Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Iburukuaitzeko begia
Iburukuaitzeko begia | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Araia, Azpilleta, Gaztazapadoi, Iburukaitz, Allarte, Allaitz, Atabarrate, Umandia, Urrafieta |
Distantzia | 8 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Iburukuaitzeko leiho naturala Imelekuko magalean dago, Aratz erraldoiaren begiradapean. Araian hasiko dugu ibilbidea, eta zirkuitu ederra osatuko dugu, tontorrik tontor eta lepoz lepo. |
Abiapuntua | Araia |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
'[1]
Ibilbidea
[aldatu]Iburukuaitzeko leiho naturalera zuzenduko gaituen xendari Araian (Araba) emango diogu hasiera. Herrira iristean, kale nagusiari jaramon egin eta iparrera joko dugu, elizara doan kaleari muzin eginez. Sagastui, Intuxi eta Salsamendi kaleak gogaide, Ajuria-Urigoitia fabrika zaharreko aparkalekura iritsiko gara, ibili-ibilian bertan hasiko gara eta.
Herrirantz metro batzuk egingo ditugu. Fakundo Enea etxearen parez pare, eskuinetik doan porlan bide aldapatsuari ekingo diogu. Egurrezko seinale batek PR 11 Allarte dio. Basozainaren etxe aurretik igarota, ezkerrera egingo dugu aurreragoko bidebanatzean. Asfaltoari jarraituko diogu han, harik eta haritz potolo batzuen ondora iristen garen arte. Haien artean igaroko gara —marka gorriak daude— behialako plano inklinatuan aurrera egiteko asmoz. Ajuriako fabrikak hamarkada luzeetan baliatu zuen begi aurreko trazadura bitxia. Izan ere, mineralez zamaturiko bagoi txikiek joan-etorri ugari egin behar izan zituzten fabrikako labeak elikatzeko.
Arku naturala
[aldatu]Malda pikoa pista batek hainbat aldiz mozten duen arren, aldapari aurre egingo diogu serio demonio. Aldatsa amaitutakoan, alanbrea gurutzatu eta, basabidea laga gabe, sigi-sagaka, Azpilletako leporaino jarraituko dugu. Eskuinera egingo dugu orduan, Zalduondora doan GR 25 zidorra bazter eginez. Laster batean, eskuinera hartu eta Zirauntza ibaiak irekitako ibarraren gain-gainean jarriko gara. Gaztolepora iritsi garela esaten digu seinale batek. Bidebanatzean, aurrez aurre doan bidexkari eutsiko diogu, bizkarrari ongi oratuta. Gero, harlauza zabalen gainetik ibil gaitezen gonbita egingo digu bide zaharrak. Azkenik, hiru bideren elkargunera iritsiko gara. Aratz aldera doan bide nagusia alde batera utzita, Allarteko leporaino lagunduko digun bideari men egingo diogu. Gaztazapadoi txabolaren aurretik igaroko gara berehalakoan. Gero, pagadia zeharkatu bezain pronto, Iburukaitzeko zulo naturala ikusiko dugu, ezkerraldean, hormatzarrean. Bidexkatik irten gabe, haitzulo bitxiaren azpian izan arte jarriko dugu. Gogoa izanez gero, leihoraino igo gintezke.
Atabarratetik Araiara
[aldatu]Aratz Txikiaren mazela karstikoa alderik alde zeharkatzen duen bidexkari eutsita, pagadi trinkora iritsiko gara. Basabidean, ezkerrera hartu eta ibarrean gora egingo dugu. Allarteko lepo inguruan, pago eder bat ikusiko dugu. Pistak eskuin-ezker egingo du orduan, eta Allarteko leporaino lagunduko digu. Aratz Txikiaren eta Allaitz tontorraren arteko lepora iritsi gara. Allaitz mendia igotzeko garaia da. Hego-ekialdera egingo dugu, maldan gora, PR zidor bati segika. Tontorretik Allaitzoste izeneko lepora jaitsiko gara. Ondoren, Allaitz Txikia inguratuta, txondor apal ugari ikusteko aukera izango dugu maldan behera egiten dugun bitartean. Azkenik, jaitsiera xumea egin ostean, harrizko galtzada batek Atabarrateko leporaino lagunduko digu. Lepoan bi pista ikusiko ditugu: eskuinekoak Umandia mendia inguratzen baitu, alboan utzi eta, haren ordez, mendebaldera egiten duena hartuko dugu. Lepotik bost minutura edo, eskuinerako bihurgunean, PR 11 seinale zaharraren arrastoa ikusiko dugu. Handik abiatuko gara. Betiere bizkar gainari helduta, hortzen moldean altxaturiko haitzetara joko dugu. Ezkerreko bi haitzen artetik doa bidexka. Muinoa koroatzen duten harrizko monolitoei begirada kendu gabe, beherantz jarraituko dugu, hegiz hegi. Urrafieta inguruan, pista zabal batekin topo egingo dugu. Eskuinetik jarraituta, Zirauntzako kanalera iritsiko gara. Araiara jaisteko, pistatik nahiz ibai jauzkariaren ondoko zidorretik joko dugu.