Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Infernuko errota

Wikibookstik
Infernuko errota
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Etxalar, Orizkiko lepoa, Altsuko lepoa, Etxebertzeko borda, Infernuko errota
Distantzia 14 km. 3 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Inguruko biztanleek artoa ehotzera eraman ohi zuten errekaren gainean eskegita dagoen egurrezko errota honetara.
Abiapuntua Orizkiko lepoa (Etxalar)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Inguruko biztanleek artoa ehotzea eraman ohi zuten errekaren gainean eskegita dagoen egurrezko errota honetara. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Baztan eta Etxalar artean, Orabidea (Lekaroz) eta Tximista auzoen artean, Infernuko errekaren urek bidea zabaltzen dute pagoz betetako mendi magaletako haran estuetan. Orizkiko lepotik aterata, inguruko biztanleek artoa ehotzeko joan den mende arte erabili ohi zuten izen bereko errota bisitatuko dugu. Horretarako, lehenik, Etxalar herria atzean utzi, eta, Zugarramurdirako bide zaharretik hiru kilometro pasatxo, Orizkiko lepora igoko gara autoz, eta bertan dagoen antena baten ondoko zabaldian aparkatuko dugu, bunker baten ondoan, hain zuzen ere.

Errepidea gurutzatu, eta aurrez aurre dugun lehen malda txikiari aurre egingo diogu. Hasieran garo artean, eta, gero pagadian marrazten den xendatik, lurrezko pista zabal batera aterako gara. Maldan gora segituko dugu, Gaineko Harrietako lepora heldu bitarte. Gure ezkerrean Madariko gaina eta Bagobilletako muinoak utzita, bide nabarmenetik aurrera egingo dugu. Berehala helduko gara Higer lurmuturra eta Mediterraneo itsasoa lotzen duen GR-11ren bide seinale zuri-gorrien ondora. Balizajeari segituz, altuera hartu, eta Atxuriako silueta nahasezina ikusiko dugu. Zentinelako ingurune megalitikora zuzentzen den SLaren markak ezkerrera utzi, eta laster jaitsiko gara Zugarramurdiraino doan errepidearen ondora. Hori gurutzatu, eta aurrean dugun pista zabaletik erraz ibiliko gara. Legateko gurutzean urrutian dugularik, Kaskoaundiko magaletik Altsuko leporaino jaitsiko gara, aldapa bizian altuera erraz galduz. Bidegurutze horretan, GR-11 utzi, eta eskuineko bidea aukeratuko dugu, maldan behera Burrarteko bordaraino jaitsiz.

Pistan zehar jarraituko dugu, baina, laster, pago baten ondoan, eskuinetik ateratzen den zidor nabarmena aukeratuko dugu. Garo artean, eta, tarteka pago gutxi batzuen ondotik pasatuz, bide zahar horrek Lizardiko bordaren lurretara eramango gaitu, eta haren alanbrezko hesiaren paraleloan ibiliz berriro pistara aterako gara. Metro batzuk bertatik egin, eta berriro eskuin aldetik hedatzen den bidezidorra aukeratuko dugu. Altuera galtzen goazen heinean, erreken uren murmurioa gertuago entzungo dugu, eta, konturatu orduko, Etxebertzeko borda eta Infernuko errota lotzen dituen bidera jaitsiko gara. Ezkerraldera hartuz gero, amuarrainen haztegi eta pilotaleku txiki bat duen jatetxera iritsiko gara, eta, eskuin aldetik jarraituz, berriz, basoaren itzalean ezkutatzen den errota zaharraren ondora.

Baztango ipar-ekialdean, inguruko biztanleek artoa ehotzea eraman ohi zuten Bertizko lurrekin mugan jaiotzen den Infernuko errekaren gainean eskegita dagoen egurrezko errota horretara. Lan horretaz gain, antzina, haran estu hauetara ganadua bazkatzera ekartzen zen, eta baserritarrek ikatza egiteaz gain, etxerako egurra ere bertatik hartzen zuten. Errota martxan jartzeko ez zuten ubiderik erabiltzen, eta ur jauziaren indarraz baliatzen ziren gurpil hidraulikoa mugitzeko. Haren jatorria ezezaguna bada ere, uste dute XVII. mendean funtzionatzen zuela. Aurkitu zutenean, harri pare bat eta larruzko estalkiaz osaturik zegoen, eta, gerora, harriz eta egurrez berregin zen. XIX. mendean frantsesek erre zuten arte erabili zuten, eta, gerora, iristeko zailtasunengatik, karlistek babesleku gisa erabili zuten.

Argazkiak atera, eta etorritako bidetik metro batzuk atzera egingo dugu, SL Na-13aren seinale zuri eta berdeak aurkitu arte. Etxebertzeko bordara doan bidea utzi, eta ezkerretik maldan gora egingo dugu. Abiapuntura itzultzeko, 5 kilometro egingo ditugu, Baztango bordaren ondotik pasatu lehenik, eta gero pagadian murgiltzen den pista zabalari jarraituko diogu.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua