Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Iraganeko ibiltarien urratsetan

Wikibookstik
Iraganeko ibiltarien urratsetan
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Zuberoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Etxebarre, Zunharre, Muntarei
Distantzia 6 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Neguko egunaldi laburrei egokitutako ibilbide labur eta erraza Zuberoako Etxebarre herri txikiaren lurretan.
Abiapuntua Etxebarre (Zuberoa)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Neguko egunaldi laburrei egokitutako ibilbide labur eta erraz bat egiteko aukera ematen digu Zuberoako Etxebarre herri txikiaren izena daraman mendiaren buelta egiteak. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Oinez ibiltzen hasteko gunea Atharratze-Sorholüze Basabürü herri nagusitik 6 kilometro hegoalderantz dagoen Etxebarre herri txikiko karrika izango da —elizaren inguruko etxe multzoa—. Etxebarre da, gaur egun, Ipar Euskal Herriko herririk txikiena, biztanle kopuruari dagokionez; hirurogei bat pertsona bizi dira. Lexantzü herria pasatu eta gero, Etxebarreko karrikara joateko, Ligi-Atherei herrietara eta Bosmendieta alderat, zein ere Ezpeldoia etxe zahar entzutetsurako bidea ezkerraldera utzi behar da, eta 300 bat metrora eihera (errota) zahar baten aurreko bide sardan, eskuin eta gorantz hartu. Beste hirurehun metroren buruan Etxebarreko karrika iristen da; hango leku eskasean ibilgailua aparkatzeko modua aurkitu beharko da.

Ibiltzen hasiko gara herria besarkatzen duen mendi luzeari buruz joanda; iparralderat, beraz. Alde horretara, herriko azken etxea denak —eskuinaldetik, gurutze batez hornituta dagoen pareta azpian du— osperik ekarri dio Etxebarreri. Urte askotan, etxe xume horretara oporrak igarotzera etorri dira Frantziako lehen ministro François Fillon eta haren guraso eta senideak. Hori horrela gertatu da, frantses gobernuburuaren ama zuberotar jatorrikoa delako; Ligin eta Barkoxen ditu sustraiak.

Fillon sendiaren etxe ohia —geroztik saldua izan da — pasatu eta berehala, bide harriztatu batean ibiliko gara. Etxebarre herriaren argazki polit bat ateratzeko aukera izango dugu, Lexantzümendi eta Erretzü mendixka atzean dituela. Hasiera horretatik bertatik ere, ekialdera eta hegoaldera beste gailur andana miresteko aukerarik badugu : Liginaga-Astüe eta Hauze herrien arteko Ahargo zabala, Biarnoko Südu zorrotza, Ligi-Atherei eta Hauze zaintzen dituen Intxuristeko piramida.

Bide harriztatuan aurrera, laster ikusiko ditugu Etxebarreko ondare diren bi hiri edo gazteluak: Muntarei, lehenik, ekialdean oso hurbil, eta, bigarrenik, Altabeko gaineko borda, hegoaldean, Bedatxieta baserriaren goialdean.

Bi gotorgune horiek begirunez gogoan izanda, aurrera joango gara, lurbide bilakatu egin den ibilbidean. Etxebesteko bordan, lurbide hori bidezidor bilakatuko da, eta leheneko denboretako jendeen ibilbide batean egongo gara. Haiek bezala, Aizegerreko gaineko borda eraikin xumearen albo-albotik pasatuko gara, atzean, sakanaren bestaldetik, zaindari duelarik Erbexe mendi piramide itxurakoa. Laster batean helduko gara Etxebarreko lurretan kokatua den baina Arhane herrixkarekin mugan den Ibarrenborda baserri ohira (400 m). Pare-parean ikusiko dugun herria Lakarri da, eta ipar-mendebaldera hurbil-hurbilean ezagutuko dugu, aldiz, Arbailla mendialdea.

Ibarrenborda etxea pasatu eta berehala, hasieratik jarraitzen genuen Etxebarreko üngürua izeneko eta horiz seinalatutako ibilbidea utziko dugu; hori, bide txiki batera iritsita, ezkerraldera eta gorantz doa. Guk, aldiz, bidexka horretan eskuin eta apurtxo bat beherantz hartuko dugu. Mendebaldera, Arbaillaren altzoan, ibar eskuineko herriak lerro-lerro ikusteko aukera emango digun bidexka horretan kilometrotxo bat egin ondoan utziko diogu, eskuin alderat xenda bat hartuta. Arretaz ibili behar da, xenda hori seinalatzen duen tinda gorria telefono habe batean jarrita ikusteko. Xenda sarrera horri huts eginez gero, haatik, ez da makur handia, bidexkan jarraituz eta sarda batekin topo eginda, eskuin eta gorantz hartzea nahikoa baita.

Iraganaz asko dakien herria

[aldatu]

Astoekiko ibilbide batentzat baliatzen zen xenda hau ez da beti garbia, laparrak jaun eta jabe jartzeko asmotan baitaude, baina aurrera jarraitzeko modukoa da beti. Mantxotina izen bitxiko baserriaren goialdetik pasatu eta gero, xenda seinaledun horrek topo egiten du Arhane eta Zunharre herrixken arteko bidexkarekin. Horretan eskuin alderat —iparralderantz— hartu, eta 500 metrora topatuko dugun bide sardan aurrera joko dugu, Arrola norabideari bizkarra emanda. Bi kilometro inguru egingo dugu bide txiki eta polit horretan, Zunharreko naba izena emana dioten parajean. Hain zuzen ere, bide gozagari horrek Zunharre herrixka guztiz politera lagunduko gaitu (350 m). Zinez balio du Lexantzürekin uztartua den herrixka horren bisitatzea, iraganeko kontuez asko baitaki. Horren lekuko argiena da elizatxo erromaniko zahar bat. Barrualdeari begiratu nahi badiogu, irekitzeko eskatu behar zaie alboan aurkitzen den Olalaintia baserrikoei. Gogotik irekiko dizuete eta. Eliza erromaniko horretatik pasatzen zen Donejakuerako erromesaldien bide zahar bat, Urdiñarbe, Ozaze, Aloze-Ziboze, Zunharre, Etxebarre, Ligi-Atherei eta Larraine lotzen zituena.

Erromesen urratsei apur bat jarraituko diegu, ibilbidearen amaiera partean. Lexantzü alderako irteeran, Obiaga baserriaren albo-alboan, bihurgune baten parean, orgabide zahar bat hartuko dugu. Horren sarrera markatzen duen hesia pasatu eta gero, Etxebarreko bidea edo Eiherabidea izeneko orgabidean egongo gara. Hori ere oso polita da, pare-parean daukagun Etxebarremendiren beste aldera pasarazten gaituelarik. Arrola eta Aranea baserrien inguruetatik pasatuko gara, Etxebarremendi eta Lexantzümendi gailurren arteko sakanara eraistearren. Orgabideak lagunduko gaitu baserrietara deraman bidexkara, eta, horrekin topo eginda, ezker eta beherantz jo, eta borda batera berehala iritsirik zuzen jarraituko dugu.

Lexantzütik Etxebarrerako bidearen topagunean agurtuko ditugu Zunharreko eiherako (errotako) hondamenak. Bide horretan zuzen jarraitu, eta, 200 metrora, eskuin hartuko dugu, Elgebarnalteko zurezko zubi zahar eta polita igarota (280 m). Hortxe dauden bi bordatara joateko, ordea, zuzen eta zut joko dugu, Etxebarremendiko lehen maldetan, bide sardatxo batean berehalaxe ezkerraldera jota. Etxebarrerako bide zaharrean gaude. Barnetxeborda igaro, eta kilometro baten buruan karrikara iritsiko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua