Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Iparla Infernuko Zubitik
Iparla Infernuko Zubitik | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Bidarrai, Infernuko Zubia, Latxoko lepoa, Atalatze, Larrateko hegia, Iparla |
Distantzia | 14 km. 3 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Iparla zatitua dago Baztan alderako mendi mazela lauaren eta Baigorri gaineko ebakidura malkartsuaren artean. Infernuko Zubitik berehala iritsiko gara haraino. |
Abiapuntua | Infernuko Zubia (Bidarrai) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Iparla zatitua dago Baztan alderako mendi mazela lauaren eta Baigorri gaineko ebakidura malkartsuaren artean. Infernuko Zubitik berehala iritsiko gara haraino. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Infernuko Zubia (Bidarrai) baino lehen, bada ordeka bat, eta handixe ekingo diogu, eta Baztan ibaiaren ertzetik igoko gara, zeinaren emaria amildegi oihantsu bateko ubidetik barrena baitoa. Abiaburu hori ez dago oso urrun Bidarrai herritik. Handik ere has gaitezke ibilian, GR10 ibilbideari bete-betean jarraikiz, baina aspergarriagoa da; beraz, aipatua dugun aparkaleku horrexetatik abiatuko gara, laburtze aldera. Errepide beretik zeharkatuko dugu Infernuko Zubia, eta gorantz egingo dugu metro batzuetan; aurrerago, mendi bide bat aurkituko dugu ezkerraldera, eta handik joko dugu; bide hori balizatua dago, GR 10 ibilbidearen zati batean gertatzen den bezala, eta Bidarrai alderantz joko dugu.
Baliza zuri-gorriz seinalaturiko mendi bide batetik ekingo diogu, eta goraka hasiko gara berehala. Lehen-lehenik, zerrenda oihantsu bat zeharkatuko dugu; Baztango amildegiaren beheko aldea estaltzen du, eta, hurrengo, aire zabaleko toki lauago batera irtengo gara, eta zelaian ibiliko. Hala, bat-batean, bihurgune makur bat egokituko zaigu bidean, eta zati horretantxe aldenduko gara GR 10 mendi bide transpiriniotarretik: Eskuinaldeko bide batetik joko dugu; idazkun batean dago seinalatua —Harriondo muinorantz markatzen du beste batek—, eta zerrenda horiz balizatua du ibilbide osoa.
Pendiz handiko mendi mazela bat igaroko dugu, eta beste basabide bat aurkituko; eskuineko adarretik joko dugu, eta hegalez hegal ibiliko gara Harriondoko mendi bizkar berde soilduan. Harriondo atzean utzi ahala, Baztango amildegiaren ikuspegi zabala izango dugu, eta, haren gainetik, nabarmen agertuko zaigu Artzamendi. Bide horretatik, Iparlaren (1.049 metro) iparraldeko tolesturak iragango ditugu, eta, hurrengo, erreka bat zeharkatuko dugu, zeina malda ia bertikal batean behera jariatzen baita, eta ukuilu baten alderantz joko; handik, sekulakoa da Baztan ibarraren ikusmira.
Han, bira egin, eta iratze landa bat aurkituko dugu; hura zeharkatzen duen bidean barrena, Latxo mendi leporaino iritsiko gara, eta baliza horiz seinalaturiko bidezidorra utziko dugu, eta zuzen-zuzen gorantz egingo, goialdeko belazeetatik zehar. Pixkanaka-pixkanaka, ezkerraldera egingo du, eta, azkenean, GR 10 ibilbidearekin bat egingo. Hala, Iparlaren ekialdeko fatxada itzeleko erlaitz izugarrira iritsiko gara: gutxi gorabehera, Atalatzeko ebakiduraren parera, eta gainez gain ibiliko gara Baigorriko ingurumari bilduan.
GR 10 ibilbideari segitu besterik ez dugu, eta gailurreko mendi bidean barrena joango gara, eta gailurrerian sartuko zuzen-zuzen. Larrateko Hegia tontor txikian, lehenik, eta, gero, Iparlako lepotik jaitsiko gara, eta beste zelai batera igoko; hantxe dago Iparlako erpin geodesikoa. Hurrengo, mendi lepora egingo dugu atzera, baina oraingoan ezkerreko bidezidorretik, eta, hala, Larrateko hegi konkortsua saihestuko dugu; lasterbide horretatik, aurki bat egingo dugu igoerako ibilbidearekin.