Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Intzartzuko Haitzak

Wikibookstik
Intzartzuko Haitzak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Ataun Elbarren, Aizkoate, Intzartzu, Arastortz
Distantzia 9,7 km. 4 ordu et 30 mn.
Ingurunea Talaia zirraragarria dira Intzartzuko Haitzetako pareta bertikalak, Aitzarte edo Ataungo domo aldera amiltzen baitira.
Abiapuntua Ataun Elbarren
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Talaia zirraragarria dira Intzartzuko Haitzetako pareta bertikalak, Aitzarte edo Ataungo domo aldera amiltzen baitira. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Aitzarte edo Ataungo domoa, Aizkoate, Intzartzu edo Aizkorrandi, Arastortz, Jentilbaratza, Agautz, Asundi, Leizadi, Ikaranbieta eta Loibideko mailoetako gailurrek osatzen duten eraztun itxurako mendialdea da. Tokikoek bertakoek, Aitzarteko Zeharra esaten diote Aitzarteko lur malkartsu horri. Ibilaldi honetan, hiru tontorrek osatzen duten gailurreria ziragarria bezain zorabiagarria zeharkatuko dugu, Arastortzeko gainera igo eta gero, Intzartzuko Haitzetara doan gandor estu eta hautsitik aurrera eginez gailurretik pasatu eta segidan, Aizkoatekora jaitsiko gara.

Ataungo Elbarren auzoko elizatik abiatu bezain pronto, errepidean metro batzuk egin, eta berehala ikusiko dugu iturri bat, eta haren ondotik pasatuko gara. Bidegurutzean, eskuineko bidea hartu eta laster ezkerretik ateratzen den bidetik aurrera egingo dugu. Bide seinale zuri, hori eta gorriek (PR-Gi 2002) erakusten duten noranzkoan, Aran Errekarte errekaren paraleloan segituko dugu poliki igotzen. Pistara iristean, ezkerretik gorantz egingo dugu, balizei segika, eta, aurrerago, pista utzi eta eskuinetik ateratzen den baso pista hartuko dugu. Pistan berriro eskuinera egingo dugun, eta, laster, 180º-ko errebuelta eman eta gero, zuzen segituko dugu. Aldapa gogortzen hasten denerako, lehen pagoak eta haitzak ikusiko ditugu.

Pagadian murgildurik, ezkerraldetik zabaltzen den xenda hartzeko aukera emango digute zedarri batek (cairn) eta gorriz margotutako marra batek. Basoan marrazten den xenda nabarmenetik erraz egingo dugu aurrera, eta, laster, pagoak atzean utzi, eta tontorreraino hedatzen den belarditik igotzen hasiko gara. Aratortzeko gainera heltzean, piramide itxura duen buzoiaren ondotik, Aitzarte edo Ataungo domoaren ikuspegi osoa edukiko dugu. Gailurrari bizkarra eman, eta martxan jarriko gara, aurrez aurre dugun mendi gandor ziragarria zeharkatzeko.

Ikuspegi zoragarria

[aldatu]

Atakabiko koba beheraxeago utzita, pagadian murgilduko gara. Ikuspegia zoragarria bezain zorabiagarria da, eta zaila egiten da aurrera egitea, haitzen artean zaila suertatzen baita bide erosorik aurkitzea. Tarteka, gandorretik metro batzuk beheraxeago ikusgaitz den xendatik segituko dugu, baina gandorretik osorik egitea erabakiz gero, tentu handiz ibili beharra dago Aitzarte aldera amiltzen diren paretatzar horiek oso bertikalak eta altuak dira eta. Beraz, eskarmentua behar da. Nekeza suertatuko zaigu bidea, batik bat udan belarra altua dagoenean, baina, hala ere, merezi du Aizkorrandi edo Intzartzuko tontorrera igotzea. Paretarik handienak dituen mendi hau Aralarko mendirik malkartsu eta pikoena dela diote. Ikuspegi paregabeaz gozatu eta gero, azken tontorraren bila abiatuko gara, Aizkoatera, hain zuzen ere. Tontor horretara iristea errazagoa gertatuko zaigu, eta, handik, Ataungo ikuspegi zabala edukiko dugu.

Abiapuntura itzultzeko, tontorretik bertatik pagadian murgildu, eta bide jakinik gabe altuera galduz jaitsiko gara. Malda bizia da, eta oso poliki egingo dugu aurrera. Artadi bat igaro, eta Aizkoatera doan bide batekin egingo dugu topo, eta, hortik, Aitzondo baserrira berehala ailegatuko gara. Errepidetik behera egingo dugu, eta, eskuinean dagoen baserri-ukuilura jaistean, horren azpian erdi ezkutaturik dagoen bide zaharretik, Ataunera.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua