Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Hoxahandia

Wikibookstik
Hoxahandia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Beherea
Zailtasuna Erraza
Lekuak Iholdi, Oltzeko gaztelua, Hiru Haitzeta, Hoxahandia, Hoxattipia
Distantzia 10 km. 3 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Iholdi herrian, Nafarroa Behereko bihotzean, ondare historiko garrantzitsuak topatuko ditugu.
Abiapuntua Iholdi
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Iholdi herrian, Nafarroa Behereko bihotzean, ondare historiko garrantzitsuak topatuko ditugu. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Arberoa Nafarroa Behereko lurralde historikoa da; Aiherra, Izturitze, Mehaine, Donoztiri, Bastida, Heleta, Irisarri, Mehaine, Armendaritze eta Iholdi dira eskualdea osatzen duten herriak. Iturrien arabera, zerrendako zenbait herri ez dira agertzen, eta esan daiteke Armendaritze, Bastida, Irisarri eta Iholdi ez direla beti integraturik egon. Hala ere, arrazoi geografikoak direla medio, lau herri horiek Arberoakotzat jotzen dira.

Gaurko ibilaldiak herri horietako bat du abiapuntu: Nafarroa Behereko bihotzean dagoen Iholdi herria, hain zuzen ere. Herri txiki horretan, honako hauek ikus daitezke: Elizabelar jauregia, 1680. urtean altxatua; Ameztoia baserria, 1689koa; Donibane eliza, XVII. mendekoa; eta Oltzeko gaztelua, mende berekoa. Inguruko muino eta mendietan ibilaldi franko egin daitezke, eta guk horietako bat aukeratu dugu: Hoxahandiako ibilbide zirkularra.

<img alt="" src="https://www.berria.eus/argazkiak_jarraia/uploads/1300f83367.jpg" />

Herriko plazatik atera eta herriko etxea ezkerrera utzi eta gero, errepide txikitik aurrera egingo dugu. Berehala, kanpina ezkerrera utzi, eta aurrera jarraituko dugu. Kilometro pasatxo bete ondoren, Oltzeko gazteluaren ondora helduko gara. Joan Oltze prelatuaren etxebizitza izan zen. Jatorriz XVI. mendean eraiki bazen ere, 1664an birmoldarazi egin zuen. Joan Oltze Baionako apezpiku izan zen, eta berak ezkondu zituen Frantziako Luis XIV.a eta Maria Teresa Austriakoa. 2005ean, monumentu historiko izendatu zuten.

Gaztelua atzean utzi, eta aurrera jarraituko dugu marra laranjek erakutsiko diguten norabidean. Pista zabaletik maldan gora jarri, eta haritzak nagusi diren baso mistoan murgilduko gara Hiru Haitzetako lepora iritsi arte. Aurrez aurre ikusiko dugun malda piko eta biziari aurre egingo diogu, eta, gora heldu aurretik, bide nabarmena utzi, eta gandorrera igoko gara, ikusgaitz den xenda batetik. Bidezidorretik segituz, Arberoako lurren ikuspegi zabal eta bikainaz gozatzeko aukera izango dugu, talaia bikaina baita. Gertu ikusiko dugun Hoxahandiko tontorrera iritsiko gara laster, eta, bertan pausatuz, urruti zein gertu ikusiko ditugun mendiak identifikatzeko gogoa sartuko zaigu.

Behean ikusiko dugun Hoxattipia aldera jaisten hasiko gara belazean zehar. Malda oso bizia da, eta, lepora iristean, berriro xenda nabarmenetik tontorrera igoko gara. Alanbrezko hesiaren paraleloan jaisten hasi eta berehala, hau pasa eta beste hesi baten ondotik berriro maldan behera iralekua gure eskuinera utziz. Metalezko langa batera iritsi, eta, hau gainditu ondoren, errepide txikitik jarraituko dugu altuera poliki galtzen. Arditegi moderno eta handiak dituzten bi baserriren ondotik pasatu, eta berehala bat egingo dugu hasierako errepidearekin; hortik itzuliko gara abiapuntura.

Herrira iristean, elizari bisita egitea merezi du. Ateburuan 1605eko dela adierazi arren, XVII. mendean hainbat aldiz moldatu zuten, beste urte bat ere agertzen baita, 1693a. XX. mendean ere zaharberritu zuten. Alboan dagoen hilerrian, disko formako zenbait hilarri ikus daitezke; zaharrena 1597koa da. Herrian zazpi eihera (errota) dira, eta horietako bat zaharberrituta dago.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua