Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Imotz harana
Imotz harana | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Latasa, Eraso, Zarrantz, Oskotz, Etxaleku, Beramendi, Udabe, Urritzako Bentak, Imotz harana |
Distantzia | 18,5 km. 5 ordu. |
Ingurunea | Urtearen sasoiaren arabera, naturak eskaintzen dituen aurpegi koloretsu eta ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu. |
Abiapuntua | Latasa |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Urtearen sasoiaren arabera, naturak eskaintzen dituen aurpegi koloretsu eta ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu.[1]
Ibilbidea
[aldatu]Imozko zortzi herri eta Basaburuko beste bi lotzen dituzten xenda zaharrak berreskuratu, balizatu eta, zirkuitu desberdinen bidez, oinez, mendiko bizikletaz edota korrika haran horretako bazterrak ezagutzeko aukera dugu gaur egun. Bidezidor horiek Muskitz, Oskotz, Etxaleku, Beramendi, Udabe, Urritza, Goldaratz, Latasa, Eraso eta Zarrantz herri txikiak lotzen dituzte, eta, besteak beste, herri horietan dauden etxe bikain, zubi zahar eta erroten aurriak ikusi ahal izango ditugu. Guztira, 70 kilometroan, elkarrekin gurutzatzen diren hiru zirkuitu, marra horiz eta egurrezko hesolaz balizaturik. Xenda, errepide, lurrezko eta porlanezko pista eta baso mota desberdinen artean hedatzen den bide sare horrek, urtearen sasoiaren arabera, aukera emango digu naturak eskaintzen dituen aurpegi koloretsu eta desberdinez gozatzeko.
Latasa herrian emango diogu hasiera gaurko ibilaldi luze honi. Etxe artean murgildu eta berehala ikusiko ditugu ibilaldi osoan zehar lagun izango dugun marra horia (herrien arteko xendak). Errepidea utzi, eta, pista zabalean zehar, erreka gurutzatu, eta pixkanaka altuera hartuko dugu. Basoan zehar aurrera eginez, Martikoneko bordaren ondora iritsiko gara. Errepide aldera jaitsi, eta, bidegurutzean, ezkerraldera Eraso herrirantz eta eskuin aldetik, berriz, Zarrantzerantz. Kilometro erdi eskas aurrerago, errepidea utzi, pagadian sartu, eta aurrera egingo dugu bide erosoari segituz. Basotik errepidera ateratzean, gertu ikusiko dugu Zarrantz herria; gure eskuinera utzi, eta jaisten hasiko gara. Bihurgune handi batera heltzean, eskuinetik ateratzen den porlanezko pistak Oskotz aldera eramango gaitu. Berriro errepidera aterako gara, eta, herria eskuinera utzita, aurrez aurre ikusiko dugun probintzietako errege bidea (CRP) edo zezenen bidea hartuko dugu (GR 9). Antzina, ganadu transhumanteak erabili ohi zuen bide hori; Iruñetik gertu hasi eta Gipuzkoako bihotzeraino zabaltzen zen, Noain herritik Azpeitiraino, hain zuzen ere. Gipuzkoan, ibilbide horri zezenen bidea ere esaten zaio, XVI. mendetik aurrera Nafarroatik zezenak ekartzen baitziren.
Antzinako bide horrek Beramendiraino eramango gaitu, baina, aldez aurretik, Etxaleku ezagutuko dugu, eraikin bikainak —elizak, etxeak, latsarria…— dituen herri polita. Herriaren goiko aldetik hedatzen den bide balizatuak, hariztia zeharkatuta, errepidearen ondora eramango gaitu, Donatoko bordaren ondora. Aurrerago, eskuinetik, Basaburua erreka zeharkatzeko dagoen zubiraino jaitsiko gara, eta, segidan, Beramendi herriraino igo. Gertu ikusiko dugu Udabe herria, eta, marka zuriei segituz, erraz helduko gara hara. Kilometro bat lehenago, Aldatz aldera zuzentzen den probintzietako errege bidea utziko dugu.
Azken zatian, Udabe herria atzean utzi, eta errepidearen beste aldetik jaisten hasiko gara Basaburua errekaren ondora iristeko. Arku bakarra duen zubi bikaina zeharkatu, eta haren paraleloan marrazten diren xenda eta pisten artean aurrera egingo dugu. Lau kilometro pasatxo bete dugunean, Urritzako Bentetara helduko gara, eta, abiapuntura iristeko, Plazaolako tren zaharren ibilbidea hartuko dugu.