Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Infernuaren atarian

Wikibookstik
Infernuaren atarian
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Atxarte, Artola lepoa, Alluitz, Sagasta auzoa,
Distantzia 9 km. 3 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Eskalada eskolak egin du ezagun Atxarte. Alluitz mendiko tontorrera igo eta Infernuko Zubia deritzona zeharkatzeko bidea egin dugu.
Abiapuntua Atxarte (Abadiño)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Eskalada eskolak egin du ezagun Atxarte. Alluitz mendiko tontorreko ikuspegi bikainak eta Infernuko Zubia deritzona zeharkatzeko proposamena egiten du aste honetako ibilbideak. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Atxarte (Abadiño, Bizkaia) oso leku ospetsua da eskalatzaileen nahiz mendizaleen artean, bertako eskalada eskolari esker. Alderdiak egun daukan lasaitasuna 1990eko hamarkadako harrobien kontrako borrokak ekarri zuen. Leherketak geldiarazteko, 200 egun baino gehiago igaro zuten zintzilik zenbait eskalatzailek Labargorri izeneko horman, tarte ezberdinetan. Zorionez, 1990eko urteetan egin zituzten protestaldien ondorioz, ustiategia ixtea erabaki zen, hondakin higuingarriak opari gisa utzita ere.

Abadiñora joateko, autoa nahiz autobusa erabil dezakegu. Autobus geltokitik 400 bat metrora, Elorrioko noranzkoan, eskumara joango gara, Mendiolarantz. Lau kilometro inguru behar da Atxartera iristeko. Aipaturiko harrobi horretan utziko dugu autoa, horrela etorriz gero. Hego-mendebalderantz hasiko gara, gorantz; zubia iragaterakoan, Gure Kristo Atxartekoa-Kristoandako baselizatxoa ikusiko dugu. Berehalako bidegurutzean ezkerretik segituko dugu, zementuan, eta aurreragoko aparkaleku txikira heltzean, ezkerrera egingo dugu (IE), errepidea baztertuz. Hesia zeharkaturik, bidexkari emango diogu, harik eta hamabost bat minutuan alboratzen dugun arte. Horra heldu bitartean zidor leun batek pagadi eder batean barrena eramango gaitu. Harri piloak zuzenduko gaitu ezkerreko bidexkara (E), bide nagusia baztertzeaz bat. Burdin hesia iragandakoan, Artola lepoa gainean daukagu; bost bat minutuan helduko gara. Erdiko bide seinalean garenean, eskuinera joko dugu, marka horiak bidaide. 100 bat metro gorago, xendari jarraituko diogu, harritzan izan arte. Hainbat erosoen egingo dugu gora, betiere bai markei bai zidortxoari men. Ertzera iristear, pago isolatuaren ondotik igaroko gara, erreferente bikaina izanik.

Alluitz (1040 metro, erpin geodesikoa). Tontorreko ikuspegia zabala da zeharo, Durangaldeko mendiak nabarmentzen zaizkigula, Anboto, Urkiolagirre, Untzillatx eta Mugarra batez ere. Gertuko Atxurkulu, Kokuzkulu edo Infernuko Zubia deritzonari erreparatuko diogu. Euskal Herri osoan famatua den eta hemen hasi eta Anboton bukatzen den ertzera hurbil gaitezke, kontuan harturik eskarmentu handiko jendearentzat edota zorabiorik gabekoentzat besterik ez dela, hildako larregi eragin duela dagoeneko. Oraingo honetan, argazkiak egindakoan, ekarritako noranzkoan hasiko gara jaisten, arreta handiz, batez ere goialdean. Behin lepoan-eta egindakoari labur baderitzogu, Astxikira joan gaitezke —30 minutuko joan-etorria—. Bestela, eskumara joko dugu, PRko marka zuri-horiekin bat. Hamabost bat minutu beharko dugu pista zabalean izateko. Eskumatik segitu (HE), eta bost minutu pasatzeke ezkerrera egingo dugu 150 metroz (IE). Ezkerrari ekingo diogu (M), harri-txirri pistari bizkarra emanez. 40 metro aurrerago eskuinera, eta beste horrenbeste metroan ezkerrera. Hamar minuturen buruan, noranzkoari eutsi elkargunean, beherantz, eta bizpahiru minutu geroago Santa Barbara baselizarekin topo egingo dugu. Sagasta auzoan, iturritik 60 metrora ezkerreko errepidean beheratuko gara (M), marka zuri-gorriak lagun. Hogei bat minutuan ezkerrera egingo dugu, errepidea alboratuaz batera, Atxartera joango bagara. Bestela, errepideari jarraituko diogu herrira iritsi arte.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua