trikuharri gisa katalogatzen da. Trikuharri barruko kaxa edo gela bertikalki jarritako harlauza handiz osatzen zen, eta beste haitz batekin estaltzen zen. Behin hori eginda, egitura harriaz eta lurraz estaltzen zen, eta, hala, tumulua osatu. Ageriko lekuetan kokatzen ziren, urrunetik erraz ikus zitezen, hildako komunitatearen ikur gisa, eta ziurrenik bertan bizi zirenen menpe zegoen lurraldearen adierazle gisa, eraikin horiek lehen nekazari eta abeltzainek eraiki baitzituzten. Horregatik, paisaiaren itxuraldaketa hasi berria zen. Garai haietan haritza, pagoa eta artadia ziren nagusi. Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu dituen arren, babesik gabe aurkituko ditugu indusketa arkeologiko baten zain. Hori da Joseba Rios Garaizar eta haren taldearen etorkizun hurbileko proiektuetako bat.

Munarrikolanda tontorraren altxorra 36ko gudako bunker erraldoia da. Hura arakatu eta etorritako bidetik (mendebaldea) bueltatu nahi ez badugu, ekialderantz sortzen den bidezidorrari jarraituko diogu. Laster, eskuinerantz bihurgunea egin, eta BI-3124 errepideraino jaitsiko gara eukalipto basoan behera. Ezkerrera errepidez jaitsiko gara hilerriraino, horren ondoan sortzen den aldapa pikoan gora Santa Marineko Atxetara igo ahal izateko. Isurialdez aldatzen denean, gandorrari eutsi behar zaio ipar-mendebalderantz, nahiz eta hasierako metroetan otadiak xendra estali. Errepidean GR-280arekin bat egingo dugu, eta horri jarraikiz abiapuntura iritsiko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua