Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Intxortako lubakiak
Intxortako lubakiak | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Elgeta, Intxorta |
Distantzia | 8,5 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | 1936ko gerran izandako gertaerak gogora ekarri eta gure oroimenean gordetzeko aukera dugu Intxortako magaletan dagoen ibilbide tematikoa bisitatuz. |
Abiapuntua | Elgeta |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
1936ko gerran izandako gertaerak gogora ekarri eta gure oroimenean gordetzeko aukera izango dugu Intxortako magaletan dagoen ibilbide tematikoa bisitatuz. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Intxortako parajeetan 1936ko urriaren 4an egindako defentsari esker, zazpi hilabete igaro ziren Elgeta indar faxisten esku erori aurretik. 1937ko apirilaren 24 arte luzatu zen borrokaldian, izugarria izan zen errepublikano eta nazionalistek erakutsi zuten adorea, erresistentzia bizia erakutsi baitzuten. Ibilaldi honek paraje haietan murgildu gaitu, lubaki eta babeslekuen artean, imajinazioari eragin eta gertaera haiek irudikatu nahian.
Intxorta
[aldatu]Euskal mendizaletasunaren historian esanahia eta leku berezia duen Elgetako herriko plazatik abiatu gara. Arrasaterantz doan errepide aldera igo, hori gurutzatu eta aurrez aurre dugun porlanezko pistan barna aurrera egin dugu, PR-Gi 95ari dagozkion bide-seinale zuri eta horiek erakutsi diguten norabideari jarraituz. Berehala, bide nagusia tarte batez utzi eta Xalbador ermitara igo gara, bertan dagoen gerran eraildako zibilen monumentua bisitatzeko. Haren atzetik, SLaren markei jarraituz, Intxortako Ateraino joan daiteke. Atzera egin dugu, PR-ra itzuli eta, bide hori segituz, Antzuategi Bazterrekoa baserriaren ondotik pasatu gara. 1936an baserri hori hirugarren babesleku pasibo gisa erabili zuten. Ur-biltokira iristean porlanezko pista amaitu eta lurrezkoa hartu dugu. Pagadi, izeidi eta pinudi artean egin ditugu hurrengo urratsak Intxorta mendiko ipar magala zeharkatuz.
Bide nagusia zeharkatzen duen xenda nabarmen batek erakutsi digu Intxortako tontorrera igotzeko xenda. PRa utzi eta ezker aldetik maldan gora egin dugu tontorrera heldu arte. Gutunontzi zaharra, aterpe hondatua... ez da oso erakargarria. Atzera egin dugu etorritako bidetik eta berriro murgildu gara bide nagusian.
Intxortako Atea
[aldatu]Gipuzkoako (GR-121) eta Bizkaiko (GR-123) biren marka zuri-gorriekin bat egin eta, Intxorta eta Gaztelugatxeko magalak zeharkatuz, aurrera egin dugu lurrezko pista zabalean. Pinua nagusi den paraje hauetan ez dugu inguratzen gaituen paisaiaz gozatzerik izan. Bidegurutzera iristean hainbat seinale ikusi ditugu: aurrera segituz gero, GI-2639 errepideraino joango ginateke eta hortik Elgeta aldera jo beharko genuke Intxortako Atearen ondora heltzeko, baina ezker aldetik Intxortako lepora igo eta zuzenean jaitsiko ginateke errepidean zehar ibili gabe. Azken hori aukeratu eta malda bat igo ostean, beherantz egin dugu.
Errepidera heldu aurretik 1936ko gerran Euzko Gudarosteen defentsa lerroen zenbait elementu berregin dituzte, eta horien inguruan ibilbide tematiko bat antolatu. Bertan ikusi ahal izan ditugunen artean, lubaki lerroak, parapetoa, babesleku pasiboak eta Belgikarren (La Belga) metrailetaren kokagunea dira aipagarrienak. Kokagune bakoitzean dauden paneletan agertzen diren irudi eta hitzei esker, hobeto ezagutu dugu paraje haietan gertatutakoa. Errepidea zeharkatuz, Intxortako Atea ezagunaren ondora iritsi gara. 1936ko gerran Elgetako frontean izandako gertaerak gogora ekartzeko, Juan Jose Aranguneren eskultura hau 2007ko apirilaren 19an inauguratu zuten. Aurrera segi eta berehala iritsi gara Asentzio ermitaren ondora, faxisten lubakien ingurura. Garai batean oso ezaguna zen bertan egiten zen erromeria, eta gaur egun atsedenleku eta aintzira txiki bat daude.
Aintziraren ondotik beherantz jo dugu marka zuri eta horiei jarraituz. Udaixa, Miravalles eta Olatza baserrien ondotik pasatu, eta Elgetara iritsi gara, abiapuntura. Baina ez da hemen bukatu gure ibilbidea, herrian bertan dagoen Espaloia Kafe Antzokira jo dugu 1936ko gerran Elgetako frontean izandako gertaeren inguruan prestatuta daukaten erakusketa bisitatzeko asmoz. Bertan denetarik ikus daiteke: uniformeak, erabilitako armak, kartelak... eta horiekin batera eskalan egindako maketa bat non ikus daitezkeen Intxortako batailako eraso eta defentsa guneak oso modu adierazgarrian. Ibilbide honek memoria historikoa gogoratu eta gertatutakoa hobeto ulertzen lagundu digu, interesgarria oso.